Alkateen Nazioarteko Konferentzia

Estatu gabekoen aldarria

Autodeterminazio eskubidea eta preso politikoen egoera izan dituzte mintzagai Alkateen Nazioarteko KonferentzianBakea kultur aniztasunaren errespetuan oinarritu behar dela azpimarratu dute

Atzoko saioan parte hartu zutenetako batzuk. Erdian, Bieter Boiseko alkatea eta Zaragueta konferentziako ohorezko kidea. A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko nazioek leku berezia izan dute Donostian egin den Bakearen Aldeko Nazioarteko Alkateen Konferentzian. Bi egunean herrialde horietako alkate eta hautetsiek eta nazioarteko hainbat adituk azaldu dituzte egoera horrek eragin dituen ondorio gatazkatsuak eta horiek konpontzeko egindako ahaleginak. Horrekin batera, autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria ozen entzun zen atzo, konferentziaren bigarren eta azken saioan. Baita «preso politikoentzako» elkartasun eta babes mezuak. Euskal Herriko diasporako, Kurdistango, Flandriako eta Ipar Irlandakoen azalpenek erakarri zuten han bildutakoen arreta.

David Bieter Boiseko alkatea (Idaho, AEB) izan zen Euskal Herriaren «ordezkaria» atzo. Bere euskal jatorria gogoratu ondoren, Boise hiriari buruzko azalpen batzuk eman zituen, euskaraz. Idahon euskal jatorria duten 50.000 lagun inguru bizi direla gogoratu zuen, eta horien artean aurreko astean hil zen Idahoko estatu idazkari ohi Pete Cenarrusak eginiko lana nabarmendu zuen. Esan zuen ahalegin handia egin zuela Cenarrusak Euskal Herriko egoera AEBetan zabaltzeko, bai frankismo garaian bai gerora ere. Ondoren, Cenarrusarekin batera eginiko lanaz mintzatu zen Bieter. Idahoko Parlamentuak 2001ean onartu zuen autodeterminazioaren aldeko adierazpenaren karietara Espainiako Gobernuaren ordezkari Javier Ruperezekin izandako ika-mika gogoratu zuen. «Horrek mesede egin zigun, Euskal Herriaren egoeraren berri zabaldu baikenuenmundu osora». Bieterrek bere hitzaldia amaitu zuen euskal diasporak konponbidearen alde egin dezakeen lana azpimarratuz: «Euskal diasporakoek bat egiten dugu autodeterminazio eskubidearen alde, eta gure babesa beti izango duzue; eskubide sinplea da, eta errespetatu beharrekoa. Guk ahaleginak egingo ditugu eskubide hori errespetatua izan dadin», esan zuen.

Kurdistango ordezkariek ere hitz egin zuten atzo. Serhat Temel Turkiako Kurdistango Batmaneko alkateak tokiko errealitateak Kurdistango bake prozesuari zer eskaintzen dion azaldu zuen. Bakebideak gizarte zibilarekin batera ezartzen ari direla azaldu zuen. Era berean, munduko hainbat herrirekin senidetasun hitzarmenak egiten ari direla adierazi zuen, bake eta giza eskubideen alde, eta mugaz bestalde ere, Siriako Kurdistanen, adibidez. Temelek azaldu zuen gatazkak zauri larriak eragin dituela Batmanen. Eta bereziki hildakoak izan zituen gogoan, atentatuetan hildakoak eta horien ondorioz beren buruaz beste egindako emakumeak. Hainbat ikerketa sustatu dituzte heriotza horiek eragindako ondorioei buelta emateko, eta hainbat proiektu jarri dituzte abian. Horren harira, azpimarratu zuen emakumeen alorrari indar berezia ematen ahalegindu direla. Azkenik, presoen egoera ekarri zuen gogora. preso kurduena eta euskal presoena. «Gatazkak ezin dira konpondu sektore ezberdinetako politikariak kartzelan sartuz», azpimarratu zuen.

