Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ira, garo, iratze

2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Eulogio Pomaresek oso ondo ezagutzen du albariño mahatsa; albariñoa, eta, egia esan, Galiziako beste berto-bertokoak diren mahats motak ere bai.

2000. urtetik hona Rias Baixas sor-marka daraman Zarate upategian ari da lanean enologo-mahastizain moduan, eta bere lorpenak izugarriak dira.

Baina Zarateko lanaz aparte, beste proiektu bat abiatu zuen 2012ko abuztuan, Fento Wines hain zuzen ere.

Fento-k, galegoz, ira, garoa edo iratze esan nahi du; Galizian eta gure artean ere, basoetan hedatzen den landare oso ezaguna.

Zergatik fento? Bada… Eulogioren hitzetan, «garoek, irek, bizitza osoa ematen dutelako haien sustraiak dauden tokian. Lur horietako pertsonek bezala. Lur horietan, Atlantikoko haizea sakontasunez sartzen da, eta gertatzen den guztia laguntzen dute».

Fento Wines proiekturako, Eulogio Pomaresek hainbat mahastizain txikirekin egiten du lan, eta Galiziako ardoen ikuspegi desberdin bat, modernoagoa, eskaintzen du, mahatsen eta haien ñabardurak erakutsiz; baina hori dena, aurkezpen eta ikuspuntu desberdin batekin.

Proiektu honetan, mahastizaintza naturala eta ardoztatze modu berriak uztartu ditu Pomaresek, mahatsondo-zorua-klima-mahastizaina multzoari izugarrizko garrantzia emanez.

Galizian, batez ere Rias Baixasen, egiten dituzte ardoak Fentokoek, baina Ribeira Sacran ere egiten dute Xabre ardo beltza, mahats autoktonoak erabiliz: mencia, brancellao eta merenzao, hain zuzen ere. Quiroga- Bibei eskualdean landutako mahatsez egina da. Manzaneda udalerrian, altuera nabarmeneko mahastietan egiten dute, terrazatan landatuta daude, granito ugariko lurretan, eta buztina zein arbela tartekatuz. Klima freskoa dute, Atlantikoan murgilduta.

Azkenaldi honetan, Portugalera ere egin dute jauzi, Daoko lurretara, hain zuzen ere; han, Quinta da Pelladako AlvaroCastrorekin elkarlanean aritzeko. Portugalen alfrocheiro, jaen eta baga mahatsekin egiten dute lan.

Baina arestian esan bezala, Rias Baixasen egiten dituzte ardorik gehienak, zuriak zein beltzak.

Zurietan, Fento, La Liebre y La Tortuga eta Bico da Ran dira markak; eta beltz bat baino ez dute egiten; Fento izenekoa hori ere.

Fento biak eta La Liebre y La Tortuga ardoak Condado de Tea azpieskualdeko mahatsez eginak dira, eta Bico da Ran, berriz, Valle de Salnes azpieskualdeko mahatsez.

Baina ez dut Daoko (Portugal) La Galaxia ardoa ahaztu nahi, ardo bikaina bezain berezia baita. Mahastiak Estrela mendizerran daude sakabanaturik, Atlantikotik datozen haizeetatik babesturik. Ardo gorria da, dotorea eta konplexua. Ahoan freskoa eta biribila, belusa bezain leuna. Lehen aipatu bezala, Quinta da Pellada upategian egiten dute, Alvaro Castroren laguntzarekin.

«Gizakiak naturari gehitzen dion guztia sobera dago, gizakia bera barne». (Eulogio Pomares).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.