Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Aberria, gilda bat eta amaren kroketak

2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Faltan sumatzen ditut lagunak, etxe azpiko tabernako gilda pintxoa eta bisitan noanean amak tuperrean jartzen dizkidan kroketak. Herriminarekin nago, eta bateria baxuarekin, daitort.

Horregatik gogoratu naiz, akaso, 36ko gerra piztu eta gutxira herrialdez herrialde ibili zen Euzkadi futbol taldearekin. Erbesteratutako euskal umeentzat dirua biltzea zen orduko Jaurlaritzak sortutako taldearen helburu nagusia, baina baita euskal gobernuaren jarrera atzerrian zabaldu eta laguntza lortzea ere. Gerra-garaian Frantzian, Ukrainan, Errusian... jokatu ostean, Frankisten garaipenak Ameriketan harrapatu zuen selekzioa. Euskal herritarrak bertako hainbat klubetan jokatzen saiatu ziren, nahiz eta FIFAk, erakunde jator horrek, erreboltaritzat hartu eta bizitza osoa jokatu gabe zigortzearekin mehatxu egin.

Errugbiko Munduko Kopa baliatu zuen Nelson Mandelak apartheid-a atzean utzi eta Hegoafrika batzeko. Alemania nazia aupatzeko erabili zituen Adolf Hitlerrek 1936an Berlinen egin ziren Olinpiar Jokoak. Ez da kasualitatea Brasilgo Munduko Kopa martxan izatea, Espainiako errege Juan Carlos I.ak bere semeari lekukoa utziko dion egunotan. Esan zuen Vicente Calderonek, Francoren diktadura garaian: «Nahiago nuke futbolak herria lelotuko balu, eta futbolean pentsatuko balute partida baino hiru egun lehenago eta hiru egun geroago. Hala ez lukete kontu arriskutsuagoetan pentsatuko».

Kirola erabilia izan da eta erabilia izango da; onerako ala txarrerako, hori beste kontu bat da. Herriaren opioa, erlijio modernoa omen futbola. Harritu egiten nau, batez ere ezkerraren ahotan, ohiko sinplekeria horrek, herria gutxiesten dutela erakusten baitu, eta herria, batzuetan kontrakoa dirudien arren, ez da batere inozoa.

Gaur Brasilek jokatuko du berriz, baina ez dut uste Samba Villatik irtengo naizenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.