Telesailak

Gus eta Mickeyren azken agurra

'Love' telesailaren hirugarren eta azken denboraldia kaleratu berri du Netflixek

Paul Rust eta Gillian Jacobs dira aktore protagonistak. BERRIA.
ander perez zala
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Love-n sortzailea AEBetan hain ezaguna den Judd Apatow da, komedia erromantikoak sortzeagatik ezagun bihurtu den gidoilari eta zuzendaria. Bere azken telesailean —Paul Rust aktorearekin batera sortua—, egungo harremanak aztertzen ditu Mickey eta Gus pertsonaien bitartez, elkar ezagutu berri duten bi pertsonak hasiko duten harremanaren bitartez. Gus izaera lasaia duen eta gainontzekoekin harreman ona izaten duen gizon bat da; Mickeyk, berriz, aurreikusi ezin daitekeen izaera bat du, eta lotsarik gabeko emakume bat da. Hala, komunean ezer ez duten bi pertsona elkartuko dira, batak bestea erakarriz. Atzo kaleratu zituen Netflixek telesailaren hirugarren eta azken denboraldiko hamabi atalak.

Telesaila errealista da, harreman berri baten aurpegi guztiak erakusten baititu: amodioa, borrokak, lotsak, urduritasunak... Mickey eta Gus ez dira soilik bikote bat, norbanakoak ere badira, hori erakusten du Love-k; bakoitzak bere bizia du, bere arazoak ditu, eta horrek erakusten du lehenik pertsona direla, eta gero bikote baten parte. Hain justu, bi pertsonaiak, bikote gisa, sekulakoak eta beldurgarriak dira aldi berean, harreman nahiko suntsitzailea dutelako; ez da amodiozko istorio konbentzional bat Apatowk eta Rustek sortu dutena.

Narratiba aldetik ere badu berezitasun bat. Love film oso luze bat balitz bezala ikusten du sortzaileak, telesail bat izan beharrean. 30 minutuko hamabi atal diren arren, istorioaren garapenak sei orduko film bat dirudi; alegia, sortzaileak ez duela ezer berezirik egiten ikuslearen ikusmina mantentzeko, bi protagonisten arteko harremanak ez baitu halakorik behar. Zuzenean jorratzen du jorratu nahi duen gaia edo auzia, itzulirik egin gabe, edo hurrengo atalerako utzi gabe. Bigarren denboraldian, esaterako, telesailak aztertzen du zenbat iraungo duen Gus eta Mickeyren arteko harremanak, kontuan harturik bi protagonistek ez dutela ezer komunean.

Bi aktore protagonisten antzezpen lan ikaragarriaz gain, inguruan dituzten gainontzeko aktoreek ere eusten diote mailari, antzezten dituzten pertsonaia gehienak baitira Mickey eta Gusen babes eta lagun garrantzitsuenak telesailak aurrera egin ahala. Beste batzuek bizia zailduko diete, baina pertsonaia interesgarri eta xelebreak izaten jarraitzen dute.

Love telesail ausarta da, inteligentea, nahiz eta une batzuetan ez duen lortzen transmititzea beste telesailetatik bereizten duen esentzia hori. Hala ere, bi pertsonaien patua ezagutzeko nahia era ezin hobean helarazten dio ikusleari, enpatia sentimendu handi bat sortzen baitu; horren atzean dago osaturiko gidoien kalitatea. Zineman ohikoa izan den komedia erromantikoen bidetik alde egin nahi izan du telesailak, bikoteen eta harremanen ikuspuntu errealistago bat helarazteko. Bi pertsonaiak saiatzen dira egiazko bikote bat izaten, eta bidean edonork aurki ditzakeen eta aurkitu dituen zailtasunak aurkituko dituzte. Horretan da errealista Love; hirugarren sasoiak, estreinatu berriak erakutsiko du bi pertsonaien behin betiko etorkizuna.

'LOVE'

Sortzaileak: Judd Apatow eta Paul Rust.

Aktoreak: Gillian Jacobs, Paul Rust, Dave Allen, Steve Bannos, Chris Witaske, Chantal Claret, Briga Heelan,

Herrialdea: AEBak.

Urteak: 2016-2018.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu. 34 atal, hiru denboralditan banatuak.Generoa: Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.