Euskal Herriko Itzulia. PASIO BATEN ATZETIK Luis Angel Materen lagunak.

Katamotza ikusi dute Ondarroan

'Tropela' kinielan izen bitxia zuela ikusi, eta Ondarroako lagun kuadrilla batek bere kutun bilakatu zuen txirrindulari espainiarra. Erdi txantxetan hasitako bidea urteetan luzatu, eta edertu egin da. Aurten ere ongietorria eman diote.

Kuadrillakoek eginiko pankarta bat: «Ondarru ere Katamotz andaluziarrarekin». TXOMIN BUSTINDUI.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ondarroatik (Bizkaia) Marbellara (Espainia) 1.088 kilometro daude. Iberiar penintsulako bi muturrak dira kasik. Marbellakoa da Luis Angel Mate (Cofidis) txirrindulari beteranoa, eta Ondarroakoak Txomin Bustindui, bere kuadrilla, eta era berean Matek duen zale multzorik fidelena. Istorio hau ezin da behar bezala ulertu ondarroarrei egozten zaien umorerako sen berezi hori gabe.

Materi duela lau urte Ondarroa non zegoen galdetuz gero, litekeena da ez jakitea. Egun, baina, ziur kokatuko lukeela mapan. Izan ere, duela lau urte hasi zen istorioa. «Kuadrillan, Luis Angel Materen izena gustatu egiten zitzaigun. Luis Angel, xake-mate... Tropela kinielan ere beti hartzen hasi ginen. Inor gutxik hartzen zuen, eta hura animatzen hasi ginen», azaldu du Bustinduik. Norbait animatu nahi, eta bat behar zuten. «Baina hau nolakoa ote da? Pentsatu genuen, eta sare sozialetan oso aktiboa dela ikusi genuen —20.000 jarraitzaile ditu Twitterren, eta 13.500 Instagramen—. Bideo politak jartzen zituen, eta oso jatorra zirudien. Beraz, garbi izan genuen: gu Materen aldekoak izango ginen».

Materen aldekoak, eta nola gainera. Erreportaje serie honetako beste zale talde ia guztiek ezagutzen dituzte. Zortzi-hamar laguneko kuadrilla Itzulian irteten da bide bazterrean, eta azken lau urteetan ia etapa guztietan egon dira. Eta beti pankarta eskuan hartuta: Jake Mate EH-ko Itzuliari!, Luis Angel selekziora!, Ondarru ere Lince Andaluzekin!... Lince-k katamotza esan nahi du gaztelaniaz, hori baita Materen goitizena. Dagoeneko Itzulira osteratxoa egiteko aitzakia bainogehiago da.

Sare sozialetan hasitako bidea errepidera zabaldu zuten, eta Etxebarrin (Bizkaia) elkar ezagutu zuten. Cofidiseko autobusera gerturatu ziren, eta Materekin hitz egiten hasi. Hartaz geroztik, ia irteera eta helmuga guztietan joaten dira laguna agurtzera. Herenegun ere Zarautzera joan ziren ongietorria egitera. «Oso garbi genuen fenomeno bat dela, eta lehen egunetik oso gertukoa izan zen. Oroitzen naiz han Cofidiseko zale batzuk zeudela autobusaren inguruan, eta ea Mate ezagutzen genuen galdetu ziguten, eta guk baietz esan genien, betidanik».

Lau urte geroago, ez da zaila Bustindui eta bere lagunak Cofidiseko txapelekin uniformatuak ikustea. Matek laguntzen die txapelak eta botilatxoak emanez, baita paseren bat edo beste ere. «Umoretsua da. Oroitzen naiz urte batean ihes eginda ibili zela Orioko etapan. Zer moduz ibili zen galdetu, eta igogailu bateko tiroketa batean baino tentsio handiagoa egon zela esan zigun. Beste batean, Pingu pinguinoaren jaunartzean baino hotz handiagoa pasatu zuela esan zigun. Horrelako txantxak gustuko ditu».

Urteen poderioz, Cofidisen ere ezagutzen dituzte. «Laguntzaile batek esan zion behin: zure herrian ere ez zaituzte horren ondo tratatzen!». Matek, berriz, keinu ugari izan ditu sare sozialetan: «Hemendik aurrera beste ondarroar bat gehiago naiz. Gora iparraldeko jende on hori!», idatzi zuen. Bustinduik enbidoa hordago bihurtu du: «Ondarroako seme kutun bihur dezatela lortuko dugu!».

Bustindui, halere, aurretik topo egina zen Materekin —eskarmentu handiko ziklista da Mate, Vuelta eta Tourra seina aldiz bukaturikoa—. Bustinduik egun ultramaratoiak egiten ditu, baina txirrindulari afizionatua izan zen. Behin, Balmasedan (Bizkaia) lasterketa batean parte hartu, eta Materekin lehiatu zen. «Matek hamabigarren bukatu zuen; nik, oso atzean. Ilusioa egin zidan hori jakiteak».

Lagunek egin diote Ondarroan agertzeko gonbita Materi, eta hark bueltan ere bai Marbellara. «Nahi badugu han etxea daukagula esana digu. Deskuidatzen bada, han agertuko gara denak. Baina zaila da topo egitea, txirrindulariek egun asko egiten dituzte kanpoan». Horren aurretik, Itzulian dute aurtengo hitzordua. Ez da zaila haiek aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.