Frantziako Senatuak atzera bota du prostituten bezeroak zigortzeko araua

Iazko azaroan prostituten ordez bezeroak zigortzen zituen legea onartu zuten parlamentuan.Senatuak hartutako erabakia ez da behin betikoa

Baiona
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Prostituten bezeroak zigortzen zuen legea bozkatu zuen Frantziako Senatuko batzorde bereziak herenegun gauean. Hamasei senatarik bozkatu zuten legearen aurka, hamabik alde eta beste bi abstenitu ziren. Bi ordu baino gehiago iraun zuen eztabaida ostean, prostituten bezeroak zigortzen dituen legea deuseztatuko zutela iragarri zuen Esther Benbassa Berdeen senatariak. Baina deuseztapena ez da behin betikoa. Senatuan zuzenketa galdetzen bada, bezeroa zigortuko duen legea berriz sar daiteke.

Frantziako diputatuek prostituten bezeroak zigortzen dituen legea onartu zuten iazko azaroan. 268 diputatuk lege proiektuaren alde bozkatu zuten, eta 138k, kontra.

Lege horren bidez, prostituten ordez haien bezeroak izango lirateke delitugileak, eta 1.500 euroko isuna jasotzeko arriskua lukete. Horrez gain, bezeroak ikastaldi batzuetan parte hartzera behartuak izan zitezkeen. Horiek ziren Frantziako diputatuek onartutako aldaketa nagusiak.

«Amuarena», indargabetua

Senatuan aztertutako legeak, gainera, «amuarena» egiteagatik aurreikusitako zigorrak bertan behera utzi ditu. Hau da, prostitutak ez dira zigortuak izanen bezeroak erakartzeagatik.

Bide beretik, Benbassak adierazi du prostituzioa utzi nahi duten guztiei laguntza emanen dietela erakundeek, eta gizakien salerosketaren aurkako borroka indartuko dutela.

Emazteen Eskubideen ministro Najat Vallaud Belkacemek nabarmendu du prostituzioa «kontsumitzen» duten guziek «sare kriminal bat» elikatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.