Lorea Agirre Dorronsoro. 'Jakin' aldizkariko zuzendaria

2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun

1

«Ibilbide luze eta aberatsa egin du euskara batuak, zorionez, eta hizkuntza batek biziberritzeko behar dituen erronka linguistiko guztietarako prest dago. Besterik da hiztun, hiztun taldeak eta erakundeak prest ote gauden geure hizkuntza gaitasunari dagokionean. Eskerrak ematekoa da 1964eko Baionako Biltzarrean euskara batuaren afera hil ala biziko gai gisa planteatu izana. Izan ere, euskara batuaren beharra eta ezinbestekotasuna ez da kontu gramatikal-filologiko bat. Hori lan tresna da, baina euskara batuaren beharra euskararen beraren bizi-iraupenaren eta biziberritzearen behar bera da. Gauza bera dira hizkuntza batua eta hizkuntzaren berreskurapena. Biak batera doaz. Hiztun komunitatearen berregite eta biziberritzearen muinean kokatzen da hizkuntza batasuna. Hizkuntza baturik gabe nekez dago herririk zentzu kultural antropologikoenean, nekez dago naziorik, eta naziorik gabe zer dira bestelako egiturak».

2

«Bistan da hizkuntza batuaren eta euskalkien arteko tentsioak bizirik dirautela gaur egun ere. Hizkuntza batuaren alde egiteak ez du esan nahi euskalkia alboratzen dela. Eta, modu berean, euskalkia estimatzeak ez luke hizkuntza batua baztertzea ekarri behar. Uste dut euskara izan behar dugula gogoan eta norberaren 'euskaratxoaren' erabilera euskararen markoan kokatu behar dugula. Euskararen erronketako bat, beraz, euskalkia noiz eta zertarako erabili eta batua noiz eta zertarako erabili argitzean datza. Nire ustetan, arau orokorrak honako honek izan behar luke: jardun publikoan beti hizkuntza batuan (irakaskuntzan, lan munduan, erakunde politikoetan, justizian…), eta harreman pribatu ez publikoetan euskalkia, hala nahi izatera —eta baldin eta euskalkidun bazara—. Arrazoi nagusia sinplea da: eraginkortasuna. Euskaldun orori ari bagara ezin dugu gure euskalkian egin, baldin eta uler gaitzaten nahi badugu behintzat. Umorea, txantxa, berriketa… batuaz ere egin liteke. Eta argi dago batuaz hori egiten duenik ere badela. Batuak graziarik ez omen du, ez omen da naturala horretarako, entzun ohi da oraindik ere, eta, agian, hiztunaren euskarak ez du grazia emateko adina mailarik. Beharbada hiztunaren mugak dira hizkuntzarenak baino, hainbat politikoren eta eremu askotako agintari eta aditu publikoren hizkuntza gaitasunarekin, eguna joan eta eguna etorri, argi ikusten den bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.