Europako gobernuek auto elektrikoekin egiten dute amets

Autoen industria eta kontsumoa elektrikoetara bideratu nahi dituzte, lege eta zergekin. Baina garestiak dira, eta karga gune oso gutxi daude

Irune Lasa.
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Berotze globala eragiten duten karbono isurketak murriztea du helburu trantsizio energetikoak: asko murriztea. Hiru dira iraultzaren jokaleku nagusiak: energiaren sorkuntza; etxebizitza eta eraikinen girotzea; eta garraioa. Gero eta argiago dago karbonogabetzearen bidea elektrifikazioarena izango dela. Iturri berriztagarri eta garbietatik etorri behar den argindarrak ahalbidetuko ditu isurketarik gabeko girotze sistemak eta ibilgailuak.

Iturri berriztagarriak ari diraargindar sorkuntzaren gero eta zati handiagoa hartzen. Hor abian da trantsizioa, nahiz eta oraindik erregai fosilak hamarkada batzuetan nagusi izango diren. Klimatizazioetan eta ibilgailuetan, berriz, hastapenetan dago aldaketa.

Hastapenetan, batez ere Europan eta Mendebaldean. Ibilgailuetara mugatuz, Txinak auto elektrikoen aldeko apustu garbia egin du. Herrialdeko ingurumen arazoak dira horretarako arrazoi bat. Beste arrazoi garrantzitsu bat ekonomikoa da: ibilgailu elektrikoen inguruko industria iraultzan lider izan nahi dutela.

Ekoizpenari dagokionez, gaur egun Txinan egiten dira munduko automobil elektrikoen baterien %70. Eta herrialdean ehunka dira —400dik gora— auto elektrikoak ekoizten dituzten enpresak. Kontsumoari begira, Txinan matrikulatzen dira munduan saldutako ibilgailu elektrikoen %30.

Europak esprinta jo behar du, nahitaez. Industriak lehenbailehen egokitu behar du, baita autoen kontsumoa moldatu ere. Beste hainbat herrialderen gisara, asteon Espainiak iragarri du 2040. urtetik aurrera legeak ez duela baimenduko diesel eta gasolina auto berririk eta 2050ean desagertuko direla horiek errepideetatik.

Auto ekoizleek ez dute pozez txoratzen hartu albistea, besteak beste uste dutelako egun egiten dituzten diesel eta gasolina autoen irudiari eta salmentari kalte egiten diela. Baina, hain zuzen, gobernuaren nahia bada errekuntza autoen erosketa apalduz joatea eta kontsumitzaileek elektrikoetara jotzea. Xede horrekin, dieselaren gaineko zerga igo nahi du —litroko 4,6 zentimo— eta soilik elektrikoak diren autoen erosketa lagundu diruz —zerga igoeratik datorren diruarekin—. Baina karga toki askoz ere gehiago ez badira ezartzen eta auto elektrikoak ez badira dezente gehiago merkatzen —edo soldatak igotzen—, zergek nekez beteko dute helburu hori: kontsumitzaileak auto elektriko garesti horietara bideratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.