Kolpeka-kolpeka, Berasaluze II.ak eta Albisuk saria

Bi jotzaile egurrean zirela, huts askoko partida izan da Eibarkoa, eta hirutik hiru galduta geratu dira Ezkurdia eta Zabaleta

unai zubeldia
2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ezker eskuarekin hamargarren koadroa ukituz, bi jotzaile handiren arteko ikuskizun bikaina izan zen atzo Eibarko Astelena pilotalekuan. Ez, partida ez zen izan denbora askoan gogoratzeko horietakoa; hutsak nahi baino gehiago pilatu zituzten lau pilotariek —25 denera—. Baina Albisu eta Zabaletaren gisako bi pilotari puskarekin, bakoitzak bospasei huts ez pilatzea da harrigarria. Bederatzi egin zituen Albisuk, eta sei Zabaletak. Baina estatistiken atzean dagoenari begiratuta, txapelketa honetan egin dezaketenaren zati txiki bat erakutsi zuten biek. Ez baitira, alferrik, iazko txapelketako bi atzelari finalistak. Erabateko orekarik gabe, eta Berasaluze II.aren txispa ikaragarririk gabe, baina Asegarceko bikoteak lehen abisu argia eman zuen atzo Ezkurdia eta Zabaleta 22-16 menderatuta. Galtzaileak, berriz, jokatutako hiru partidak galduta geratu dira, azken postuan.

Sasoian dagoenean, plazer handia da Albisuren joari begira egotea, eta ataundarrak goi mailan ekin dio txapelketari. Iazko finaleko lesio larria erabat ahaztu gabe, nahi baino gorabehera gehiagorekin ari da Berasaluze II.a, baina, biak egonkortzen direnean, edonor estu hartzeko moduan izango dira. Boladaka, txiki utzi zituztelako Ezkurdia eta Zabaleta. 6-1 aurretik jarri zirenean, eta 7-6kotik 15-6kora ihes egin zutenean, esaterako. Pilotak erraz-erraza ematen du Albisuk astindu eta Berasaluze II.ak tantoa bukatzen duenean.

Hori bai, 15-11kotik 20-11kora zuzenean joan zirenean, burua lanean hasi, eta 20-16 gerturatu zitzaizkien Ezkurdia eta Zabaleta. Tarte horretan hiru huts pilatu zituen Albisuk, eta bi Berasaluzek. Ataundarrak bolea harrigarriarekin moztu zuen, ordea, urdinen emaria, eta, 22-16koarekin, azkenerako hainbestean uxatu zituzten lehen bi jardunaldietako mamuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.