Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Literatura-lantegian

2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Baiezkoa arinegi eman ostean, hasieratik izan nuen susmoa literatura-lantegia gidatzeko ardurak buruhauste handiak ekarriko zizkidala, eta halaxe izan zen.

Ikastaro luze samarra zenez eta material gutxi nuenez prestatuta, pentsatu nuen ez zela kalterako izango lehen ikastordua irakasle-ikasleak elkar ezagutzara bideratzea. Horretarako, ikasleei galdetu nien zer eratako literatura maite zuten, zergatik eman zuten izena ikastaroan eta zer jasotzea espero zuten.

—Oso pertsona sentibera naiz—azaldu zuen batek—, baina eguneroko bizitzak ez dit aukerarik ematen barruan borborka ditudan sentimendu guztiak kanporatzeko. Horregatik, idazten hasi naiz, eta ikastaro honetan alderdi teknikoa landu nahi dut, idazketaren bidez nire sentimenduei irtenbide eroso eta egokia emateko.

—Nik ikaragarri gozatzen dut nobela beltzak irakurtzen —esan zuen beste batek—. Alberto Ladron Aranaren nobela guztiak irakurri ditut, plazer handiz, eta sekulako inbidia ematen didate. Nire ametsa horrelako nobela bat idaztea da.

—Gauza bera gertatzen zait niri nobela historikoekin. Toti Martinez de Lezearen beltza izatea gustatuko litzaidake.

—Ba ni zientzia fikzioaren friki bat naiz, eta gure hizkuntzan genero hori oso gutxi landu da azken urteetan: Mayi Pelot zenaren, Inaki Irazabalbeitiaren eta Edorta Gonzalezen azken lanak oso aspaldikoak dira, eta harrezkero ipuin solteak baino ez dira idatzi, haur eta gazte literaturakoak gehienak. Horregatik, proba egin nahi dut, ea, zorte pixka batekin, arrakasta lortu eta idazle ospetsu egiten naizen.

—Aitona zenaren historia idatzi nahi dut nik, familiako kideen artean banatzeko. 36ko gerran gudari izan zen, eta orain dela gutxi agertu da haren gorpua.

—Literatura, niretzat, hizkuntzarekin harreman estuagoa eta aberatsagoa izateko bidea da. Hizkuntzaren zoko-moko guztiak ezagutu eta esploratzea maite dut, erabilera berriak bilatzea hitz eta esamolde zaharrei, hiztegiaren armairu itxitik plaza zabalera irten daitezen solastatzera, jolastera, kantatzera eta dantza egitera.

—Sexuaren plazera luzatu nahi dut literatura erotikoa idatziz, orain artean literatura erotikoa irakurriz egin dudan bezala.

—Gizartean egunero jasaten ditugun askotariko bidegabekeriak salatzeko idatzi nahi dut nik, zapaltzen gaituztenak salatzeko eta gizarte eredu berrien aldeko kontzientzia zabaltzeko. Literaturak ahotsik gabekoen eta azpiratuen mintzo ozen eta urragarria izan behar du: txiroena, langile prekarioena, immigranteena, beltzena eta gainerako arraza menostuetako pertsonena, LGTBQena, emakumeena...

—Ba nik, terrorismoaren biktima naizenez, nire lekukotasuna eman nahi dut, gure hizkuntzan oso gutxitan egin baita hori.

—Funtsean, neure burua kritikatzeko idatzi nahiko nuke nik, neure miseria moralez ohartu eta gogoeta egiteko, pentsatuz nireak ez ezik balizko irakurlearenak ere izan daitezkeela, eta ohartarazpen eta gogoeta horiek hobekuntzarako tresna izan daitezkeela.

—Literaturaren bidez gure herriari buruz dauden gaizki-ulertuak eta aurreiritziak deusezta ditzakegula uste dut, eta herritarren arteko loturak sendotu. Herria egiteko bide eraginkorra irizten diot literaturari.

—Ni maitaleak bultzatu nau. Matrikula ere berak egin dit. Amodiozko gutun bat bidaltzea bururatu zitzaidan behin, eta boligrafo gorriz egindako zuzenketez goitik behera zipriztinduta itzuli zidan.

Ikastorduak aurrera egin ahala, gero eta nahasiago sentitu nuen urdaila, harik eta halako batean, tripei gehiago ezin eutsita, barkamena eskatu eta komunera jo behar izan nuen arte, larri-larri, txahalarena egitera.

Etxera itzuli orduko, artean ere zuri-zuri eta neure onera etorri gabe, telefonoa hartu eta ordezko baten bila hasi nintzen, ohera sartu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.