Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Belinha

2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez nuen hispanoen porrota ospatu, ez naiz hain gaiztoa, txiletarren garaipena baizik, txi-txi-txi le-le-le Txi-le Txi-le Txi-le!, eta egia esatera, antologikoa izan zen horren kontura bota nuen parranda.

Lapako kaleetan igaro nuen ia gau osoa, gora eta behera, batekin eta bestearekin solasean. Bakarrik zaudenean errazago gerturatzen zaizkizu ingurukoak, egiaztatu nuen. Paulinho, Aldo eta Joaô ezagutu nituen, Anabela, Constança eta Silvinho, Valdo, Lucrecia eta Renato. Baina batez ere Belinha.

- Zer izen klase da hori? -galdetu nion.

- Isabelen diminutiboa.

- Ederra da, ederra zara —esan nion nire gaztelania-portuges ziztrinean, es belo, eres bela—.

- Belinha -erantzun zidan berak irribarrez, ezer ulertu gabe antza—.

- Una caipirinha, Belinha? -eskaini nion, beti bezala pailazoarena eginez—.

Baina nire begiradak esplizituegiak omen, nonbait, eta ohartzerako musuka geunden, hantxe, taberna haren erdian. Belinha. Kafe txigortu koloreko azala, Valor txokolate beltzeko begiak. Etorri bezala alde egin zuen, ez aurretik ate ondoan zegoen beste gizon mehar baina gihartsuari musu amaiezin bat eman gabe. Tropikoaren gauzak, derrigor.

Paulinhorekin eta Aldorekin bukatu nuen gaua, Ipanemako hondartza desertuan, Brahma garagardo botila banarekin eskuan. Zein ederra den hizketan jardun, eta konturatzea, ohartu gabe, eguna argitu duela, egunsentia etorri dela, zure hitzek ekarria bezala.

Samba Villara bueltan, pintada hau ikusi nuen metroko leiho batean: Mais amor por favor!.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.