BESTEEN AHOTIK

2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

«Ebaki zitekeen enborrik lodiena ebaki zuten»

Garbine Ubeda Kazetaria

«Euskahalduntzearen kontzeptua ez du AEK-k asmatu, ez behintzat 19. Korrikaren karietara. AEK-ko beterano bik eman zioten zentzua, baina 27 urte lehenago, euskaltegi eta barnetegi prekarioetan kolpez kolpe aritzearen poderioz, eta. bi hitzetan esanda, hizkuntza musikan ere plusa dela frogatuz. Noiz eta Kortatu taldea gailurrean geneukanean, gazteentzat eredugarri zirenean.

»Jarrera bururaino eramanez eta naturalki defendatuz, musikalki eboluzionatuz, Mikel Laboa ikur mitikoa lagun eginez eta rock mundura ekarriz, orduko literatoak sarean harrapatuz, baina gainera koktel osoa munduan barreiatuz, ebaki zitekeen enborrik lodienetakoa ebaki ziguten Muguruza anaiek. Gaur, ingelesik gabe rocka munduratzerik ez dagoela dirudienean, are balio handiagoa du balentriak. Berri Txarrak-ek jarraitu dio lorratzari».

«Moldeak eta arauak zalantzan jartzen dira diskoan»

Galder Izagirre Musikaria

«Ezin ahaztu diskoaren iragarkiaren afixa Hondarribiko Uxoa kanpoaldean; a zer kontrastea eragiten zuen pareta eta garai grisean. Lehen kolpea!

»Azaletik hasita reafirmaziorako konposizioa, berriz ere gorriz, izena eta esaera neurri eta presentzia berean, Kortatu Kolpez kolpe; horra bigarrena, zas!!

»Aurreko bi diskoetan euskara eta gaztelania tartekatzen bazituzten ere, oraingoan euskara hutsean, hasieratik bukaerara. Horra hor hirugarren kolpea, konpromisoaren jarduna!

»Beti maite izan ditut bilaketa etengabean dabiltzan taldeak eta hemen erakutsi ziguten harri birakariak zirela, mugimenduan beti, beti aitzinerat.

»Ska, reggae eta punkaren sustraietatik abiatutako hirukoak zubi lana egin zuen hemen rapa eta Public Enemyk eragindako ukabilkada kulturalarekin.

»Negu Gorriak-en zutoinak finkatu zituzten eta hori ere izan zen beste kolpe (handi) bat!

»Moldeak eta arauak zalantzan jartzeko aktitudea arnasten da diskoan eta taldearen ibilbide osoan zehar, baina biniloari itzulia eman eta hirugarrenean, Ehun ginen, Montoia eta Laboaren unibertsoarekin talka egiten dutenean azken guda dantza emozional bat sortzen da, eta hori da beste kolpe bat, azkena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.