Joseba Ezkurdia.
Pilota. Buruz buruko finala. IRITZIA

Altuna da faborito, baina erne Jakarekin

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Inbidiaz ikusiko dut finala, bertan egotea gustatuko litzaidakeelako. Egun txar batzuk pasatu ditut kanpoan geratu eta gero, baina aurrera begira nago jada. Binakakoaren finalerdian dut arreta osoa.

Ezusteko finala da, Erik ez baitzegoen faboritoen artean. Baina merezita iritsi da, oso lan ona egin baitu. Asko kostatu zitzaion lehen partida irabaztea, baina inoiz ez da erraza izaten aurreneko neurketa jokatzea. Aurrera atera zuen berak, eta, ordutik, gora baino ez du egin. Oso ondo jokatuta irabazi zien Urrutikoetxeari eta Elezkanori. Horrek eta lehen finala jokatzeak sekulako konfiantza eman dio. Gozatzen ari da, eta finalean ere horretan saiatu behar du: uneaz disfrutatzen. Txapela irabazteko aukera duela uste dut.

Baina oso ondo egin beharko ditu gauzak, eta oparirik ez egin. Jokinek ez baitu huts egingo. Faboritoa da, zalantzarik gabe. Horrek, noski, presioa eragingo dio, baina ohituta dago horretara. Darioren aurkako finalerdian ere hura zen faborito argia, eta aurkariak lanak eman zizkion arren, irabazi egin zuen. Ziur naiz finalean ere berea emango duela.

Joko eta erritmo biziko partida izango delakoan nago. Biok dute joko bizia, sake eta errematekoa. Erikek erritmo handia ezartzen dio lehiari, eta dena errematatzen saiatzen da; ausart jokatzea gustatzen zaio. Sakearekin asmatzen badu, bigarren kolpe oso arriskutsua du, ezker gantxoarekin ezkutatu egiten baitu pilota. Hori egin ez dezan asmatu behar du Jokinek. Badu horretarako ahalmena. Sakeak ere zeresana izango du, pasa aurreratuta garrantzia kendu nahi izan dioten arren oraindik min handia egin baitaiteke harekin, eta tantoak bata bestearen atzetik kateatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.