Eskualde bat bideratzeko deia

Sestaotik Santurtziraino mobilizatu dira hainbat sindikatu eta eragile sozial, Ezkerraldean prekaritatearen eta murrizketa sozialen aurkako neurriak har daitezela eskatzeko.

Sestaotik abiatu zen Ezkerraldea Martxan protesta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Prekaritatearen eta murrizketa sozialen aurkako mezua daraman pankarta ez da berria Ezkerraldean. 26 urtez aldarrikapen hori kalera atera izan dute inguruko sindikatu eta eragile sozialek, eskualdeak bizi duen «egoera larria» salatzeko. Atzo ere aldarrikapen hori ikusgarri egin zuten Sestaotik Santurtziraino (Bizkaia) egindako martxan. «Hemen ez da ezer aldatu azken urteetan, ez bada egoera okertzeko izan; pentsiodunen arazoekin jarraitzen dugu, langabezia tasa handiekin, enpresak ixten jarraitzen dute, eta sortzen diren lanpostuen baldintzak gero eta prekarioagoak dira». Felix Gonzalez pentsioduna da, eta Ezkerraldea Martxan mobilizazioaren sustatzaileetako bat. Ingurura begiratuta, kezkaz hitz egin zuen atzo.

Zenbakiek ere erakusten dute Gonzalezek irudikatutako errealitatea. %16ko langabezia tasa dauka eskualdeak, eta 39.000 pertsonak lan baldintza prekarioak dituztela salatu zuten martxaren antolatzaileek. «Merkataritza gune handien aldeko apustuak kalte larriak ekarri ditu Ezkerraldera; gaur-gaurkoz, 1.700 pertsonak egiten dute lan era horretako guneetan».

Eta galdera egin zuen ostera pentsiodunak: «Amazoni ateak zabaltzen zaizkio, eta lanpostuak sortuko dituztela esaten dute. Asko jota 90 pertsonarentzako lana ekarriko du banaketarako gune horrek; baina Navalentzako lan egiten zuen azpikontrata batek bakarrik langile gehiago zituen-eta! Zer ari gara sortzen?».

Horregatik, azken urteetan Ezkerralderako egin diren politikak salatu zituzten atzoko martxan. «Hemen ez baldin badira lanpostu egonkorrak sortzeko benetako politikak hartzen, inguru hau guztia pikutara joango da. Baina horretarako kalera atera beharra daukagu, eta begiratu plaza honetan zenbat pertsona gauden». Sestaoko Kasko plazan martxa abiatu aurretik ehun pertsona inguru zeuden. «Honek ere erakuts dezake jendeak itxaropen txikia duela egoera aldatzeko», zioen tristuraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.