Laino artean argia bilatuko du gaur Alavesek Atletico Madrilen zelaian

Granadaren kontra hartutako kolpetik altxatzen saiatuko dira arabarrak. «Heldutasuna» eta «batasuna» eskatu ditu Mendilibarrek

Manu Vallejo baloiaren bila, Granadaren aurkako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Zerua erabat belztu zaio Alavesi. Argi-printza bakan batzuk izan dira Jose Luis Mendilibarrek taldearen ardura hartu zuenetik, eta kolpean lausotu ziren duela bi aste, Granadaren kontra galdu ondoren. Neurketa erabakigarria zen, finaltzat jo daitezkeen horietakoa, eta porrotak ekaitz giroa ekarri du Gasteiz aldera. Aulkiko aldaketa ez da, oraingoz, balekoa izan, eta arabarrak geroz eta hondoratuago daude sailkapenean: salbazioa bost puntura dute, bederatzi partidaren faltan. Eguzki errainuak ez dira inondik ageri, eta esperantza ihartzen ari da. Hori bai, egoerak argitzera egin dezake Alaves gaur Atletico Madrili irabazteko kapaz bada (21:00, Movistar Laliga).

Bristada horrek itsutu egingo lituzke eszeptikoak, eta adoretu sinesleak. Ordea, arabarrek buru gainean duten laino multzoa bezain trinkoa da gaurko aurkaria. Sekula ez da gustagarria Atleticoren aurka jokatzea, eta are gutxiago orain, goraldi betean egonik.Jokalari batzuk berpizten lanak izan dituela aitortu zuen atzo Mendilibarrek, baina, oro har,uste du taldeak jaso duela burua. «Galdu osteko astea zaila izan zen, itxaron egin behar zelako berriz lehiatzeko. Aste hau hobea izan da, eta gure jokatzeko eran eta Atleticori irabazteko moduan jarri dugu arreta».

Granadaren aurka egindako akatsetatik ikasi izana espero du Alaveseko entrenatzaileak. Irabazteko aukeraren bat izan dezaten, nahitaezkoa izango da arabarrek defentsan bestelako itxura ematea. Granadak hiru gol sartu zizkien, baina, kopuruaz landa, jasotzeko modua ere mingarria izan zen. Mendilibarren aburuz, «batasuna» da irtenbidea.

Javi Lopezek ezingo du jokatu, minez baitago. Ordea, Loum garaiz itzuli da Senegalekin jokatu ostean. Hamaikakoari dagokionez, Mendilibarrek atzo aurreratu zuen aurrelari bakarra eta hiru erdilari zelairatuko dituela.

Reala-Madril, Zubietan

Emakumezkoen ligan, Realak eta Athleticek jokatuko dute gaur. Realak Madril hartuko du Zubietan (12:30, Realaren Yotubeko kanala), eta, irabaziz gero, Txapeldunen Ligarako sailkapena eskura izango du. Athleticek Valentziaren aurka neurtuko ditu indarrak Lezaman (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.