Tolosaldea garaipenen bidera itzuli da ETE ligan

Zazpigarren bandera irabazi du Getxon, eta Hibaikak estutu egin du bigarren lekurako lehia. Pedreñak ere zazpigarren trapua astindu du

Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik burua ETE ligan, nahiz eta aurreko asteburuan garaipenik gabe geratu zen ligako liderra, Tolosaldea. Ez du gehiago luzatu lehortea, eta atzo, Getxon, aurtengo lehiaketako zazpigarren bandera irabazi zuen. Aise irabazi ere. 14,18 segundoko koska atera zion Hibaikari, eta 14,68koa Ondarroari. Sei kaletara jokatu zuten estropada, nahiz eta lehen txandan lau talde joan, eta bigarrenean bost. Hortxe joan zen geroko garailea, San Juan, Ondarroa, Zumaia eta Hibaikarekin. Laugarren kalea egokitu zitzaion, eta lehen luzean erabakita utzi zuen emaitza. Izan ere, ziaboga bakarrean, zazpi segundo atzetik utzi zuen Hibaika, bederatzi segundora Ondarroa, eta 11ra Zumaia eta San Juan. Pasaiako ontziak istriborretik eman zuen ziaboga, eta sekulako denbora pila galdu zuen. Azkena egin zuen txandan, eta azkena sailkapenean.

Bigarren luzean, Tolosaldeko arraunlariek handitu egin zituzten aldeak, aurrenekoan ateratako koskarekin ase ordez. Talde garailearen zantzua izaten da hori. Hibaikaren eta Ondarroaren atzetik Zumaiak egin zuen, eta emaitza horien eragina sailkapenean islatu da: Hibaika bi puntura gerturatu zaio Zumaiari, bigarren posturako lehian. Hiru estropada bakarrik geratzen zaizkie aurrenekoa, gaur, 18:00etan, atzoko eremu berean, eta sari handia dago jokoan, liderraz gain bigarren sailkatua ere Euskotren ligako kanporaketara joango delako.

Emakumezkoen estropadaren ondoren, gizonezkoena jokatu zuten Getxon bertan, eta KAE 1 ligan, Pedreñak nagusi izaten segitzen du. Bederatzigarren jardunaldia zuten atzokoa, eta zazpigarren bandera irabazi zuen Joseba Fernandezen taldeak. Sei kaletara jokatu zuten, eta bigarrengo seikotean joan zen Espainiako taldea, aurreneko kaletik. Ziaboga guztietan egin zuen denborarik onena, eta hirugarrengoan, Getaria hiru segundora gerturatu bazitzaion ere, azkenekoan 9,06ra igo zuen tartea. Getariarren atzetik, Deustu sartu zen 9,47 segundora, eta San Pedrok egin zuen laugarren, 12,66ra.

Jaitsierako lehian, atzo ere Oriok eman zuen kolpea, lehen txanda irabazita, eta bosgarren egin zuenez, handitu egin du azken biekiko aldea: Donostiarra eta Getxo. Bi azkenak jaitsiko dira KAE 2 ligara. Gaur dute azken hirugarren estropadan, Getxon bertan, 19:00etan.

Lapurdiren hirugarrena

Bigarren maila horretakoak ere Getxon aritu ziren atzo, eta Lapurdik hirugarren bandera irabazi zuen. Portugalete izan zen bigarren, 4,23 segundora, eta Castro ligako liderrak bukatu zuen hirugarren, 5,47 segundora. Emaitza horrekin, bi puntura jarri zaio Lapurdi, eta, Hondarribia laugarren izan zenez, ia eskura dute bi talde horiek mailaz igotzea. Gaur ere Getxon ariko dira, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.