Ernesto Valverde

'Txingurri' orekaria

Igandean Mestallan aulkian eserita, Athletic partida gehienenetan zuzendu duen entrenatzailea bilakatu da Ernesto Valverde: 290 partidatan gidatu du taldea. Anbizioa eta gertutasuna uztartzea izan da haren arrakastaren giltza.

haritz gallastegi
Bilbo
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Athleticek 47 entrenatzaile izan ditu 119 urteko ibilbidean. 47 teknikarik izan dute San Mamesen etxeko aulkian esertzeko ohorea. Bada, horietatik guztietatik Ernesto Valverde da talde zuri-gorria partida gehienetan zuzendu duena. Herenegun, Mestallan, 290. aldiz eseri zen Athleticen aulkian. Javier Clementek zuen aurreko marka, neurketa bat gutxiago eginda. Txingurrik jarriko du hurrengo mugarria. Baina inork ez daki noraino luzatuko den. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak argi dauka Valverde dela Athletic gidatzeko lemazainik aproposena. Baina entrenatzailea inoiz ez da izan urte askoko egitasmoen aldekoa, eta Bilbon osatzen ari den bigarren egonaldia asko ari da luzatzen. Berak uste baino askoz gehiago. Hirugarren denboraldiz jarraian ari da zuzentzen talde zuri-gorria.

Entrenatzaile batek, ibilbide luzea eta arrakastatsua egiteko, dohain asko pilatu behar ditu. Goi mailan ari diren guztiak emaitzen mende daude. Klub batek bere buruari jarritako helburuak bete eta ondu ezean, jai dute. Horretarako, esku artean daukaten talentuari etekina atera behar izaten diote. Taldeari bere onena emateko bidea aurkitzen duena da entrenatzaile ona. Teknikariek bide ezberdinak hartzen dituzte arrakasta lortzeko. Futbolak eskatzen duen teknika, taktika, entrenamendu eta prestaketa fisiko egokia izateko baliabide guztiak bermatzeaz gain, taldea eta ingurua bereganatzeko estrategia ezinbestekoa da arrakastarako giro aproposa lortzeko. Lanerako metodologian baino gehiago, euren apustua azaltzeko orduan ikusten dira alde handienak entrenatzaileen artean: Diego Pablo Simeone Atletico Madrileko entrenatzaileak zaleen eta jokalarien konplizitatea bilatzen du bere keinuekin; Jose Mourinho, Clemente eta beste asko mikrofono aurrean dira artistak; ikuskizunaren aldeko apustua saltzen dutenak ere ez dira gutxi...

Valverdek ere badauka bere errezeta. Anbizioa eta gertutasuna uztartzen ditu jokalarien aurrean. Kanpora begira, berriz, zuzena eta argia da. Batez ere, argia. Erantzunak azkar eta egoki ematen ditu. Sekula ez dute jokoz kanpo uzten. Azkarra da. Finean, ez dauka ikuskizunik eman beharrik arrakastaren giltza lortzeko. Futbolariei esan beharrekoa aldagelan esaten die. Prentsa aretoan, berriz, klubarentzat egokiena den mezua igortzen du. Trapu zaharrak etxean garbitzearen aldekoa dela, alegia. Estrategia ona da protagonista nagusiak —jokalariak— eta zuzendaritza pozik eta lasai edukitzeko; lanerako giro egokia lortzeko, alegia. Beharrerako baldintza onen eta konplizitatearen truke lana eskatzen du, profesionaltasuna. Gertukoa ere bada, baina ez da inorekin ezkontzen. Eman eta hartu. Hori egiten du.

«Seriotasuna», «orekatua», «normaltasuna», «langilea», «erreferentea», «entrenatzen duen klubaren ordezkari aproposa»... Gisa horretako hitzak erabiltzen dituzte futbol munduko profesionalek Valverderen gainean jarduten direnean. Laudorio asko, eta leporatzeko gauza txar gutxi. Lankideen errespetua lortu duen seinale da, urte askotako lanaren saria.

Une gogoangarriak

Valverdek futbolaren errespetua irabazi du. Ereindakoa jaso du. Egun Athletic zuzentzen du, baina Bartzelona eta Real Madril ahaltsuek ere behin baino gehiagotan izan dute kontuan beren aulkiaren maizter izateko —Kataluniako taldeak aspaldi dauka begiz jota—. Europako bi talde nagusien arreta bereganatzeko, gauza asko egin ditu ondo. Talde zuri-gorriaren jarraitzaileek gogoan dituzte asko: bere lehen egonaldian, 2003-2004 eta 2004-2005eko sasoietan, Athleticek Europan etxetik kanpo lortutako garaipenik handiena eskuratu zuen. Standard Lieja Belgikako taldea 1-7 hartu zuen mendean Austrian, UEFA kopan. Erakustaldia eman zuen taldeak. Hala ere, bigarren aroa askoz arrakastatsuagoa izan da. Besteak beste, urtero sailkatu du taldea Europan aritzeko. Ibilbide horretan, hamasei urteko lehortearen ostean, Txapeldunen Liga jokatu zuten zuri-gorriek, 2014-2015eko denboraldian. Espainiako Kopako txapeldunordeak ere izan ziren sasoi berean. Eta, gainera, titulu bat irabazi zuten handik gutxira, 2015-2016ko sasoiko Espainiako Superkopa, Bartzelona handia jipoituta. Horrez gain, Espanyolen, Olympiakosen eta Valentzian estimu handia diote —Greziako taldearekin, hiru liga eta bi kopa irabazi zituen—. Vila-realen egin zuen lana du orban bakarra.

Valverdek 53 urte bete berri ditu. Sasoi onean dagoen eskarmentu handiko entrenatzailea da. Hortaz, bere entrenatzaile ibilbidea non eta nola jarraitu gura duen erabakitzeko garai aproposean dago. Berak izango baitu azken hitza. Gurutze bide garrantzitsua da: Athleticen presidentearen babes osoarekin jarraitu edo beste proiektu aberatsago bati ekin erabaki beharko du. Egiten duena egiten duela, Txingurri orekariarenak egiten jarraituko du. Eta, berak gura edo ez, fucking legend bat da Athleticen (legenda puska) —lagun ingeles batek hala deitzen diola aitortu zuen Valverdek Valentziaren aurkako partidaren bezperan—. Mito bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.