Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Kondearen baseliza

2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Ermita del Conde upategian, proiektu bat dugu. Ez proiektu enologikoa soilik; gizarte proiektu bat dugu, Coruña del Condeko nekazari inguruarekin eta familiekin konpromisoa duen proiektua».

Goiko lerroak irakurri nituenean, bitxia iruditu zitzaidan idatzitakoa; bitxia eta polita. Upategiko ardoak ezagutzen nituen, laurak: ardo beltzetan, El Vuelo, Ermita del Conde eta Pago del Conde; eta Ermita del Conde ardo zuria, erabat albillo mayor mahatsez egindako ardo zuri bikaina; ehun urtetik gorako mahastietatik jasotako mahatsez egina. Haien konpromisoa eta abar berriak dira niretzat, eta horrek egin du interesgarri niretzat upategi hau, ardoaren ezbairik gabeko kalitateaz gain.

Aurrez aipatu bezala, upategia Coruña del Conden dago (Burgos, Espainia); Burgosko hegoaldean, hain zuzen ere.

Proiektua Marta Gomendio madrildar enpresariak abiatu zuen. Adreiluak alde batera utzi, eta lurrarekin eta mahastiarekin lotura zuzen eta estuan jartzea erabaki zuen, buru-belarri, duela hamar bat urte.

Coruña del Conde mahasti zahar-zaharrez inguraturik dago, eta Ribera del Duero sor-markak babesten dituen lurrekin muga-mugan; baina, arrazoi administratibo zein geografikoak tarteko, Ermita del Conde upategiko ardoek ez daramate sor-marka hori.

Enologiari dagokionez, kalitatezko ardoak egiteaz gain, haien helburu nagusiak hauek dira: alde batetik, ehun urtetik gorako mahastiak berreskuratzea, eta, bestetik, albillo mayor mahats zuria berreskuratu eta nabarmentzea, indartzea.

Proiektua aurrera eramateko, zenbait abantaila dituzte, eta haietako bat da inguruaren ezaugarriak ezin hobeak direla ardoa egiteko: ia mila metroko altueran, askotariko lur motak eskura... Ardo orekatuak, iraunkorrak eta luzeak egiteko baldintza ezin hobeak, ardo freskoak eta biziak ahalbidetuz.

Lehen aipatutako helburuez gain, iraultza txiki bat ere egin nahi dute lur horietan, albilloa, tempranilloa eta bobal —valenciano moduan ezaguna paraje horietan— mahatsek eman dezaketen onena ateratzeko, eta, horrela, Dueroko Erribera abiatzeko eta hain famatuak izan ziren gorriak berreskuratzeko.

Baina, lehen aipatu bezala, proiektuak duen alde soziala da proiektua erakargarri bilakatzen duena: alde batetik, neurri handi batean, kanpotik ekarritako mahatsen eraginez bertan behera utzitako mahastiak berreskuratzen ari direlako, baina, betiere, bertoko nekazari eta mahastizain beteranoekin elkarlanean arituz eta ilusio eta kezkak partekatuz.

Eta, gero, etorkizunerako ilusioa berpiztu, hazia jarri zutenen seme-alabentzako eta ilobentzako ilusioa hain zuzen ere, mahastizainei prezio duinak eskainiz eta lana esfortzuaren eta ahaleginaren sari bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.