Kataluniako erreferenduma

Kaleak hartu dituzte ikasleek

Milaka ikasle irten dira kalera Bartzelonan, galdeketari babesa emateko. Bi greba egunetatik lehena zuten atzo unibertsitateetan, eta, Generalitatearen arabera, %80-90k egin zuten bat.

Unibertsitateko eta Bigarren Hezkuntzako milaka ikaslek manifestazioa egin zuten erreferendumaren alde, atzo, Bartzelonan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Jon Olano Urain
Bartzelona
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ikasle mugimendua izaten ari da urriaren 1ean bozkatu ahal izateko aldarrikapenaren abangoardia». Marta Rosique Universitats Per La Republica plataformako bozeramailearenak dira hitzak, atzo Bartzelonako kaleak bete zituen manifestazioan esandakoak. Plataformak deituta, greba eguna izan zuten atzo unibertsitateetan —baita Bigarren Hezkuntzan ere, Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuak deituta—, eta milaka eta milaka ikaslek egin zuten bat deialdiarekin.

Generalitateko Unibertsitate Idazkaritzaren arabera, %80 eta %90 arteko jarraipena izan zuen atzoko deialdiak. Kalean, behintzat, nabaritu zen hori. Eguerdian ziren egitekoak manifestazioa Bartzelonan, baina dezenteko atzerapenarekin abiatu zen; izan ere, 12:00ak jota zirela, jende uholdea zihoan oraindik abiapuntura bidean. Unibertsitate plaza elkargune, bertatik abiatu ziren kartelez, pankartaz eta, batez ere, esteladaz hornitutako gazteak, Hustu ditzagun ikasgelak, babes dezagun erreferenduma eta Ez dezatela demokrazia bertan behera utzi lelopean. Gran Viatik Espainia plazarako bidea hartu zuten, eta, handik, Santseko estaziora joan.

Kantuan eta oihuka egin zuen ibilbidea jendetzak; L'Estaca eta Els Segadors abestuz tarteka, «independentzia» garrasi eginez sarri. Espainiako Poliziaren helikopteroa zeruan bueltaka zebilela, «indar okupatzaileak kanpora» oihuarekin erantzun zioten, eta, oroz gain, mezu bat errepikatu zuten: «Bozkatuko dugu». Bidean, babesa jaso zuten balkoietara irtendako herritar ugariren aldetik, eta txalo artean eskertu zuten elkartasuna ikasleek; areago, manifestaziora 300 bat suhiltzaile batu zirenean. Herrialde Katalanak plazan amaitu zen martxa, eta, bukaeran, kanpainarako materiala zabaldu zuten.

Horixe baita plataformaren asmoa, Jordi Vives bozeramailearen hitzetan: «Kanpaina politikoa egingo dugu urriaren 1era arte, gure herriak erabaki ahal izan arte bere etorkizunaz». Vivesen esanetan, greba «masiboa» izan da, «baita unibertsitate pribatuetan ere», eta nabarmendu zuen «ikasleek deitutako mobilizazioen artean historiako handiena» izan zela. Antolatzaileen arabera, 80.000 lagunek hartu zuten parte hiriburuko martxan; Udaltzaingoaren arabera, berriz, 16.000k. Azken urteetako martxekin alderatuta, jendetsuagoa izan zen atzokoa; 8.500 bat lagun elkartu ziren 2016ko urrian errebalidaren aurka, eta 6.000 ikaslek egin zuten protesta 2009an, Bolonia Planaren kontra. 2015eko maiatzean, ordea, 25.000 lagun irten ziren kalera murrizketen aurka.

Bartzelonan elkartutakoei gehitu behar zaizkie Gironan, Lleidan eta Tarragonan protesta egin zutenak. Tarragonan, Rovira i Virgili Unibertsitateko eta institutuetako 1.400 bat ikaslek egin zuten manifestazioa; errektoretzaren aurrean amaitu zuten ibilbidea, kexatzeko igandeko erreferendumerako unibertsitateak ez duela lekurik utzi. Josep Lluis Ballesteros alkateak bozkatzeko lekurik utzi ez duela eta, haren dimisioa eskatu dute. Gironan, 2.500 ikasle inguruk hartu zuten parte manifestaldian, eta, Lleidan, berriz, 2.000 bat izan ziren.

Hiriburuetatik kanpo ere izan ziren mobilizazioak; esaterako, Manresan. Bartzelonako herri horretan, Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko 300 bat ikaslek Guardia Zibilaren kuartel aurrean amaitu zuten manifestazioa. Han, ordu erdiz aritu ziren independentziaren eta erreferendumaren alde oihu egiten.

Fiskalak, oharra ikastetxeei

Hain justu, igandeko erreferenduma defendatzeko, ikasle mugimendua izaten ari da sektore aktiboenetako bat; joan den astetik kanpaldian daude Bartzelonako Unibertsitatean, eta, Bigarren Hezkuntzan, asteazkenetik ari dira greba egiten. Horren harira, Espainiako fiskal nagusiaren Adingabeen Unitateak herenegun bidali zien instrukzio bat Kataluniako probintzietako fiskalei, «derrigorrezko hezkuntzan dauden adingabeak» baimenak hartzen ari direlakoan manifestazioetara joateko. Fiskalak ohartarazi zuenez, gurasoen baimena izan ala ez, ikastetxeak derrigortuta daude eskola orduetan adingabeak zaintzera. Gaurko ere antolatuta dute greba unibertsitateetan nahiz institutuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.