Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bierzoko 'El Valao'

2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Valtuille de Abajo Villafranca del Bierzo udalerriko herrixka bat da, haren izenak erakusten duen moduan Leongo (Espainia) Bierzoko parajeetan dago, Galiziatik oso gertu. Valtuillen zein inguruko herrixketan begiak ondo zabaltzea nahikoa da ardoak zer garrantzia duen ohartzeko, besteak beste, paisaian mahasti zahar bezain dotoreak nabarmentzen direlako.

Azken urte hauetan, Bierzoko ardoak izena eta zona hartu baldin baditu ere, ez dugu ahaztu behar garai txarrak ere pasatu behar izan dituela, indarrik zein izaerarik gabeko ardoak izan baitira nagusi inguru horietan, beste leku askotan moduan, urte askotan.

Baina inguruetako paisaia dotorea eta ederra bada, ezin dugu gutxiago esan bertako jendeari buruz eta haiek ardoarekiko duten errespetuari eta maitasunari buruz; horrek ahalbidetu baitu Bierzo eta bertoko ardoak dauden tokian egotea.

Beste mahats batzuk ere lantzen badira ere, mencia —beltzetan— eta godello —zurietan— dira, zalantzarik gabe, Bierzoko altxorrak; eta horiek oinarri dituztela egin dira ardorik bikainenak eta dotoreenak.

Mahastiak malda buztintsuetan daude, eta horrek heldutasun orekatua eta dotorezia ahalbidetzen ditu. Mahastia partzela txikietan hedatzen da, plantazio estuetan, eta baso itxurako inausketarekin; ondorioz, lan guztiak eskuz egin behar dira.

Vinos Valtuille S.L upategian ere oso argi dute: «Ondo egindako lana, lurraren zainketa eta kalitatea dira helburu nagusiak».

Familiak mahastiarekin zuen harremana oso aspaldikoa bazen ere, Vinos Valtuille 1999an sortu zen, Dimas Garcia buru zela, nahiz eta gero Marcos semeari eman zion erreleboa.

1910ean erosi zituzten haien arbasoek lehen mahastiak Valdoneje parajean, eta, gaur egun ere, Valdonejeko mahastietan jaiotako mahatsek osatzen dute Pago de Valdoneje Viñas Viejas ardo bikaina, upategiko ezagunena seguruenik.

Ados egon zen familia osoa Pago de Valdoneje marka moduan jartzeko, eta upategiko ardo gehienen izenaren oinarri izan zedin; arbasoak eta, batez ere, Antonio aitona omentzeko, hura izan baitzen lursail hura utzi ziena.

Pago de Valdoneje Joven, Pago de Valdoneje Roble, Pago de Valdoneje Viñas Viejas, Pago de Valdoneje Godello eta Cabanelas dira upategian egin izan diren eta egiten diren ardoak. Gaur egun, beste ardo bat ere badago merkatuan, El Valao izena daramana, eta gaur hemen nabarmendu nahi dudana.

Ardo bikain horrek sei-zortzi hilabete ematen ditu upel frantziarretan ontzen, beti ere upel erabiliak, sekula ez berriak, egurrari protagonismoa kendu eta fokua mahatsean jartzeko, eta ehuneko ehunean mencia mahatsez egina da.

Sudurrean freskoa da, masustaren, eukaliptoaren eta mendaren arteko nahaste bikaina erakutsiz. Ahoan, berriz, ardo sakona da eta fruta nabarmentzen dela esango nuke, amaiera bikaina erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.