Literatura. Hirudia

Idazteko bulkadez

Iban Zaldua.
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bai, litekeena da Primo Levik lager-aren esperientziatik pasatu izan ez balitz kimikari izaten jarraituko zukeela—berak «kimiko kaskar» esapidea onartuko zuenik uste ez dudan arren—. Baina ez diot guztiz sinesten aldarrikatzen zuenean —Hau gizon bat bada liburuaren 1976ko eranskinean, esaterako— «Auschwitzeko denboraldia bizi izan ez banu, ziur asko ez nukeen ezer idatzi izango». Eta ez diot guztiz sinesten, besteak beste, deuseztatze esparrura eraman baino lehenago idatziak zituelako, gutxienez, bi ipuin, meategi batean lanean ari zen garai batean, geroago Sistema periodikoa ipuin liburuan (1975) argitara eman zituenak —Juan Garziak euskarara egindako itzulpen ederra daukagu eskura, Alberdaniari esker—: nik susmoa dut Primo Levi, esperientzia horretatik pasatu izan ez balitz ere, idazle bilakatuko zela modu batean edo bestean, nahiz eta agian horren famatu —ez naiz ausartzen «arrakastatsu» ipintzen— ez bihurtu.

Baina esaten zuena egia biribila balitz ere, horrek ez lituzke gauzak gehiegi aldatuko, zeren eta, zergatik aitortzen zaio kalitate literario jakin bat Primo Leviren lanari, eta ez horrenbeste Holokaustoaren inguruan idatzi diren beste ehunka lekukotasun zuzen askori? Lekukotasun horiek idatzi zituztenen artean, bestalde, zenbatek garatu zuten Levirenaren antzeko karrera bat letren munduan? Literatura testigantza eta kontakizun soiletik haratago doan zerbait da; Anjel Lertxundik zioen bezala, literatura anekdota hutsetik haratago zerbait izan beharko luke, «anekdotak, beren horretan, bitxikeria soil biluzia diren aldetik», ez direlako literaturako gai: «hitzak ematen dio anekdotari literaturarako gai izateko aukera». Eta horixe da, txoko honetan bezala literaturaz ari garelarik, axola beharko ligukeena —besteak beste—.

Idazteko motiboak eta bulkadak asko izan baitaitezke, azken batean: 1) zerbaiten —kanpoko edo barneko— lekukotasuna ematea; 2) mundua aldatzea —eta are iraultza, zeinu batekoa zein bestekoa, egiten laguntzea—; 3) irakurleak heztea; 4) irakurleak entretenitzea; 5) dirua irabaztea; 6) boterea —politikoa, erlijiosoa, ekonomikoa…— limurtzea; 7) ospea lortzea; 8) ohitura —idazteko ohitura bera alegia—; edo 9) hurkoa molestatzeko gogoa —Augusto Monterrosori erantzutea gustatzen zitzaion bezala, idazteko akuilu nagusiak zeintzuk zituen galdetzen ziotenean: «nire izena egunkarian ikustea, eta hura ikustean lagunen bat gaitzitzea»—.

Horiek dira niri —hain zuzen ere Primo Levik 1985ean osatu zuen zerrenda batetik abiatuta: cfr. ¿Por qué escribe usted? bilduma, Fuentetaja 2001— bururatzen zaizkidan idazteko oinarrizko motiboak, askotan elkarren artean nahastuta ager daitezkeenak; ziur naiz irakurleari bestelako batzuk gogoratu ahal zaizkiola. Kontua da motiboak ez duela emaitza bikaina, erdipurdikoa edo negargarria izango ote den ziurtatzen, eta zio guztiek eman dutela —eta ematen jarraituko dutela—, noiz edo noiz, obra gorenik, are lurtarrenak edo mespretxagarrienak irudi diezazkiguketenek ere: ez dezagun ahaztu —Liburuaren Egun dohatsua bertan dugularik— Cervantesek edo Shakespearek diruagatik idatzi zutela batik bat –fortuna aldakorrarekin, hori bai—, eta Eneida bezalako lan bat, funtsean, Oktavio (a) Zesar Augustoren leinuaren loriarako manufakturatutako produktu bat zela.

Kontuan hartu behar badira ere, irudipena daukat idazteko bulkadek axola gutxi dutela, literatur lanaren emaitzari aurre egiten diogularik: azken finean, gauzarik hutsalena izan daiteke literatur lan goren baten abiapuntu, eta motiborik gorenena sekulako porrot baten iturburu. Eta horrek, ez dakit zergatik, Chestertonek esandako hura gogorarazten dit: «Behin batean nire sakelan zeuden gauzei buruzko poema liburu oso bat idazteko asmoa izan nuen. Baina luzeegia zatekeela pentsatu nuen, eta epika handiaren aroa joana da, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.