Frantziako Tourra

Sufrikarioak merezi izan du

Caleb Ewanek bigarren etapa garaipena lortu du, urrundik eta bakarka jotako esprint batean. Jakob Fuglsangek Tourra utzi du eroriko batengatik. Geraint Thomas ere erori da, baina ez du kalte handirik

Caleb Ewan, besoak zabalik, Nimesko helmuga marra gurutzatzen, atzo. Ezkerretara, Peter Sagan du, eta eskuinetara, Elia Viviani. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Sufrimenduak, kirolean behintzat, ez du beti ondoren gozamena ziurtatzen. Are gehiago, normalean, sufritzen dabilenak are gehiago sufritzen bukatzen du ezinaren ondorioz. Filmetan beti zintzoak irabazten ez duen bezala. Batzuetan, baina, logika hori hautsi egiten da, eta herioa pasatu duena zorionean plisti-plasta ikustean oso zaila da harekin ez enpatizatzea. Hori da Caleb Ewanen (Lotto-Soudal) kasua. Pirinioetako etapetan gorriak ikusi zituen, kalbario hutsa izan ziren, baina pasatu zituen, gutxienez, atzoko esprinta lehiatu ahal izateko. Eta, lehiatzeaz gain, irabazi ere irabazi zuen. Aurreneko Frantziako Tourra du, eta bi etapa garaipen ditu jada. Hura da errepikatu duen esprinter bakarra da.

Ewan zoratzear zegoen Nimesko helmugan, eta taldekideei eskaini zien garaipena. Ez zen gutxiagorako, zorretan dago haiekin. Baina ez atzoko egunagatik, bakar-bakarrik jardun zelako esprintean, aurrekoengatik baino. Herenegun sare sozialetan argazkia jarri zuen. Bera agertzen zen hiru taldekiderekin Prat d'Albisen gora, eta mezua argigarria zen. «Askotan ikusiko zenituzten nire kideak esprintetan laguntzen, baina telebistan ez da agertzen zenbat lan egiten duten ni kontrolez kanpo gera ez nadin. Beraiengatik ez balitz etxean nengoke honezkero».

Eta egia da. Datuak hor daude. Tourmaleteko eguna hainbestean pasatu zuen esprinter txikiak, baina Bagneres de Bigorre eta Prat d'Albisen gorriak ikusi zituen kontrolaren barruan sartzeko. Bagneresen, esaterako, 165. izan zen helmugan, azken-aurreko, irabazlearengandik 27 minutura. Hemezortzi kideko multzo batean iritsi zen, eta horietatiko bost Lotto-Soudalekoak ziren. Australiarren alboan gelditutakoak. Prat d'Albisekoa ere ez zen gozoa izan, 160. helmugaratu zen, 31 minutura Roger Kluge kidearekin batera. Hura da Ewanen bizkartzaina tropelean. Elkarrekin pasatu ziren Mitcheltonetik eta jenduarrean esan du bere funtzioa Ewan «zaintzea» dela.

Bada atzo, sufrimendu horrek guztiak zentzua hartu zuen. Baina ez nola edo hala, Ewanek ondo kostata irabazi zuelako esprinta. Hein handi batean, mendian alboan izan zituen taldekide horiek bakar antzean utzi zutelako. Bere taldeko bigarren txirrindularia 46. postuan helmugaratu zen. Baina Ewan pedal kolpe bikainarekin dago, eta, Tolosan (Okzitania) egin bezala, aurkarien arrastoa oso ondo baliatzen daki. 11. etapan Dylan Groenewegenen (Jumbo-Visma) gurpilera itsatsi zen, atzokoan, aldiz, Elia Vivianirena (Deceuninck-Quick Step) jarraitu zuen.

Vivianiren taldeak, ohiko denez, lan handia egin zuen, eta helmugatik 400 metrora hiru kide zituen aurrean: Michael Morcov, Max Richeze eta Viviani. Italiarrak errematerako aukera aproposa zuen, baina kosta egin zitzaion hastea. Denbora asko egin zuen Richezeren gurpilaren arrastoan, eta, ordurako, Ewanek erasoa egina zuen. Australiar txikiak (1.65 m.) esprint oso luzea egin zuen, 300 metro ingurukoa, baina gaur gaurkoz bera da bizkorrena. Aurrekoan esan zuen urte osoa gogorra izaten ari zela, hainbatetan izan baita bigarren Groenewegenen atzetik. Bada Tourrean atera du arantza. Guztira, zortzi garaipen daramatza aurten.

Esprintera arte etapak esperotako gidoia izan zuen: Bero latza eta ihesaldia. Helmugatik bi kilometrora harrapatu zituzten bost abenturazaleak: Alexis Gougeard (AG2r), Stephane Rossetto (Cofidis), Lukasz Wisniowski (CCC), Paul Ourselin (Total Direct Energie) eta Lars Ytting Bak (Dimension Data).

Thomas bai, Fuglsang ez

Etapak espero zen gidoia izan zuen, baina ez zen sustorik falta izan erorikoan erruz. Sailkapen nagusian goialdeko bi erori ziren, zorte ezberdinarekin: Jakob Fuglsangek —bederatzi garren zen— erretiratu egin behar izan zuen; Geraint Thomasek (Ineos), aldiz, min handirik gabe jarraituko du.

Fuglsang helmugatik 25 kilometrora erori zen. Kolpe handia hartu zuen ezkerreko besoan, eta taldeko autora igo zen. Mediku azterketaren arabera, ez du hausturarik, baina bai min handia. Ez da Tourra eroriko batengatik uzten duen lehen aldia. Erorikoak erabat aldatzen du Astanaren estrategia, eta, bide batez, Omar Fraile, Pello Bilbao eta Gorka Izagirreren egoera. Orain askeago ibiliko dira. Thomas, aldiz, etaparen hasieran erori zen. Berak onartu zuen bere errua izan zela, eta zorionez ez zuela kalte larririk izan. Tropeletik minutu batera egotera iritsi zen, baina arazorik gabe harrapatu zuen. Minutu bat galdu zuena, Nairo Quintana (Movistar) izan zen, ziur asko nahita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.