Elizegi: «Partida gogoangarria jokatu behar dugu»

Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak hitza hartu zuen atzo larunbateko finalaz aritzeko, eta garbi adierazi zuen taldeak nolako partida egitea nahi duen: «Gogoan gordetzeko moduko finala egin behar dugu intentsitatean, motibazioan eta futbolean». Bartzelonaren aurkako finala Cartuja estadioan (Sevilla) hasi eta bukatuko dela nabarmendu zuen, partida bakarrekoa dela, eta horrek aukerak ematen dizkio Athletici, presidentearen ustez: «Talde gogorra gara, eta, partida baterako, oso aurkari ona. Bartzelonak badaki horren berri, erakutsi geniolako».

Adierazpenok eta beste batzuk ekitaldi berezi batean egin zituen: klubeko bazkide izaten 50 eta 75 urte daramatzaten bazkideak omentzeko ekinaldian. Realaren aurka galdutako finala ere behin baino gehiagotan aipatu zuen, ikasgai moduan erabili behar dutela nabarmenduz: «Zauria hor daukagu, eta galtzeak eragindako mina jasatea tokatzen zaigu. Final horretan ez zen jokorik egon, ez baloirik, ezta epailerik ere. Bihotza bakarrik egon zen, eta, oraingo honetan, taldeak lasaitasuna eta kontrola beharko ditu». Jokalariak goraipatu zituen: «Utz diezaiegun dakitena egiten. Gozatu egin behar dute horretan. Taldea eta entrenatzaileak fidagarriak dira».

Sentimenduak kudeatu behar horrekin lotuta, Elizegik iragarri zuen oraingoan Sevillan izango direla jokalarien senitartekoak. Realaren aurkako finalean, zuzendaritzak beste gonbidapen batzuk lehenetsi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.