Frantziako Tourra

Egan aurrerantz, eta lur hartu

Garailerik gabe geratu da Frantziako Tourreko 19. etapa, errepidean jazotako luizi batengatik bertan behera utzi baitute. Egan Bernalek jantzi du elastiko horia; Iserango denborak hartu dituzte kontuan

Luizi horrek eragin zuen, besteak beste, etapa bertan behera uztea.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Geldiezina zirudien Egan Bernalek (Ineos) atzo, baina gauzak ondoen jartzen ari zitzaizkionean oinak lurrean jarri behar izan zituen. Bikain zihoakion Frantziako Tourreko 19. etapa, eta txirrindulari kolonbiarrak erakustaldi handia egin zezakeen. Lasterketaren buruan zihoan Mitchelton-Scotteko Simon Yatesekin batera, eta kolpe bikoitza erdiesteko moduan izan zitekeen: etapako garaipena eskuratu, eta elastiko horia janztea. Erdizka bete zuen helburua. Lortu zuen xede nagusia, sailkapeneko lehendabiziko postuaren jabe egitea, baina ez zuen besorik altxatu Tignesko helmugan.

Naturak oztopatu zion halakorik egitea. Lasterketa amaierarako 26 kilometro falta zirela, Tourreko zuzendariaren autoa Bernalen eta Yatesen parera iritsi zen, eta indargabetu egin zuen lasterketa. Kilometro gutxi batzuetara, errepideak zuen egoera kaskarrak oztopatu egin zuen ziklisten jarduna; txingor jasak arazoak sortu zituen, batetik, eta, horrez gain, luizi batek itxi egin zuen bidea. Ezinezkoa zen helmugara bidean hortik igarotzea. Egoera horrek nahasmena sortu zuen ordutik aurrera. Elastiko horiaren jabe egiteko lehia bete-betean zela jazo zen, eta egunak iraulia emana zuen ordurako.

Bernalek Iseranen gora erakutsitako erraztasunak agerian utzi zuen aldaketa egongo zela Tourreko lidertzan. Kolonbiarrak eskura zuen lehen postua, ordurako Julien Alaphilippi (Quick Step) aldea jan eta bi minututik gorako tartea atera baitzion, baina jakiteko zegoen zein izango zen antolakuntzaren erabakia etaparen inguruan. Eztabaida gutxi onartzen zuena erabakia bera zen; telebistak irudiek argi uzten zuten ez zegoela maldan behera jarraitzeko modurik, ez behintzat txirrindulariak arriskuan jarri gabe.

Gertakariak kolorea kendu zion aurrez ederra izaten ari zen etapari. Lasterketa motza zen, baina malkartsua, eta horrek hankaz gora jar zezakeen Frantziako Tourra. Horixe zuten xede Bernalek eta Geraint Thomasek (Ineos), baina kolonbiarra izan zen hobekien moldatu zena malkarretan. Iseran gainera iristeko zazpi kilometro baino gutxiago falta zitzaizkiola jo zuen erasoa, eta aise harrapatu zuen aurrean zuen taldetxoa. Ez hori bakarrik; hari eusten saiatu zirenek ere ez duten luzaroan iraun haren gurpilera.

Bat aise, bestea estu

Bernalek Yates lagun hartuta gainditu zuen mendate nagusia. Beste bat ere bazegoen iragarria, Tignesen, baina hara iritsi aurretik utzi zuten lasterketa bertan behera. Hori horrela, txirrindulariek lanari utzi eta denbora batera jakin zuten antolakuntzak etapa garailerik gabe uztea erabaki zutela, Iserango denborak hartu zituztela aintzat sailkapen nagusiari begira, han baitzegoen ezarria azken kronometro ofiziala. Gauzak horrela, Bernalek aurrea hartu dio Alaphilipperi sailkapen nagusian, eta, biharko eguna falta delarik, argitu egin zaion Pariserako bidea.

Frantziarrak gorriak ikusi zituen Iseranen gora. Herenegun nola hala eutsi zion hautagai nagusien tropelari, baina atzo bi minututik gora galdu izanak kendu egin dio elastiko horiaren jabetza, eta jakitun geratu da non geratuko zatekeen lasterketak bere horretan jarraitu izan balu. Gogorrak egin zitzaizkion maldak.

Ustekabea eta emozioa

Ezuste eta emozio askoko etapa izan zen atzokoa. Lasterketa hasi berritan iritsi zen lehendabiziko albistea.Thibaut Pinotek (Groupama) minez ekin zion lehiari, eta gainontzekoek baino lehenago jarri behar izan zituen oinak lurrean. Giharretako minez egon da azken egunetan, eta 40. kilometroan utzi egin behar izan zuen, aurrera jarraitzeko bi saiakera egin ostean. Sailkapen nagusian ondo kokatua zegoen Pinot, bosgarren postuan, eta modu garratzean agurtu du lehia.

Bestelako kontuengatik, bainahautagai nagusiek ere eman zuten zeresana. Alejandro Valverderen (Movistar), Rigoberto Uranen (Education First) edo Vincezo Nibaliren (Bahrain Merida) gisako txirrindulari garrantzitsuak sartu ziren eguneko ihesaldian, eta haiek arduratu ziren Bernalek erasoa jo baino lehen giroa berotzeaz. AG2R taldea ere prest agertu zen saltsarako, Romain Bardet taldekidea lehia horretan sartzeko.

Ezohiko etapa bat izan zen. Distiratsua batzuetan, bizia besteetan, eta zapore mingotsekoa amaieran. Batzuentzat besteentzat baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.