martxelo otamendi
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Suhiltzaileak ere bai

2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Leku askotan ikusi gabeko irudiak ari zaigu eskaintzen egunero Kataluniako prozesua. Atzo eguerdian, esate baterako, suhiltzaileek unibertsitateetako ikasleekin batera egin zuten manifestazioa; herri honetan zer edo zer berezia gertatzen ari delako bakarrik uler litekeen bikotea: ikasleak eta suhiltzaileak.

Zenbat aldiz ikusi ditugu manifestazio batean elkarrekin? Zerk batzen ditu bi kolektibo horiek, haien etorkizun askearen beharra ez bada? Ikasle asko biltzen dituzte Bartzelonako unibertsitateek, eta horrek erraz lezake atzoko manifestazio handia izatea, baina hiri horretan irakaskuntzako arazoengatik ikasleak kalera irten direnean, hamarrena ere ez dute bildu izan.

«Kosta zaie ikasleei ateratzea», entzun nion esaten atzoko manifestazioa bere paretik pasatzen ari zenean emakume adindu bati, Franco hil ondorengo denboran ikasleek hartu zuten protagonismoa gogoan. Besterik pentsa zitekeen arren, inkesten arabera, ez dira unibertsitate adinean dauden gazteak independentziaren aldeko jarrerarik handiena erakusten dutenak. Azkeneko CEOn (Centre d'Estudis d'Opinió, Generalitatearen erakundea azterketa soziologikoak egiteko), 45 eta 55 urte arteko herritarrak dira independentziazaleenak.

Kostata edo ez, gertakizun garrantzitsu baten eragile zirela sinistuta atera ziren atzo ikasleak Bartzelonako kaleetara, ohi bezala, kantu eta oihu irudimentsuen artean.

Atzoko eguneko bigarren hitzordua Segurtasun Batzordearen bileran zegoen. Atzokoan, ez da beti horrela gertatu, Puigdemont presidentea bera egon zen, bera baita Katalunian diharduten segurtasun indarren buruak eta haien arduradun politikoak biltzen dituen batzorde horretako burua. Zertara joan zen Puigdemont? Generalitateko Barne kontseilari Joaquim Fornek bilera horretan aurreratu zuen jarrerari babes instituzionala ematera. Esanguratsua da, adierazten duen giro txarragatik, Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilaren goi kargudunen absentzia bilera horretan, are esanguratsuagoa bazekitenean mossoen buru Trapero joatekoa zela. Espainiako Barne Ministerioko buru politikoengan utzi zuten ordezkaritza.

Egun gutxi falta dira iganderako, eta mossoen jarreraren gainean independentziazale batzuek eduki dezaketen kezka argitzeko baliatu zuen kontseilariak bilera ondorengo prentsaurrekoa. Mossoek ekintza proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuko dutela esan zuen Fornek bileran eta prentsaren aurrean; mundu osoko polizia guztien arau nagusia dena, bide batez esanda. Aplikatzen duten...

Formazko aldaketa garrantzitsua eman da erreferenduma eragozteko fronte judizialean; orain arte eulien kontra kanoikadak bota dituen fiskala baztertu eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaile batek Puigdemonten gobernuaren eta parlamentuko mahaiko bost kideren aurkako salaketa ikertzen ari dena hartu du ardura. Mossoen buru Traperok asteartean esan zuen fiskalaren aginduak beteezinak zirela, eta magistratu baten agindua behar zuela. Eskaera hori berehala baliatu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiko Mercedes Armas magistratuak auzia bere bulegora eraman, eta jurista askori auzo lotsa eragiten zien fiskala alboratzeko.

Gaur, ostirala, kanpainako azken mitina Montjüiceko Font Màgican. Eta bihar larunbata, gogoeta eguna. Ez katalanentzat bakarrik, baita Moncloako maizterrarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.