Euskal Herriko Itzulia

Lapurditik gertuago

Datorren urtean etapa bat Ipar Euskal Herrian amaitzeko modua aztertzen ari dira Itzuliko antolatzaileak. Udalerriren bateko ordezkariak aurtengo lehen etapa ikuskatzen egon ziren.

Iaz Senpere eta Ezpeleta artean jokatu zen Tourreko etapa. J. MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Larresoro
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriarekin daukan zor historikoa nola kitatu aztertzen ari da Itzulia.Aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean Julian Eraso zuzendariak berak esan zuen hurrengo urtean albisteak egon zitezkeela norabide horretan, eta badirudi zantzu horiek indarra hartzen ari direla. Izan ere, astelehenean Angeluko (Lapurdi) udaleko ordezkari batzuk gerturatu ziren Zumarragan (Gipuzkoa) jokatutako erlojupekoaren antolakuntza ikustera. Oraindik goizegi da ezer ziurtatzeko, baina interesa badagoela dirudi. Antolakuntzaren ideia, gainera, helmuga eta hurrengo eguneko irteera toki ezberdinetan egotea da, eta beste udalerri hori Donibane-Lohizune (Lapurdi) izan daiteke.

Euskal Herrian jokatzen diren lasterketa nagusiak Ipar Euskal Herriari bizkarra emanda bizi izan dira azken urteetan, eta Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusiko luke joera hori etetea. Ez da gutxiagorako, beste herrialdeekin alderatuta dagoen desoreka harrigarria baita. Itzulia 1994an gerturatu zen azkenekoz Lapurdira, Davide Cassanik Ibardinen bukatu zen etapa irabazi zuenean. Teknikoki, baina, bi probintziaren arteko muga da hura. Helmuga udalerri batean ezarri zuen azkeneko aldia, berriz, 1978an izan zen, Leitzan (Nafarroa) hasitako etapa Miarritzen (Lapurdi) bukatu zenean. Jose Luis Viejo izan zen irabazlea. Euskal Bizikleta zenak ere bizkarra eman zion Ipar Euskal Herriari. 1994an ezarri zuen azkeneko helmuga bat han, Donibane-Lohizunen. Eugeni Berzin izan zen garaile orduko hartan.

Joera horrek, baina, badu azalpena, eta argudio nagusia Frantziako Poliziaren kostua da. Txirrindularitza probek eskatzen duten zerbitzua Hego Euskal Herriko poliziena baino garestiagoa da. Dena den, badirudi hurrengo urtean oztopo hori ez dela nahikoa eragozpen izango. Tourra iaz arrakasta handiz igaro zen Ipar Euskal Herritik, eta irailean Espainiako Vueltak zeharkatuko du.

Hori ez da, dena den, hurrengo urtera begira egon daitekeen aldaketa bakarra. Itzulia ez da Eibarren hasi edo bukatuko, baina, ondo bidean, izango du etapa bat, eta antolatzaileek Arrateri eutsi nahi diote. Aurten, beste igoera bat begiratzen aritu dira Bizkaian, eta agian ausartuko dira. Erlojupekoa mantenduko duten ere ikusteko dago, ez baitu telebista audientzia handirik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.