Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Edetaria, erromatar bidean

2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Tarragonako probintzian (Herrialde Katalanak) kokatuta dagoen sormarka da Tierra Alta, Tarragonako mendebaldean, hain zuzen ere: Ebro ibaiaren eta Aragoiren mugen artean, alegia. Sei mila bat hektarea mahasti lantzen dituzten bertan. Ez da, beraz, oso handia.

Ardogintzan tradizio handikoak dira lurralde haiek, eta gaur egun auzoko duten Prioratek emandako urratsei jarraitu nahi diete.

Paraje haietan terraza naturaletan landatzen dute mahatsa. Klima mediterranearra da, bainakontinentalaren eragin nabarmenarekin. Hala, zero azpitik sei eta hogeita hemezortzi graduren arteko gorabeherak izaten dira. Ez du euri asko egiten, eta horregatik oso inausketa motza izaten dute mahatsondoek, lurretik gertu egonik haren hezetasuna profitatzeko.

Macabeo eta, batez ere, garnatxa zuriz eginiko ardo zuriak dira nagusi: boteretsuak, gorputz handikoak eta alkohol ugaridunak. Baina beltzen ekoizpena ere oso azpimarragarria da. Garnatxa beltza, garnatxa iletsua, ull de lebre (tempranilloa) eta cariñena dira beltzen artean mahatsik nabarmenenak eta bertokoenak. Oso entzutetsuak dira, era berean, Terra Altan egiten diren ardo gozoak eta mistelak.

Gaurkoan hemen erakutsi nahi dudan upategia ondorengoa da: Edetaria. Joan Angel Lliberiaren proiektu pertsonala da Edetaria. 2003an abiatu zuen. Aita nekazaria eta aitona enologoa izaki, ez da hain zaila ulertzea ardoarekiko eta, batez ere, mahastiekiko sentitzen duen pasioa. Proiektu hori martxan jarri aurretik, Raventós i Blanc upategian aritu zen lanean, komunikazio arduradun moduan.

Lliberiak honela esaten du:«Lan zorrotzaren, eskarmentuari eta intuizioari uko egiten ez dion inprobisazio puntu baten, naturaren eta tradizioaren errespetuaren emaitza dira nire ardoak». Nik horri terroir kontzeptua ere gehituko nioke, eta ia-ia ukitu artistikoa ere badutela esatera ausartuko nintzateke: batez ere garnatxa zuriz eginiko ardo zuri bikainek, apartek.

Edetariak mahasti propioak baino ez ditu erabiltzen ardoak egiteko. Gehienak oso zaharrak dira, eta denak ere bost terroir edo lur mota desberdinetan landatutakoak.

Izena Edetana bide erromatarretik dator. Tarragonari, Tortosari eta Zaragozari Ebro ibaiaz gaindiko komunikazioa bat emateko sortu zen bide erromatar hori.

Garnatxa beltzarekin lan bikaina egiten ari badira ere, gaurEdetaria zuria nabarmendu nahi dut. Ardo boteretsua da,eta garnatxa zuriaren izaera modu ezin hobean erakusten du. Hala, lurraren isla paregabea suertatzen da.

Alkohol ugari izan arren, ez du oreka galtzen, eta frutak eta azidotasunak izaera aparta eta bakana ematen diote, gorputz handikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.