Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Urteari errepasoa

2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Urtea amaitzeko egun batzuk baino ez dira geratzen. Ez naiz oso zalea atzera begiratu eta balantzeak egiteko, baina gaurkoa salbuespena izango da.

Urtea luze joaten da zentzu guztietan, eta enologian ere bai; egun asko baitira, eta aukerak ere ugari, ardoaz gozatzeko, ardo desberdinak ezagutzeko, edo ezagunak ziren batzuk berriz ere gozatzeko eta dastatzeko.

Ardoen inguruan egiten diren ekitaldiekin hasita, hor daude, besteak beste, Bilbon egiten den Bizkaivinos, Donostiako Loiolan egiten den Euskal Herriko Ardoen Feria, Gasteizko Ardoaraba… baina nik nabarmendu eta azpimarratu nahi ditudanak hauek dira: martxoan, hamargarrenez egin zen Durango Ardo Saltsan; eta, uztailean, Gernikan, On Egin-Vinos Singularesen eskutik egin zen feria. Bata udaberriari aurrea hartuz egiten da; eta bestea, urteroko kontua ez bada ere, udari hasiera ezin hobea emateko balio izan ziguna. Paraje zoragarrian, ardo bikainak bezain bakanez gozatzeko aukera paregabea eskaini zigun.

Ardoak aipatzen hasita, zeintzuk nabarmendu? Ez da erraza. Ez dago hemen tokirik guztiak azaltzeko, baina batzuk ekarriko ditut gogora.

Bullaseko (Murtzia, Espainia) Lavia upategiko Paso Malo aipatuz hasiko naiz. Monastrell mahatsez egina, dotorea eta freskoa, bikaina. Etapa 24 Bierzoko menciaz egindakoa ere ez dut alde batera utzi nahi.

Jerez de la Fronterako El Triangulo ere aipatu nahi dut, Luis Perez upategikoa, tintilla de rota mahatsez egina, boteretsua bezain freskoa.

Sara Perez eta Rene Barbierrek Prioraten egiten duten Duaiak ere badu bere tokia hemen, eskaintzen duen sudur perfumatuak eta ahoan duen fruta helduak azpimarratzekoak baitira.

Duero aldeko Briego upategiko Supernova eta Ankal ere ardo bikainak dira, tempranilloaren bikaintasuna eskainiz.

Miravinos proiektua ere hor dago: Infraganti (Rueda); Contante (Rias Baixas); Sonante, Toga eta Venta El Loco (Duero aldea); Los Duelistas (Gaztelako lurretako ardoa) eta Delito (Cariñena) ardoekin. Ardo «modernoak», gazteak ardoaren unibertsora erakartzeko oso egokiak.

Salamancan, Sierra de Francia inguruan rufetez eginiko La Zorra ardoa dastatzea merezi du; zintzoa eta garbia da.

Ulla erriberako Castrobrey, Tarragonako Edetaria, Jumillako Las Hermanas Autor, Malago Axarkian Ordoñezek egiten duen Botani, Bierzoko Casar de Burbia upategiaren Hombros edo Tebaida…

Amaitzeko, irailean dastatu genituen Itsasmendi 2015, Itsasmendi 7 2013 eta 2014, Artizar 2012, Eklipse 2014 eta Urezti 2012 aipatuko ditut. Itsasmendi upategikoak guztiak, zoragarriak.

Zerrenda luzea da, eta tokia txikia. Ondo amaitu urtea, eta hobeto hasi datorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.