Iker Zabala. Santurtziko entrenatzailea

«Edozer gerta daiteke: orain bezala segitzea, edo trainerua zintzilikatzea»

Aurreneko aldiz irabazi du Santurtzik Eusko Label liga. Lau egun igaro dira ordutik, baina pozak kezkari egin dio leku Iker Zabalaren barruan. Onartu du kluba egoera «gogorrean» dagoela COVID-19ak «bete-betean astindu» dituelako diru kontuak.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Santurtzi
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Eguraldi aldaketa bete-betean azaldu da Itsasoko Ama arraun elkartearen egoitzara Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979), Sotera traineruko entrenatzailea. Ekaitz giroa iragarri du geroko solasean.

Nola kudeatu zenuten talde barruan lehen zortzi jardunaldietan bat bera ere ez irabaztea?

Momentu gogorrak izan ziren. Liderrak izan arren, kanpoan presioa zegoen, ez genuelako banderarik lortzen. Guk bagenekien gure maila banderak irabazteko modukoa zela.

Bederatzigarren jardunaldian, kolpe handia hartu zenuten: azken-aurreko izan zineten.

Lehen eguna izan zen taldeak sintoma txarrak eman zituena, eta talde barruan zalantzak hasi ziren. Ni ere dudetan hasi nintzen.

Nola uxatu zenituzten?

Gauzak elkarri aurpegira esanda. Informazio ona atera genuen. Tentsioa zegoen, baina ona. Denok nahi genuen aurrera atera, eta denon artean egin genuen.

Arraunlariek esandakoen ondorioz, zerbait aldatu zenuen?

Bai. Horrelako arraunlariek ondo sentitzen dute trainerua: pisua aurrera botata dagoela, atzera, arraunak luzeak direla eta abar. Kanpotik ezin dut sentitu trainerua. Horregatik, ona da arraunlariek zer sentitzen duten jakitea, eta egiaztatzea nik kanpotik ikusitakoarekin bat datorren edo ez. Gero, erabakiak hartzeko ni nago.

Erabaki horietako bat izan zen hamalauko finko bat hartzea.

Espainiako txapelketa pasatu eta gero, hautaketa egin nuen, baina ez errua haiena zelako; ni nintzen erantzulea. Txalupa ondo jarri, eta, bost egun horietan, sekulako hobekuntza izan genuen. Hondarribian ondo irabazi genuen gero.

Hurrengo egunean, ordea, bederatzigarren Ondarroan.

Lau aldaketa egin nituen larunbatean irabazle izan zen taldetik. Oso indartsuak dira lau arraunlari horiek, baina trainerua atzera. Orduan erabaki nuen Hondarribiko hamalaukoarekin jarraitu behar nuela, eta horrela egin dut denboraldia amaitu arte. Ez zen erabaki erraza izan, baina egin beharra neukan.

Errendimendua berriz egonkortu zenuten, baina Hondarribia azaldu zitzaizuen lehiarako.

Zarauzko estropadan, puntu asko jan zizkigun. Oso ondo ari ziren arraunean, eta zorte ona ere eduki zuten kaleekin eta baldintzekin. Mugarriak izan ziren Santurtziko eta Portugaleteko estropadak gero. Guri kalerik txarrenak tokatu zitzaizkigun, eta haiei onenak bi egunetan. Puntu batera jarri ziren, baina hor irabazi genuen liga. Igandean, seigarren izatea lortu genuen baldintza txarretan, azkena izateko arriskua gaindituta.Gero, Galiziako lehen egunean, lidergoa kendu ziguten, baina bigarrenean berreskuratu egin genuen, eta ligari bukaera ederra eman diogu.

Kale egin zuen Santurtzik Kontxako Banderan?

Bai, aurreneko igandean. Zorte txarra izan genuen, lehen txandakoek baldintza txarragoak izan genituelako, baina guk gure lana ez genuen ondo egin. Kontxan hirugarren izan gara, eta ez da emaitza txarra, hala ere.

Emaitza txarrarena entzutea ez zaizu batere gustatzen.

Guk irabazteari balioa kentzen zaio taldea indartzen dugulako, eta mingarria da niretzat. Zer da fitxaketa bat? Arraunlariari ordaintzea hala hartzen da, baina debalde joaten den arraunlari bat hartzea ere ez al da fitxaketa? Beste talde batzuk ere selekzioak dira: alboko herrietara joaten dira arraunlari bila, haren lagunaren laguna erakartzen dute eta abar. Horrek ere min ematen dit. Talde guztiek egiten dugu lan handia 11 hilabetez. Santurtzik talde ona izan du, baina lana berdin egin behar da.

Kanpoko arraunlariez gain, etxekoak ere erabili dituzu hamalauko finkoan.

