Frantziako Tourra

Jo gabe geratu da jota

Mikel Landak zail du podiuma, kale egin baitu Alpeetako etapa nagusian. Taldekideen lana biribildu gabe utzi du. Miguel Angel Lopezek irabazi du

Miguel Angel Lopez, atzo, Loze mendatearen amaieran etapa bukatu berritan, garaipena ospatzen. BENOIT TESSIER / POOL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Gogoaren gozoa bere horretan utzi zuen atzo Mikel Landak. Hortzak zorroztu zizkien zaleei, handiren bat egingo zuelakoan Alpeetako etapa nagusian, Madeleine eta Loze mendatetzarretan gora. Ez zen hitzez egindako iragarpen soila izan. Madeleinen gora, Bahraineko taldekideek tropelburua hartu zuten, Jumboren eguneroko kontrola paretik kenduz. Lasterketa bizitu zuten, eta bazetorren zerbait. Baina etorri, Landaren ezina etorri zen Lozen gora, eta, 3, 7 kilometro falta zirela etapa amaitzeko, gozoa dastatzeko gogoarekin utzi zituen zaleak.

Garai bateko txirrindularitza erasokorra eta bizia irrikaz desiratzen duten guztiek ere galdu zuten atzo. Baietz ematen zuen, etaparen bilakaera ikusita, hain urrun ez dagoen iragan horretako moldeko txirrindularitza ikusiko zela, baina atzo ere ez. Zain jarraitu beharko. Saiatu ez izanaren astindua, behintzat, ezin zaie egin Landari eta Bahrain taldeari.

Estrategia zergatik ez zen ondo atera edo egokia izan zen aztertzea beste upeleko sagardoa da. Zenbat buru, hainbat aburu. Ikusi zena Landaren ezina izan zen. Hortik aurrera, iritziak baino ez dira, erantzunik gabeko galderak: Pello Bilbaok taldetxo nagusiari eman zion estutua Lozen gora sei kilometrotan —sei kilometro faltan utzi zuen lan eskerga gernikarrak— gehiegizkoa izan al zen Landarentzat ere? Carusoren azken erreleboa balekoa izan al zen, edo makaldu egin zuen Bilbaok jarritako txingarra? Ez al zen hobe izango, ikusitakoak ikusita, Bilbaok egitea azkeneko lan zatia? Baina hori dena jasateko gai izango al zen Landa, gero ikusi zena ikusita? Lozek azken lau kilometroetan eragin zuen sarraskia ikusita, ez al litzateke egokiago izango inor lehertu gabe azkenerako uztea indar ia guztiak? Galdera gehiago ere badira. Kontua da Bahrainen atzoko estrategiari azkeneko koska falta izanzitzaiola: Landaren erasoa edota azkeneko erritmo aldaketa. Taldeburuak jotzerako, jota geratu zena taldeburua bera izan zelako.

Galdera eta zalantza gutxi sailkapen nagusiak uzten ditu: ia erabat zaildu zaio podiuma. Atzoko etaparen aurretik, 42 segundora zeukan podiumeko hirugarren postua, eta, orain, bi minutu eta segundo batera. Hor dago Miguel Angel Lopez (Astana), atzoko etapako garailea. Primoz Roglic (Jumbo) liderra eta Tadej Pogacar (UAE) bigarren sailkatua ere lehen baino urrutiago dauzka: 3.27ra Roglic liderra, eta 2.30era Pogacar.

Landarentzat atzoko gertakizun on bakarra izan zen Rigoberto Urani (EF) 29 segundo atera zizkiola —hirugarrena zen kolonbiarra atzo arte—, eta, orain, sailkapen nagusian, hiru segundora baino ez du. Seigarren da Uran, eta zazpigarren Landa. Yates dauka aurretik 13 segundora, eta Porte, laugarrenak, 22 segundo ateratzen dizkio. Etziko erlojupekoan izan daitezkeen aldaketak, izatekotan, Landaren eta haren gertukoenen artean izango dira, baina ez du ematen podiumerako lehian izango denik.

Izagirre, ondo; Nieve, etxera

Atzoko 170 kilometroko etapak bi zati zituen: ordekakoa lehen erdian, eta Madeleine eta Loze maila bereziko mendateak bigarren erdian. Halako etapetan ohikoa den bezala, ihesaldi nagusia eratu zen, eta bostek osatu zuten: Richard Carapaz (Ineos), Lennard Kamna (Bora), Julian Alaphilippe (Deceuninck), Daniel Martin (Israel), eta Gorka Izagirre (Astana). Lan ona egin zuten, eta sei minutuko aldea izan zuten. Azkenean, Carapazek eutsi zion, eta hiru kilometro falta zirela harrapatu zuten Lopezek eta Kussek (Jumbo).

Lehentxeago egin zuen pott Landak, 3,7 kilometro falta zirela, taldekiderik gabe geratu eta bat. Gero, ez zuen asko galdu, 1.20 —zazpigarren izan zen—. Helmugara heldu ez zena Mikel Nieve izan zen. Lehen itzuli handia da bukatzen ez duena —19.a zuen Tour hau—. Bestalde, Egan Bernal, iazko garailea, ez zen atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.