Literatura

Mahy: haurrentzat nagusiki

Zeelanda Berriko idazle garrantzitsuenetako bat zendu berri da: Margaret Mahy. Joan den apirilean minbizia diagnostikatu zioten, eta aste honetan eman du azken arnasa, 76 urteren jabe. Haur eta gazte literaturako 160 liburu utzi ditu idatzita. Haur eta gazteek ez ezik, milioika helduk ere gogotik estimatu dituzte horiek.

Margaret Mahy, 2006an, irakurleez inguratuta, Governors Bay School ikastetxean. DAVID HALLETT / FAIRFAX.
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Beti izan naiz idazle. Idazten hasi aurretik ere, istorioak asmatu eta buruz ikasten nituen». Halaxe mintzo zen Margaret Mahy (Whakatane 1936-Christchurch, 2012) bere buruaz. Ezagutu zutenek diote «irudimen basatia» zela harena, sasoi guztietan fruitu ematen zekiena. Txikitan, aitak istorioak kontatzen zizkien, gauez, berari eta bere ahizpei. Mahyren esanetan, «haur heterodoxoa» izan zen. Esate baterako, dezenteko zalaparta sortu zuen behin, animalien hizkuntza zekiela baieztatu zuenean. Gainera, Mahyk zioenez, animalia baten moduan bizitzen ere hasi zen: lau hankan ibiliz, hostoak janez eta putzuetatik edanez.

Lehen hezkuntzan ikasle moteltzat zeukaten irakasleek. Hala ere, zazpi urterekin eman zuen argitara lehenengo ipuina, Harry is Bad, eskolarteko argitalpen batean. Irakurzale porrokatua izaki, idazle kuttunak imitatzen ere ikasi zuen Mahyk. Ikasketak amaituta, Canterburyko Liburutegian sartu zen liburuzain. Garai hartan, haurrentzako literatur lanak idazten zituen, arrakasta handirik gabe. Testuak School Journal gisako aldizkarietan argitaratzen zituen, baina Zeelanda Berriko argitaletxe askoren ezetza jaso zuen, haren lanak ez zirelako saltzeko modukoak.

Nolanahi ere, 1969an, AEBetako editore batek Mahyren testu batekin topo egin zuen School Journal-en, eta berehala jarri zen idazlearekin harremanetan. The Lion in the Meadow (Lehoia zelaian) argitara eman, eta, handik aurrera, Mahyren nazioarteko sona zabaltzen hasi zen. Horrenbestez, 1980an liburuzain lanpostua utzi, eta idazten jarraitu zuen, buru-belarri.

Orduz geroztik, ehunka sari jaso izan ditu Mahyk, baina batzuek distira berezia egin dute hedabideetan. Esate baterako, itzal handiko Carnegie Medal saria jaso zuen 1982an The Haunting (Sorgintzea) nobelarekin, eta ostera 1984an The Changeover (Bihurtzea) lanarekin. Izatez, sari hura Britainia Handitik kanpo eraman zuen lehenengo idazlea izan zen Margaret Mahy. 1993an Zeelanda Berriko Ordenako kide izendatu zuten. Estatu hartan dagoen ohore instituzionalik gorena da hori, eta, aldiro, 20 kide baino ezin ditu izan. Geroago, 2006an, Hans Christian Andersen saria jaso zuen —«haur literaturako Nobel saria» ere esaten diotena—, bere ibilbide osoagatik, eta literaturari egin dion «ekarpen iraunkorragatik».

Pirata lumaduna

Mahy ez zen sekula ezkondu, eta bi alaba utzi ditu, baita biloba bat ere. Kazetariei azaldu zien haurrenganako maitasuna ez zetorkiola amatasun senetik, guztien ona desiratzetik baizik. Haurrei ozenki irakurri behar zaiela sinesten zuen Mahyk. Sarritan joaten zen eskoletara, eta liburutegietara mozorro lumaduna soinean, edota ileorde koloretsua buruan zuela. Umiltasunez eta umoretsu, honela definitu zuen behin bere burua: «Erakuskeriazalea naiz, deus erakustekorik izan ez arren».

Baina, txantxak alde batera utzita, ezkutukoa ageriko egitea izan da Mahyren zereginetako bat. Hain zuzen ere, 1997ko A Horribly Haunted School nobelan azaldu zuen bere idazle kredoa: «Gauza guztien barruan sekretuak daude zelatan, eta bizitza sentibera egon daiteke mamuz beteta». Adierazgarria da, era berean, segidan datorren pasadizoa: «Amak beti esaten zidan: 'Ez ezazu tatuajerik egin, betiko damutuko zara eta!'. Hortaz, 62 urte betetzean, tatuajea egin nuen. Konturatu nintzen ez zitzaidala denbora askorik geratzen damututa egoteko, eta dibertigarria izango zela pirata tatuaje bat edukitzea». Eskuineko sorbaldan jarri zuen, mamuen bistara: kaskezurra, hortz artean arrosa zuela.

Adindunak eta adingabeak

Margaret Mahyk haur eta gazteentzat idatzi izan du, gehienbat, baina esan gabe doa milioika irakurle helduk ere ezagutzen dituztela haren lanak. «Esango nuke ez dudala nahiago adin bateko edo besteko irakurleentzat idaztea. Atsegin hartzen dut txikientzat egokia den istorio bat topatzen dudanean, eta handiagoekin asmatzen dudanean, berdin». Edonola, jaioterrian utzi duen arrastoa sakona izan da. Horren erakusgarri da John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak adierazpenak egin izana, herrialdeko «idazle kuttuna» ohoratzeko. Bill Manhire literatur adituak dioenez, Sir Edmund Hillary legendazko mendizalea bezain maitatua da Zeelanda Berrian. «Nazioartean, batzuek uste baino itzal handiagoa du Mahyk, eta ez legoke lekuz kanpo Katherine Mansfield eta Janet Frame idazleekin, aldare berean».

Orotara, 160 liburu inguru eman zituen argitara: 100 liburu ilustratu, 40 nobela eta 20 ipuin bilduma, gutxi gorabehera. Zeelanda Berriko hainbat belaunaldik irakurri izan dituzte Mahyren lanak, baita handik kanpokoek ere. Izan ere, hamabost hizkuntzatara itzulita dago haren literatura. Badirudi euskaraz ez daukagula oraindik Mahyren alerik; dena den, Gus Marionetas antzerki konpainiak Liburuzaina estu eta larri ikuskizuna taularatu berri du, Mahyren istorio batean oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.