Albistea entzun

OSASUNERAKO MUNDU ERAKUNDEAREN TXOSTENA

Munduko 54 herrialdetan iodoa falta dutela ohartarazi du OMEk

1993. urtetik hona erdira jaitsi da munduan iodo eskasian ziren herrien kopurua, baina, hala ere,egiteko asko dago oraindik; iodorik ez hartzeak osasun arazo larriak sortzen dituela gogorarazi dute adituek
Tamaina handiagoan ikusi

AINARA ARGOITIA -

2004ko abenduak 23 - DONOSTIA

OME Osasunerako Mundu Erakundeak Iodo gabeziak munduan izenburuko txostena argitaratu zuen herenegun. Gatz iodatuaren aldeko kanpainaren azken hamar urteotako emaitzak eman ditu bertan, eta balorazio bat ere egin du. Bide batez, iodo faltak sortzen dituen osasun arazoak ere gogorarazi ditu. OMEk dio azken urteotan aurrerapauso handiak egin direla. Izan ere, 1993tik gaur artean erdira jaitsi da iodo eskasian diren herrialdeen kopurua. Edozelan ere, munduko 54 herrialdetan gabezia handiak dituzte oraindik ere.

«Gatz iodatuaren aldeko kanpaina oso eraginkorra izan da, eta datuek erakusten dute bide onetik goazela, lortuko dugula iodo eskasiaren arazoa konpontzea», dio Lee Jong-Wook OMEko zuzendariak hitzaurrean. «Iodo eskasiak osasun arazo larriak eragiten ditu, eta gabezia horrek umeei eta emakume haurdunei egiten die kalte gehien», zehaztu du. Oso kantitate txikian bada ere, giza organismoak eta gainerako ornodunenak iodoa behar-beharrezko dutela nabarmendu du OMEko zuzendariak txostenean.«Gutxitan hartzen da kontuan», baina lurrak duen iodo kantitatea «oso da garrantzitsua». Izan ere, lurrak iodorik ez badu, han hazitako landare eta animaliek ere nekez izango dute. Eta, ondorioz, gure dietak ez du iodo beharra beteko. Gure gorputzak 150 mikrogramo inguru behar ditu egunero, tiroide guruinak hormona tiroideoak sor ditzan. Hormona horiek 100 sistema zimatikotik gora erregulatzen dituzte. Ondorioz, tiroide hormona eskasia horrek osasun arazo larriak sortzen ditu. Iodo faltaren ondorio «larriena» kretinismoa da. Tiroidearen jarduera eskasak eragindako adimen urritasun sakonari deitzen zaio kretinismoa, eta endekapen fisikoarekin batera agertzen da gehienetan. Normalean umetan agertzen da gaitza, eta munduko leku askotan endemikoa da, OMEren arabera. Edozelan ere, gaixotasun eta alterazio «arinagoak» ere eragiten ditu iodo faltak.Hain zuzen ere, alterazio arinago horiek desagerrarazteko asmoz hasi zuen OMEk gatz iodatuaren aldeko kanpaina. «Errendimendu akademikoan eta adimen gaitasunean eragiten duten buruko alterazio eta nahaste neurologiko arinak saihestea da kanpaina honen helburua», zehaztu dute, txostenean. Osasunerako Mundu Erakundeaz gain, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa izan da kanpaina horren sustatzaile nagusia. Unicefek orain asko ez dela egin du kanpaina honen inguruko balorazioa. Haren esanetan, munduko familien %66k gatz iodatua erabiltzen dute egun.Txostenaren zati handi bat horrexi eskaini diote: gatz iodatuaren erabilerari. OMEk gernu azterketak egin ditu han-hemen, eta bozioa dutenen kopurua ere aztertu du. Bildutako datu horiekin zerrenda bat osatu du. Zerrenda horrek behar handienak non dauden erakusten du, besteak beste. Unicefek finantzatu du datu base hori egitea.Datutegi horretan azken hamar urteotako emaitzak gorde dituzte. 1993. urtean, esaterako, 126 herrialdetako datuak jaso zituzten guztira. OMEren arabera, herrialde haien egoerak nabarmen egin du hobera ordutik. Gaur egun, 126 herrialde horietatik 43tan behar beste iodo hartzen dute herritarrek, dietarekin batera. Beste 54 herrialdetan, baina, ez dute behar beste iodo hartzen. Horietatik 14tan iodo gabezia larriak dituzte. «Komeni da herrialde horietan gatz iodatuaren aldeko programei laguntzea», dio. Beste 29 herrialdetan, ostera, behar baino iodo gehiago hartzen dute. Horietako batzuetan komeni baino gehiago ere bai, larregi. Iodoaren gehiegizko kontsumoak tiroidearen disfuntzioa eragin diezaieke «pertsona sentiberei». Horren inguruan hauxe dio OMEk: «Gaitz iodatuak kalitatezkoa izan behar du, eta, horregatik, legez kanpoko produkzio eta salerosketaren kontra egin behar dugu». Gatz iodatua ere neurrian hartu behar da, osterantzean, hipertentsioa eragin baitezake. OMEk dio egunean 5 gramo gatz iodatu hartu behar dela gehienez.

OMEren erronkak

Kanpaina hasi zutenean jarritako helburuak betetzeko aukera ikusten du OMEko zuzendariak. Horregatik, bi erronka jarri dizkio bere buruari. Batetik, orain arte osatutako datu base horri eustea, eta urtero-urtero berritzea. Hori egin ahal izateko, Nazio Batuen Erakundearen laguntza beharko duela ere esan du. OMEk dio datu base hori oso lagungarria dela, urtetik urtera egiten diren aurrerapausoak ikusteko eta diru laguntzak nora bideratu behar diren jakiteko. Bestetik, gaur egun gatz iodaturik ez duten herrialdeei lagundu nahi die. «Herrialde guztiek izan behar dute eskura gatz iodatua», dio. Horretarako, tokian tokiko gobernuen eta OMEren bazkide diren erakundeen arteko elkarlana sustatuko duela iragarri du. Bide horretan, Unicefen laguntza ezinbestekoa izango zaiola ere nabarmendu du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.