Rui Ueda. Mendi korrikalaria

«Europan beste maila bat dute maldan behera»

Japoniari eta mendi lasterketei buruz hitz eginez gero, Ueda da erreferentzia. Ikur gaztea. Lehen hamarren artean sailkatu da Zegama-Aizkorriren azkeneko bi urteetan.

Unai Ugartemendia.
Zegama
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herrira gustura etortzen da Rui Ueda (Hachioji City, Japonia, 1992). Iazko Zegama-Aizkorrin bizitakoa ez omen zuen urte osoan ahaztu, eta aurten ere argi zeukan bertan egongo zela. Egon bakarrik ez, lasterketa ona egitea lortu zuen Japoniako mendi korrikalaririk ezagunenak. Bukaeran postu batzuk galdu arren, bederatzigarren amaitzea lortu zuen.

Zegama-Aizkorriren aitzakian Euskal Herrian pasatu zituen bi asteetan bi argazkilariren itzala izan zuen etengabe Zegaman, bere egonaldia jasotzeko asmoz. Ez da oso erraz moldatzen ingelesarekin, baina lortzen du esan nahi duena ulertaraztea. Lasai hitz egitea gustatzen zaio.

Noiz hasi zinen korrika?

Eskola garaian futbolean eta korrika ibiltzen nintzen. Geroago, ekiden probak egiten hasi nintzen unibertsitatera joan aurretik. Errepidean jokatzen diren proba oso luzeak dira, sarritan txandakakoak. Gero, mendian hasi nintzen, gutxi gorabehera orain dela bost urte.

Ekiden probak aipatu dituzu. Zenbat urterekin egin zenuen lehen proba luzea?

Lasterketa famatuenak unibertsitatean jokatzen direnak izaten dira. Aurrean ibiltzen direnak profesionaletara pasatzen dira. Urteberri egunean jokatzen da lasterketarik ezagunena. Nik ez dut inoiz unibertsitateko probarik egin, baina aurretik asko egindakoa naiz. Txandaka eginak ditut batzuk, hogei kilometroko txandetakoak, eta irabaziak ere baditut batzuk.

Eta mendian, berriz, nola hasi zinen korrika?

Errepidean jokatu nuen ultra bat, eta gerora egin zidaten mendian hasteko gonbidapena. Ehun kilometroko proba bat zen, eta bosgarren postuan amaitzea lortu nuen. Proba hura egin eta gero, Columbia markak haiekin korrika egiteko aukera eskaini zidan. Mendian ere ondo ibil nintekeela esan zidaten. Japonian egin nuen lehen lasterketa, eta 65 kilometroko proba bat izan zen.

Japonian, historian zehar, maratoilari on asko izan dira, baina zer-nolako jarraipena eta zaletasuna dute mendiko lasterketek?

Mendi lasterketena oso kirol berria da oraindik Japonian. Betidanik oso maratoilari onak izan dira Japonian, eta errepidean ibiltzeko zaletasun handia dago. Ekiden diziplinan, enpresa handiek, Toyotak esaterako, talde propioak dituzte. Enpresan bertan lan egiteaz gain, haien taldeko korrikalaria ere bazara. Egia da jendea hasi dela mendian korrika egiten. Ultra oso ospetsu bat ere jokatzen da Japonian, Fuji mendian barrena egiten dena. Urtetik urtera jende gehiago ari da mendian korrika, eta dirua ere sartzen ari dira; baina oraindik urte batzuk igaroko dira kirol ezaguna izateko.

Eta zu famatua al zara Japonian mendi korrikalaria zarelako?

Ez, ez [barreak]. Hiri handietan ez, ez nau inork ezagutzen. Hala ere, mendi korrikalarien artean nahiko ezaguna naiz.

Azken bi urteetan oso ondo zabiltza. Zein dira zure gaitasunak?

Esan dezaket mendian aldapan gora ondo moldatzen naizela; asko gustatzen zaizkit malda handiak dituzten lasterketak. Bestalde, esan dezaket Japoniako lasterkarien artean nahiko ondo moldatzen naizela jaitsieretan; baina, gero, Zegamaren moduko lasterketetan konturatzen naiz oraindik ezin naizela lehiatu munduko onenekin. Europan, korrikalariek beste maila bat dute maldan behera korrika.

