Danel Agirre.
Saskibaloia. Espainiako Kopa. SASKI DA!

Kilimak ez, zanpatekoak

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kopak nekez eskaintzen dio entrenatzaileari argi luzeak ipini, 120 minutuko plangintza prestatu eta exekutatzeko parada. Pablo Laso izena ez duen eta lepoa biratutakoan aulkian noiz deituko zain ia beste bi talde titular ez dituen entrenatzaileari, esan nahi da. Final-laurdenetako parekatzeetan Unicaja —Txus Vidorretaren Tenerife miragarriari kilimarik ere ez zion egin— eta Valentzia ekiditea arindua izan zen Baskoniarentzat. Joventutek neurririk eman ez, eta bizkor antzean etsiz gero, bederatzi piezen minutuak kalkulagailuarekin banatu ahal izango lituzke Velimir Perasovicek. Ez luke halakorik espero behar, ez du halakorik espero, eta ez du egiteko ohiturarik.

Euroligako handikietan nabarmendu ahal izateko konponbide zaileko gabeziak dituzte Nico Laprovittola eta Marko Todorovicek —defentsan txarrerako ez baldintzatzeko gaitasun atletikoa falta zaie—. Errusiatik erreskatatu, eta aurtengo Joventut bien eskuetan ipini du Carles Duranek. Jabetza bakoitza nondik bideratu nahi duen erabakitzeko askatasun osoa du argentinarrak. Laprori dozenaka blokeo zuzen ipintzeaz gain, azpialdean baloia jasotakoan argitasun osoz ari da Todorovic. Pibot klasikoaren lanabesak ditu, eta oinak saskira begira dituzten kideen hirukoak —batezbesteko handienekoak— bilatzen ere iaioa da. Zaintza likatsu eta zakarrak nahiko ditu bientzat Perasovicek. Alboko elkarrizketatuaren beso luzeak antolatzailea ernegatzeko baliatuta, batetik. Poirier eta Diopen zanpatekoekin Todorovic aspertuta, bestetik. Erasoko jabetzetako azken segundoetan Joventutek bilatu ohi zuen kanpoaldeko bigarren solistak, Shawn Dawsonek, sasoi osorako min hartu berri du. Duranen jokalari erdiek ez dakitezer den gisa honetako lehia bat jokatu eta irabaztea. Antzeman dadin lortuko ote du Baskoniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.