Albistea entzun

Euken Alberdi

Izotzaren bueltan dantzan

Izotz pista batera sartu zen lehen aldian, negarrez atera zen Euken Alberdi. Egun, munduko onenekin lehiatzen da. 2026ko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzea du amets.
EUKEN ALBERDI Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Lasa -

2023ko urtarrilak 31

Izotz pista batean «bizi» dela dio Euken Alberdi (Donostia, 2002) patinatzaile artistikoak. Han ematen ditu eguneko ordu gehienak, han ditu lagunak, eta izotzean sentitzen da gusturen. «Barrura sartzen naizenean, hegan egiteko gai naizela sentitzen dut. Nire bizitza da: ia denbora gehiago pasatzen dut patinen gainean oinez baino».

Denboraldi honetan igaro da gazte mailatik nagusira. «Jauzi handia» izan dela dio. Aurreko sasoian, gazte mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta, aurten, nagusiekin lehiatu arren, podiumeko hirugarren koskara igo da. Haren hitzetan, «ezohikoa» da hark erdietsitakoa: «Jende dezente ari zen lehiatzen, eta ez da ohikoena behetik datorren batek podiumean amaitzea. Ez nuen espero, baina oso pozik nago egindako lanarekin».

Postu horrek AEBetara bidaiatzeko aukera eman zion, Unibertsitateen Arteko Munduko Txapelketara. Duela bi aste jokatu zen, New Yorkeko Lake Placid herrian. «Sekulako esperientzia» izan zen: «Parte hartu dudan gainontzeko nazioarteko txapelketen aldean, izotzezko modalitate guztiak zeuden. Kirolari pila bat ezagutzeko aukera izan dut, tokia ere ikusgarria zen... Onenak zeuden, et,a alde horretatik, pixka bat penatuta nago, finalera 24 onenak sartzen baitziren, eta 27. postuan amaitu bainuen. Baina, orokorrean, oso pozik nago egindako lanarekin».

Alberdi bezala, patinaje artistikoa bera ere kirol gaztea da. Donostiarraren ustetan, kasu berezi batzuk badira ere, 24 urte ingurura iristean ibiltzen da «ondoen» patinatzaile bat. Gauzak horrela, 2026ko Milan eta Cortina d'Ampezzoko (Italia) Neguko Olinpiar Jokoak ditu «begiz joak»: «Oraindik hiru urte falta dira, eta nork daki han lehiatzeko aukera izango dudan. Baina gustatuko litzaidake. Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin egiten dut amets. Orain dudan ilusioa badut eta jarraitzen badut, uste dut kirol ibilbide polita egingo dudala».

Pausoz pauso

Orain izotz pistan oso gustura sentitu arren, beti ez da horrela izan. Donostiako Izotz Jauregiko pistan sartu zen lehen aldian, ez zuen ondo pasatu. «3 urterekin eraman ninduten gurasoek, etxetik oso gertu genuelako Izotz Jauregia. Gurasoek kontatu didatenez, negarrez hasi nintzen; gauza bakarra esaten nuen: joan egin nahi nuela. Hala, gurasoek ni hartu, eta ikastarotik atera ninduten».

Bi urte geroago egin zuten beste saiakera bat. Ahizpa gazteena patinatzera eraman zutela baliatu, eta Euken eraman zuten berekin berriro. Eta orduan bai, «aurrera» egin zuen, lehiatzen hasteraino: «8 urterekin, hainbat ikastaro eginda eta maila polita lortuta, ikasleei galdetu ziguten ea hockeya edo patinaje artistikoa egin nahi genuen. Ez dakit seguru zergatik, baina nik bigarrena aukeratu nuen; akaso, etxeko telebistan batzuetan hori jarria izaten genuelako».

Pixkana-pixkana, gora eta gora joan zen, eta 2019an, nazioarteko aurreneko txapelketan hartu zuen parte. Baina, hasi eta gutxira, pandemia iritsi zen: «Alarma egoera ezarri zutenean, ni Luxenburgon nengoen, txapelketa batean lehiatzeko prest. Gero, pandemiagatik, oso gutxitan lehiatu naiz. Serio hasi, aurreko sasoian hasi nintzen».

Pista gutxi

Donostian, etxe ondoan du izotz pista. Nahiz eta eraikina ondo egon, entrenatzeko ordu faltagatik eta ikasketengatik, erabaki zuen Bartzelonara mugitzea: «Donostiako Izotz Jauregia edozertarako dago prestatuta; ondo dago. Baina hockey klub bat dago, patinaje artistikoko bi, curlinga, ekitaldi komertzialak egin behar dira... Eta horrek asko murrizten du entrenatzeko aukera».

Bartzelonatik ere joan egin behar izan zuen, joan den irailean, izotz pista itxi baitzuten. «Udan beti ateratzen naiz kanpora, Espainian izotz pistak itxi egiten baitituzte. Bartzelonan irailean itxi zutena oso zaharkitua zegoelako itxi zuten, eta, esan digutenez, Bartzelonako Udalak gelditu egin du berria eraikitzeko proiektua. Oso gaizki dago han, hori baitzen zegoen pista bakarra».

Hartu beharreko guztia maletan sartu, eta Grenoblera joan zen (Frantzia). Han dabil orduz geroztik. Frantziara joatea eta Yoann Deslot entrenatzailearekin lan egitea «jauzia» izan dela dio patinatzaile donostiarrak: «Nazioartean lehiatzeko, kanpora joan beharra duzu entrenatzera. Nik orain entrenatzen dudan tokian, pista bat baino gehiago daukagu, jende gutxiko taldeak, entrenatzeko orduen aukera zabalagoa... Espainian, entrenatzea ez da erraza».

Euskal Herrian lau pista handi baino ez daude: Angelun (Lapurdi), Iruñean, Gasteizen eta Donostian. Laguntza behar duen kirol gutxitua da, eta, Alberdiren ustez, aurrera egin beharrean «atzera» egiten ari dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Javier Zabaleta, Aitor Elordi, Martin Alustiza, Unai Laso eta Ander Imaz, atzoko pilota aukeraketan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dena prest daukate finalerako

Joxerra Senar

Elordi eta Zabaleta, eta Laso eta Imaz pozik geratu dira igandeko finalerako hautatutako hiru pilotekin. Nafarroa Arenan pilota biziak azkar higatzen direla eta defentsa lanak zailtzen direla azaldu dute
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Beharbada hau da ordainsaria laster goian egoteko berriz»

Ainara Arratibel Gascon

Hamasei denboraldi daramatza talde zuri-gorrian Diezek, eta onartu du orain arteko «gogorrena» izaten ari dela. Argi du hurrengo hiru partidak gako izango direla jaisteko postuetatik erabat aldendu ahal izateko.
 ©JAVIER BELVER / EFE

Nahi bai, baina ezin

Beñat Mujika Telleria

Araskik galdu egin du Zaragozaren aurka, eta Espainiako Kopatik kanporatu du etxeko taldeak. Hasieratik nagusitu da Zaragoza
Osasunaren eta Mallorcaren arteko joaneko partidako argazkia. ©I. URIZ / FOKU

Etenalditik Mallorcara, San Mamesera joan aurretik

Berria

Osasunak asteartean jokatuko ditu Kopako finalerdiak, baina lehenbizi Mallorcaren aurka jokatuko du gaur.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.