Mohamed Amine

Errugbia odoleraino sartu zaio

Duela bost urte, Mohamed Aminek ez zekien ezer errugbiaz, eta, orain, Ordizia errugbi taldeko lehen lerroko jokalari titularretako bat da. Errugbian betetzeko dituen ametsekin batera, «bizitza lasai eta normal bat» egitea da haren helburua.

AMPO ORDIZIA.
Iñaki Berastegi.
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Errugbiak «beste bizitza bat» eraikitzeko aukera eman dio Mohamed Amine El Amraniri (Nador, Maroko, 2001). 2018an, adingabea zela, patera batean sartu, eta bere herrialdetik alde egitea erabaki zuen. «Arrantzalea nintzen nire Marokon. Bizitza gogorra genuen». Donostiara heldu zen aurrena, eta Segurara ondoren (Gipuzkoa). Bertako harrera-etxean ezagutu zuen Joanes Mujika, integratzaile soziala eta Ordizia errugbi taldeko jokalaria. Hark eraman zuen lehen aldiz errugbia probatzera. «Nik ez nekien errugbia kirol bat zenik ere! Kirola egitea betidanik gustatu izan zait. Garai hartan, kirola egin nahi nuen, besterik gabe; ez zitzaidan axola zein kirol. Denborarekin, errugbia gustatzen hasi zitzaidan, eta orain maite dut». «Kasualitatez» hasi zen errugbian, eta, orain, kirol horri «oso eskertuta» dago. «Errugbian hasi izan ez banintz, ez dakit nolakoa izango litzatekeen nire bizitza orain. Errugbia odolean daramat jada».

Bigarren denboraldia du lehen taldean. 18 urtez azpiko taldearekin hasi zen, eta, lau urteko epean, jokalari garrantzitsua bihurtu da. «Jokatzen hasi nintzenean, indartsua baino ez nintzen. 23 urtez azpiko taldera igaro nintzenean, aldaketa handia nabaritu nuen, eta zer esanik ez lehen taldearekin entrenatzen hasi nintzenean». 120 kiloko harroinak dio oraindik «asko» duela hobetzeko. «Ni hutsetik hasi nintzen. Uztartzea da jokoan gehien landu behar izan nuen fasea, hori ondo barneratu gabe ezin baita ondo jokatu goi mailan. Gehien hobetzeko dudana, berriz, plakatzea da, oraindik ere beldur pixka bat daukat eta. Dena den, ikusten dut asko hobetu dudala».

Amine «bat gehiago» sentitzen da Ordizian, eta klubari «oso eskertuta» dago. «Behar nuen guztian lagundu naute. Garrantzitsuena erresidentzia baimena lortzea zen, eta horretan ere asko lagundu ninduten. Hasieran oso garai txarrak bizi izan nituen». Etxe alokatu batean bizi da taldekide batzuekin, eta soldatzaile lanetan ari da, galdarak egiten dituen Urretxuko (Gipuzkoa) enpresa batean. «Haietariko bat sentitzen naiz, Ordizian zein taldean. Familia gertu banu bezala bizi naiz, nahiz eta badakidan nire senideak oso urrun daudela».

Berari garai batean gertatu bezala, senideek ere «ezer gutxi» dakite errugbiaz. «Tarteka hitz egiten diet errugbiaz. Gainera, sare sozialei esker, bideoak noizbehinka ikusten dituzte. Pixkanaka ikasiko dute zer den errugbia». Gutxi izan arren, ez da Espainiako Ohorezko Mailan ari den marokoar bakarra. Are gehiago, bere ibilbide antzekoa duten batzuk badira. «Gutxi gaude, bai. Ordiziako lehen taldean beste bi marokoar ere badaude, eta Bartzelonan badago beste bat, nahiz eta ez den Marokon jaio». Abdessamie Elgamrani eta Anouar Moruji dira Ordiziako lehen taldean dauden Amineren bi herrikideak. Berari segika ailegatu ziren errugbira. «Nire gisan, harrera etxean egondakoak dira. Hein batean, haientzat erreferente sentitzen naiz. Beti lagundu eta aholkatu nahi izan diet». Harrera etxeetan edo zentroetan dauden inguruko herrikideekin harremana du. «Tarteka bisita egitera joaten natzaie. Bizitzan egin nahi dutena argi izatea eta hori lortzeko ahalegina egitea aholkatzen diet».

Helburuak argi ditu. «Errugbiari dagokionez, Espainiako selekzioarekin jokatzea eta Ordiziarekin liga bat edo kopa bat irabaztea dira nire helburuak. Iaz, gertu izan genuen liga: txapeldun izan nahi dut Ordiziarekin». Kiroletik kanpo ere, badaki zer nahi duen. «Garrantzitsuena, beti, familiari laguntzea da. Bizitza lasai eta normal bat egin nahi dut».

Ordizian «etxean bezala» sentitu arren, «zaila» egiten zaio familiarengandik «hain urrun» egotea. «Gustatuko litzaidake familia ekartzea. Baliabide gehiago eta bizitza egonkorragoa dudanean ahaleginduko naiz. Orain, ezinezkoa zait». Bizitza berri bat sortzeko aukera eman baitio errugbiak, baina atzean utzi duena ez baitu ahaztu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.