Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Supernobak eta abar...

2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Duela hamabost egun Dueroko erriberako (Segovia, Espainia) Antidoto upategia eta ardoa hizpide izan genituen. Gaurkoan, erribera bereanjarraitu arren, probintziaz aldatuko gara, Valladolidera joko baitugu.

Noba bere argitasunaren bat-bateko gehikuntza handia jasan duen izarra da. Supernoba, berriz, noba baino indar handiagoz lehertzen den izarra da, eta leherketari berari ere supernoba deritzo. Supernobek hainbat astez edota hilabetez irauten duten argi-izpi oso distiratsuak igortzen dituzte, eta izarrak eztanda egiten duenean, ehun mila edo milioi bat aldiz handitzen da haren argitasuna.

Supernova da Dueroko Erriberako Briego upategiaren ardorik bikain eta bitxienetarikoa, eta ez dakit ardoari izen hori jartzeapentsatu zuenak buruan energia eta leherketa moduko kontzeptuak izango ote zituen edo ez, baina izena erakargarria eta egokia iruditzen zait.

Fompedrazan dago (Valladolid, Espainia) Briego upategia. Fompedrazan egin dute euren proiektua Benito Hernando anaiek —Gaspar, Fernando eta Javierrek—, beren aitak duela 50 urte hasitakoa.

1998an mahasti zaharrak berreskuratu eta berregituratu ondoren, mahasti berriak landatu zituzten Curiel de Duero, Peñafiel eta Fompedrazan bertan. Eta 1992. urtean egin zuten lehen ardoa; sei hilabetez upelean ondutako ardoa, hain zuzen.

Mahastia nahiko sakabanatua dago, 910 metroko garaierara iritsiz, tempranillo mahatsaren bikaintasuna bilatuz —hemen Tinto Fino izena darama—.

Nahikoa da mahasti horiei begirada bat ematea konturatzeko Briego upategiko ardoen oinarria eta indarra mahastietan dagoela; eta ohartzeko, bertako klima kontinentala dela medio, bertoko mahats aleak bikaintasunaren bidean jartzen direla.

Gaur egun, familia upategi horrek 77 hektareatan lantzen ditu mahatsak, ia guztiak tempranilloa, nahiz eta merlot kopuru txikitxo bat ere baduen. Egun, upategiaren ekoizpena 400.000 botilakoa da.

Hainbat ardo egiten dituzte Briegon, desberdinak eta kalitatezkoak; baina gaur Supernova eta Ankal familiako ardoak azpimarratu nahi ditut. 2006an sortu ziren Supernova ardoak, sustraiak mantenduz baina kontzeptu berritzaile nabarmenarekin.

Ankal, berriz, 2011n sortu zuten, haien hitzetan, «Dueroko Erriberako upategien irakaspenak eta tradizioa batzeko asmoz». Ankal ardo horiek frutatsuagoak badira ere, delikatuagoak eta orekatuagoak ere badirela esango nuke.

Erabat desberdina da ardo horiek eskaintzen dutena, baina ez dut hautaketa bat egiteko asmorik, biek eskaintzen baitituzte bertuteak, onurak eta zenbaitetan emozioa ere esango nuke. Goza ditzagun, beraz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.