DENBORAREN AURKAKO GUDA

Memoria kolektiboan luze iraun arren, mugatua da filmen bizitza. Horregatik, ahalik eta era egokienean gordetzen eta zaharberritzen dituzte zinemateketan, bizialdia luzatu nahian. Denboraren aurkako guda horrek badu helburu bat: ondarearen parte eta iturri historikoa den materiala bizirik mantentzea.

Zinema nahiz bideoa izan, Euskadiko Filmategiak apaletan biltzen ditu urteetan pilatutako filmak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Badira norberaren memorian betiko iltzatuak gera daitezkeen filmak. Fisikoki, ordea, desager daitezke, sarri pentsa baino lehenago. Zinemaren hilezkortasunak asko du mitotik eta irudizko zentzutik. Errealitatean, zeluloidea zaharkitu, hondatu eta desitxuratu doa denborarekin, eta, halako batean, ezinezkoa da berriro erreproduzitzea. Eta formatu digitalak, oraindik ere, ez dira galeraren arriskuaz salbu.

Zorionez, badira denboraren aurkako borrokan diharduten instituzio eta profesionalak. Medikuak pertsonekin nola, filmen osasuna zaintzen dute, bizialdia ahalik eta gehien luzatzeko asmoz. Iaz, Lehen Mundu Gerraren mendeurrenaren harira, zeregin horietan dabiltzan Europako 40 zinematekak indarrak batu zituzten EFG 1914 egitasmoan, gerrate handiaren garaiko filmak berreskuratu, digitalizatu eta publikoaren eskuetan jartzeko. Fruitu gisara, 700 pelikulatik gora jarri zituzten sarean, digitalizatuta. Kopuru handia izanagatik, orduan ekoitzitakoaren parte txiki bat baino ez da. Izan ere, kalkuluen arabera, orduan filmatutako materialaren %80 galdua da. Denborak ez du barkatzen.

Apaletan pilatzen dira Euskadiko Filmategiak urteetan bildutako filmak, XVII. mendeko Urdanibia jauregian, Irunen (Gipuzkoa). Materialen kopuruaz galdetuta, milakotan mintzo da Ion Lopez zuzendari-kontserbatzailea, «oso zaila» baitzaio gordetako materiala zenbatzea. Badu bere arrazoia: formatu zinematografiko zein bideo euskarriak biltzen dituzte, hasi 35 milimetroko zintetatik super 8ra arte, VHS zintak barne. Milaka filmaketa, etxe bakarrean.

Horien artean, 1930era bitarteko filmak dira prezatuenak. Batetik, nitratozko euskarrian filmatutakoak direlako —1934an hasi ziren pelikulak azetatoan ekoizten—, eta, hortaz, hauskorrak eta su hartzeko oso errazak. Bestetik, Hego Euskal Herrian bederen, 1936ko estatu kolpeak eta Francoren 40 urteko diktadurak «hutsunea» ekarri ziolako zinemaren produkzioari. Nitratoan egindako film horietatik, oro har, gutxi geratzen dira gaur egun. Eta, horregatik, tentu bereziz zaindu nahi dituzte Euskadiko Filmategiko arduradunek. Tabakaleran izango duten egoitza berrian, bunker berezietan gordeko dituzte, tenperatura eta hezetasun baldintza egokietan. Ez da nahikoa, ordea, betiko desager ez daitezen. Eta, horregatik, euskarri analogikoetan grabatutako filmak digitalizatzen egiten dute lan, eta batzuk, zaharberritzen.

Zeregin horietan aditua da Nacho Lahoz, Valentziako (Herrialde Katalanak) Ikus-entzunezkoen eta Zinematografiaren Institutuko kontserbazio burua. EFG 1914 egitasmoan hartu du parte, eta ongi ezagutzen du filmak zaharberritu eta digitalizatzeko prozesua. Dioenez, «oro har, kontserbatzeko zailak» dira nitratozko filmak; horregatik, zaharberritu behar izaten dituzte. Bereizmen handiko eskanerrekin —4K erabiltzen dute—, banan-banan digitalizatzen dituzte fotogramak, eta, gero, milaka frame lantzeko prest dauden sistemak erabilita konpontzen dute irudia. Digitalizazioak «erraztu eta hobetu» ditu zeregin horiek, eta, gainera, filmak Interneten eskaintzeko aukera ekarri du. Baina teknologiak kaltea ere badakar, Lahozen esanetan, «euskarri digitalek ez dutelako inondik inora bermatzen kontserbazioa, ez epe luzera eta ez ertainera». Hainbesteraino non, filmak zaharberritu eta digitalizatu ostean, berriro pasatzen dituzten euskarri analogikoetara, baldintza egokietan kontserba daitezen: «Frogatuta dago material zinematografikoek, inguru baldintza egokietan gordeta, ehunka urte iraun dezaketela. Digitalek, ordea, 25 edo 30 besterik ez».

Filmak, errealitatearen isla

Oro har, film amateurrak ditu Euskadiko Filmategiak. Lopezek dioenez, bi arrazoien ondorio da hori: batetik, Euskal Herrian «inoiz ez da zinema industriarik, estudiorik edo laborategirik izan»; bestetik, «40 urteko iluntasuna» izan du Hego Euskal Herriak, Francoren diktadura, alegia. Film profesionalak egiteko oztopoen ondorioz, etxeko filmak izan dira nagusi, baliabide gutxirekin eginak. Garaian garaiko bizimoduaren lekuko dira, toki bakoitzeko ohitura eta bizimoduaren erretratuak, eta, Lopezek dioenez, «benetako Euskal Herria zer den» erakusten dutenak. Hain justu, horregatik dira dokumentu eta iturri historiko baliotsuak.

Edonola, denborak ematen du historikotasuna. Horren adibide eder bat du Lopezek: «Guregana iritsitako filmaketa amateur horietako batean, ezkontza baten grabazioa agertzen da, Arantzazun. Ezkongaiak elizara sartzen direnean, kanpoan geratzen da kameralaria, barruan grabatzeko argirik ez duelako. Kanpoan zain dagoen bitartean, inguruak grabatzen ditu, eta, halako batean, Jorge Oteizaren apostoluak jartzeko lanak ageri dira». Gertatzen den gauzarik arruntenak ere, beraz, balioa izan dezake gerora, eta ikerlarien arreta erakarri.

Horregatik du garrantzia filmen kontserbazioak. Eta horregatik zaintzen dituzte zinemateketan, herri baten memorian izan dezakeen balioagatik. Argi mintzo da Lopez: «Denoi iruditzen zaigu liburuak edo XVI. mendeko eskuizkribu bat gordetzea oso garrantzitsua dela, baina ikus-entzunezkoen kasuan badirudi dena libre eta doan eta iragankorra dela, eta ez. Ikus-entzunezkoa ere bada ondarea eta memoria, baina ez zaio nahiko ikusgarritasunik eta garrantzirik ematen. Gure herriaren memoriaren parte da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.