Sinam Mohamadek, berriz, Siriako kurduen egoera azaldu zuen. Siriaren egungo egoeran, «batzuekin edo besteekin» bat ez egitea erabaki dutela azaldu zuen, gatazkak luze joko duelako, eta, autodefentsa moduan, herri kurduaren eskubideak defendatzen jarraitzeko. «Gure estrategia demokraziarena da», adierazi zuen. Mohamadek azaldu zuen beraiek arduratzen direla beren lurraldeko administrazioaz, eta azpimarratu zuen gainerako jendearekin partekatzen dutela boterea, izan arabiarra, judua edo kristaua. «Guk bakea nahi dugu, demokrazia nahi dugu gure eskualderako. Guk denak babesten ditugu». Nazioarteari babesa eskatu zion Mohamadek. «Sirian denek nahi dute borroka, eta beraiena bakarrik errespetatzea eta bultzatzea. Gu, berriz, bakean tematuta gaude, Kurdistan osoan, Iraken, Turkian edo Sirian».

Belfasteko zinegotzi Caoimhin Mac Giolla Mhinek, berriz, Ipar Irlandako hiriburuaren berri eman zuen. «Atzean utzi behar diren» jarrerez mintzatu zen. Horri buelta emateko prozesuak luze joko duela azpimarratu zuen, oraindik jende asko dagoelako «bakearen aurkako borrokan». «Gure betebeharra da etorkizun hobe bat sortzea. Denok batera lan egin behar dugu, bereziki gatazkak gehien jo dituen eragileekin: langabeekin, gazteekin, presoekin...». Presoak oso gogoan izan zituen Mhinek. Adierazi zuen Ipar Irlandan funtsezkoak izan direla, Belfasten ehundura sozialean pisu handia dutelako, garrantzi handia izan dutelako bizikidetza sustatzeko informazio eta elkarrizketa programetan; hala ere, azpimarratu zuen aurrera egiteko ezinbesteko baldintza dela presoak ahalik eta azkarren askatzea. Aurrera egiteko beste erronken artean, hazkunde ekonomikoa eta aniztasuna nabarmendu zituen Mhinek. «Ezinezkoa da XXI. mendeko erronkei aurre egitea aniztasuna eta gutxiengoak onartu gabe».

Haserrea eta grina

Flandriako ordezkariek amaitu zuten atzoko saioa. Steenokkerzeeleko alkate Kurt Ryonek euskaraz hasi zuen bere hitzaldia, euskal presoen «omenaldi» gisa. Bere belaunaldiak ez duela indarkeria politikorik ezagutu adierazi zuen, baina bai «haserrea». Flandriako gizartean bakearen ideia «oso txertatua» dagoela adierazi zuen. Historian atzera egin zuen hori azaltzeko, I. Mundu Gerrara. Horrek Flandriako oroimen kolektiboan bizirik jarraitzen duela azaldu zuen, eta «trauma» bat izaten jarraitzen duela. Flandriarren «independentziarako grina» I. Mundu Gerratik dator, Ryonek azaldu zuenez. «Belgikaren alde egin zuten gerra, beren eskubideak errespetatuak izan ez ziren arren». Azpimarratu zuen gerora ere eskubide horiek ez direla errespetatu, eta independentziaren aldeko grina handituz joan dela, «baina beti modu baketsu batean».

Jan Loones Flandriako beste ordezkariak Koksijde alkatetzak bakearen alde sustatutako egitasmoak azaldu zituen. Bereziki «memoriaren turismoa» deituriko alorrean egindako lana azaldu zuen, eta guda zelai izandakoetan eginiko zenbait interbentzio azaldu zituen. Horrekin batera, adierazi zuen hainbat azpiegitura sortu eta hezkuntza planak garatu dituztela bakearen kultura zabaltzeko. Ryonek bezala, Loonesek azpimarratu zuen flandriarren DNAn txertatuta dagoela bakearen kultura. Azkenik, nabarmendu zuten flandriarrek beren kultur identitatea besteekiko errespetuan bizirik mantentzeko helburua dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.