jakes goikoetxea
ERAZTUN MOREA. Nino Salukvadze

2021. urtea

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Tokiokoak Nino Salukvadzeren bederatzigarren Olinpiar Jokoak izan dira. Seulen hasi zuen olinpiar ibilbidea, 1988an,19 urterekin, eta 52rekin aritu da Tokion. Hiru hamarkadatik gora daramatza goi mailan lehiatzen, beraz. Olinpiar Jokoetan gehien parte hartu duen emakumea da. «Oso zaila da bederatzi Olinpiar Jokotan parte hartzea», tiratzailearen arabera. «Adina adina da, eta nire begiak ez daude ondo».

Pistolarekin tiro egiten oso trebea da. Olinpiar Jokoetan hiru domina lortu ditu: urrea eta zilarra Seulen, lehena 25 metrotik tiro egiten eta bigarrena hamar metrotik (aire konprimatuko pistolarekin); eta brontzea Pekinen, 2008an, hamar metrotik aire konprimatuko pistolarekin tiro egiten. Zortzi Olinpiar Jokotatik seitan finalerako sailkatu da —Tokion ez da finalerako sailkatu lehiatu den bi probetan—. Munduko txapeldun ere izan da sei aldiz.

Ezaguna egin zen 2008ko Pekingo Jokoetan: podiumean zeudela, besarkatu egin zuen bigarren sailkatua, Natalia Paderina errusiarra. Bi herrialdeak gerran zeuden, Hego Osetian.

Salukvadzek hiru bandera defendatu ditu Olinpiar Jokoetan: aurrena, Sobietar Batasunarena; gero, Talde Bateratuarena; eta, azkenik, Georgiarena. 2012ko Olinpiar Jokoetan, Londresen, Georgiako bandera eraman zuen irekiera ekitaldian.

Goi mailako kirolaria eta tiratzailea da, oso ezaguna Georgian, baina lehen ez zuen eta orain ez dauka goi mailako baldintzarik entrenatzeko. Gaztetan, etxean hasi zen entrenatzen, sotoan. Sarritan, ordea, argindarra eteten zen, eta entrenatu ezinik geratzen zen: «Batzuetan bueltatzen zen; besteetan egun osoa pasatzen genuen argirik gabe. Eta, hala ere, lehiaketetara joaten nintzen, eta irabazi egiten nuen». Ez zeukan ez fundamentuzko pistolarik, ez balarik. Salukvadzek esaten du pistolak berak baino urte gehiago zituela.

Haren ibilbide luzeak bitxikeria bat baino gehiago utzi du. 2016ko Jokoetan, Rion, Tsotne Matxavariani 18 urteko semea ere lehiatu zen olinpiar tiroan. Ama-semeak Joko batzuetan elkarrekin lehiatzen, lehen aldiz; bata emakumeetan, bestea gizonetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.