Danel Agirre.
Saskibaloia. Espainiako Kopa. SASKI DA!

Kopa ez zen oso Espainia

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Saskibaloi zale zailduari Pete Maravichen highlight bideo on bat bezainbeste gustatzen zaio futbol estadioetako soziopatak gutxiestea. «Hemen oso bestelako giroa dugu» izan ohi da urtero Kopako adiskideen ele-meleetako hit errepikatuena. Zortzi taldetako jarraitzaileak lau egunez eraikin berean eduki eta muturrekoka ez amaitzea ospatzen da: zibilizazioaren lorpen gorena, bistan denez.

Bestelakotasuna etengabe azpimarratu behar hori autosugestio ariketa baino ez da, hamabost urteren ondoren planez aldatu ez izana nola edo hala justifikatzeko ahalegina. Izan ere, Kopak badu gaitasun ukaezin bat: non eta noiz jokatuko den ia urtebete lehenago iragartzea nahikoa izaten du milaka lagun, egunak libre eskatu, eta bidaia prestatzen has gaitezen.

Espainiako saskibaloi Kopa, dena den, ez da inoiz oso Espainia izan. Zentralismoak ez ditu periferiak ito, ez kantxan, eta inola ere ez harmailan. Elkar jasatea baino gehiago, elkar ezagutu eta gozatzea lortu izan dute batekoek eta bestekoek. Kopetan —kopekin— ikasi du Saski Da!-k kanariarrei buruz dakien gutxia. Kopetan —kopekin— apurtu dituzte hainbatek Euskal Herriaz zituzten aurreiritziak. Bestelakotasunik izatekotan, horixe du gaurtik abian den lehiaketak.

Zaleen elkarbizitza atsegin hori mikaztera iritsi gabe, urteak dira Kopak nagikeria puntu bat eragiten duela. Real Madrilen eta Bartzelonaren monopolio bilakatu behar badu, gero eta gutxiago galdu zaigu beste guztioi bertan. Eta Real Madril eta Bartzelonaren monopolio bilakatzen bada, zaleen elkarbizitza atsegin hori mikaztera iritsiko da, zoritxarrez. Oraingo honetan, oso argi du Saski Da!-k: biak enegarrenez finala jokatzekoak badira, igande arratsaldea Salamanca Madrilgo auzoko bingoren batean pasatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.