Beharrezkoa da harrobia lantzea, eta, gainera, behartuta zaude TKEko araudiagatik. Oreka behar da. Balio duena sartu egiten dut, eta Kontxan lau harrobiko joan ziren. Niri berdin zait Santurtzikoa izan edo kanpokoa den: maila duena, barrura. Harrobia lantzen da Santurtzin, eta ez ditugu baztertzen etxekoak. Horien bueltan osatzen dugu taldea kanpokoekin, ahalik eta indartsuena izateko, eta etxekoak hobetzeko.

Datorren urtean ere bide beretik segitzeko asmoa duzu?

Hobetzea da asmoa, baina taldeari eustea izango da zaila.

Hainbesterainoko bai?

Hiru baja ditut dagoeneko, eta normala da, gauden egoeran egonda. Bi baja hamalaukoko finkokoak dira: Adrian Gonzalez eta Iker Pascual Zierbenara doaz. Hemen, zalantza asko ditugu. Babesle batzuk larri dabiltza, dirua emateko zailtasunak dituzte, eta udalak zer egingo duen ere batek daki. Hori guztia ikusita, arraunlari batzuk eta ni neu ere pentsatzen ari gara zer egin datorren denboraldian. COVID-19ak bota digu dena hankaz gora.

Datorren urteko Santurtzi kolokan egon daiteke?

Aurtengo diru sarrerak jaso gabe, ez zara hasiko datorren urtean zulo handiagoa egiten. Ez badago nahikoa diru, etxekoekin bakarrik atera beharko da, agian. Arraunlari gehienek jarraitu nahi dute, baina ez dute ziurtasunik horretarako. Gerta daiteke orain arte bezala jarraitzea, edo trainerua zintzilikatzea.

Zintzilikatu?

Denerako egon behar dugu prest. Egoera benetan da gogorra klubean, jendeak uste duen baino txarragoa. Gero, beste kontu bat dago: harrobiko guztiak etxera joaten badira, nondik aterako ditut arraunlariak?

Hamalauko talde finkotik kanpoan utzi duzun harrobikoari esan behar diozu orain ez joateko etxera. Oreka zaila, ezta?

Bai. Arraunlariak esaten dizu nola bidali nuen abuztuan, eta orain zertara noan bere bila. Konponbidea ez da erraza. Edo ni kanpora, eta beste bat dator beste ideia batzuekin, esanez denok hasten garela hutsetik. Edo, bestela, trainerua baldara.

Santurtzi zeharo ahulduko balitz kirol arloan, jarraituko zenuke?

Bai, eta oraindik eta indartsuago. Lau urteko lan gogorra ezin da kolpetik bota. Erortzen bagara ere, izan dadila kolpea ahalik eta leunena, traineruak segi dezala uretan. Arraunarentzat litzateke zartakoa. Horrekin lotuta, esaten ari naiz TKEko araudiekin gero eta traineru gehiago joango direla baldara.

Araudi horiek, teorian, harrobiko taldeak babesteko dira, baina, urtea joan eta urtea etorri, talde horiek doaz behera. Zer ari da gertatzen?

Hipokrisia handi bat dago. San Juan, San Pedro, Zumaia... klub historikoak behera joan dira, eta Orio bera ere joan zen. Araudi horiek jarrita daude Urdaibai, Kaiku, Astillero eta halakoei min emateko. Baina, gutxi-asko, horrelako talde gehienek liga nagusian segitzen dute. Ez, ordea, ustez arauak babestuta dauden harrobiko taldeek. Beti esan izan dut hau: taldeak gaztetu behar dira, baina ez oraingo arauekin. Behartu beharrean harrobiko hiru arraunlari sartzera, behartu 23 urtez azpiko zazpi arraunlari izatera taldean, edonongoak izanda ere. Horrela aterako lirateke arraunlariak.

Traineruen Kluben Elkartearekin aurrera doa arrauna?

Ez dut bilakaerarik ikusten. Sariak lehen baino txikiagoak dira. Araudiak zorrozten ari dira. Ezin duzu ezer esan, eta gero eta presio handiagoa jartzen digute. Arraunlari moduan, gaurko egunean atzerantz egin dugu. Kontrakoa saltzen dute, baina galdetu arraunlariei.

Batu behar al duzue arraunlariek noizbait?

Saiakerak egin dira, baina ez da ezer lortzen, arraunlari bakoitza bere klubaren alde egitera joaten delako. Elkarte bat osatzeko, denen onerako egin behar duzu lan.

Bermeoko klubean izandako aferaz zer duzu esateko?

Akatsak egin ditudala onartzen dut, eta barkamena eskatzen duten horietakoa naiz. Bermeok ez zuen ezer esan, eta ni ere isilik egon nintzen. Hortaz, kanpokoek zergatik hitz egin behar izan zuten? Itxita geratu zen auzia, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.