Beraz, esan dezakezu arlo hori daukazula hobetu beharra munduko onenekin lehian aritzeko?

Bai, dudarik gabe. Europako lasterketetan maldan behera ere kilometro asko izaten dira, eta hor galtzen dut denbora gehien. Stian Angermunden mailako korrikalari batekin, esaterako.

Ultra distantziatan ere ibili zara. Parte hartu zenuen Mont Blanceko lasterketa luzeetako batean, 100 kilometroko CCCn. Zein lasterketa dituzu gustukoen?

Distantzia luzeetan ibilitakoa naiz, bai, baina zalantzarik gabe nire distantziarik gustukoenak 20 eta 40 kilometro arteko lasterketak dira. Ultrak oso gogorrak dira [barreak]. Egia da etorkizunean asko gustatuko litzaidakeela egunen batean Mont Blanceko Ultratraila egitea [168 kilometro], baina oraindik oso gaztea naiz, eta izango dut aukera egunen batean bertan parte hartzeko. Oraindik ez daukat inolako presarik.

Dagoeneko munduko onenekin lehian ikusi zaitugu, bai Transvulcanian, bai Zegaman bertan. Baina zer falta duzu Munduko Kopako lasterketaren bat irabazteko?

Oso zaila da. Asko hobetu dezaket, badakit, eta agerian utzi dut azken bi urte hauetan, baina asko falta zait [Stian] Angermundekin, Kilianekin [Jornet] edo [Remi] Bonnettekin lehian aritzeko.

Zertan lan egiten duzu?

Iaz Columbia enpresan aritu nintzen lanean, astean hiru edo lau egun pasatzen nituen bertan; baina aurten esan dezaket korrika egitetik bizi naizela. Horregatik ordaintzen didate, enpresan bertan jarraitzen dut, baina korrikalari gisa. Etorkizunean, korrika egitea bukatzen baldin bada, pentsatzen dut bertan gelditzeko aukera izango dudala. Ezin dut esan izugarrizko dirutza irabazten dudanik, baina erdi mailako langile baten soldata dut Japonian.

Ba al duzu entrenatzailerik?

Ez, ez. Neure kasa entrenatzen naiz. Astean sei egunetan entrenatzen naiz. Hilabetean 300 eta 400 kilometro artean egiten ditut. Nahikoa da gaur egun egiten ditudan lasterketak egiteko.

Bigarren aldiz etorri zara Zegama-Aizkorrira. Gustura etortzen al zara Euskal Herrira?

Ikaragarri gustatzen zait Zegamara etortzea. Giroa, jendea, eguraldia... Niretzat askoz ere hobea da aurten egin duen eguraldia iazkoa baino. Asko gustatu zait, esaterako, bertako gazta [barreak].

Bi aste pasatu dituzu Euskal Herrian. Zer egin duzu denbora horretan?

La Palman Transvulcania lasterketa [Kanaria uharteak, Espainia] amaitu, eta hona etorri nintzen jarraian. Denetarik egin dut: kirola, turismoa... Donostian eta Zumaian egoteko aukera izan dut, eta flyscha ere ikusi nuen. Egia esan, izugarri ondo tratatu gaituzte aurten ere, eta ahal dudan guztietan itzuliko naiz.

Zegamaren ondoren, zein lasterketa egingo dituzu?

Orain, Japoniara itzuliko naiz, baina udan, Europara bueltatuko naiz, eta hilabete baino gehiago pasatuko dut bertan. Skyruning zirkuituko lasterketak egiteko asmoa dut, eta Golden Serieseko batzuk ere bai:Sierre Zinal [Suitza], Glen Coe [Eskozia], Dolomitak [Italia], Comapedrosa [Andorra]... Horiek egin nahiko nituzke. Egia esan, oso zaila da erritmo hori eustea, baina oso gustuko dut, eta horrela jarraituko dut, aurten behintzat.

Eta ez al duzu pentsatu Europara etortzea bizitzera?

Bai, datorren urtean Europara etorriko naiz bizitzera. Alpeetara joateko asmoa dut, baina oraindik ez dakit Italiara edo Frantziara joango naizen. Emaztearekin etorriko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.