Bengoetxeak eta Altunak antzeko pilotak aukeratu dituzte etziko

Lau eta erdiko finalerdietako partida jokatuko dute, Bizkaia pilotalekuan. Neurketa «bizia, zaila eta gogorra» espero dute bi pilotariek

Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea, atzo, aukeraketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oinatz Bengoetxeak eta Jokin Altunak egin dute etziko lau eta erdiko finalerdiko partidarako falta zitzaien azken egitekoa: pilotak aukeratzea. Atzo aukeratu zituzten, Bizkaia pilotalekuan, eta bai Baikoko pilotaria eta bai Aspekoa gustura geratu ziren topatutakoarekin. «Lau pilotak antzekoak dira, lurrean bizkor mugitzen direnak», adierazi zuen Altunak. Antzera mintzatu zen Bengoetxea:«Nireak, beharbada, zertxobait azkarragoak dira. Baina ez dago inolako aitzakiarik. Azken batean, biok antzera jokatzen dugu, eta antzeko pilotak gustatzen zaizkigu».

Bengoetxeak ez zuen final-laurdenetako partida jokatu behar izan asteburuan, Mikel Urrutikoetxea min hartuta baitzegoen eta uko egin baitzion lehiaketan parte hartzeari. Leitzarrak argi du «arriskatu» egin beharko duela Altuna mendean hartzeko. «Azken urteetako pilotari onena da Jokin, eta txapelketetan beti ematen du berea».

Bera nola dagoen ere azaldu zuen: «Lasai eta gogoz etorriko naiz. Ilusio handiz nago, eta final bat balitz bezala planteatuko dut. Izan ere, adinean aurrera noa, eta ez dakit halako zenbat partida gehiago jokatzeko aukera izango dudan».

Buruz buruko finalean hartutako kolpearen ondoren, Altunak lasaitua hartu zuen aurreko asteburuan Danel Elezkanori irabazita. Nahiz eta 9-1 hasi galtzen. «Larunbat honetan ezin zait hori gertatu, Oinatzek oso opari gutxi egiten ditu eta. Funtsezkoa izango da ondo hastea, gero asko kostatzen baita buelta ematea. Gogo eta ilusio handiz nago». Erritmo biziko lehia espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.