Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Iturriarenak

2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Toro jatorri izen edo sor-marka 1987an jaio zen. Zamorako hego-ekialdean eta Valladolideko hego-ekialdean (Espainia) ekoizten dira jatorri izen hori duten ardoak. Inguru horietako ardoek, baina, izugarrizko tradizioa dute, eta historiagile askoren arabera, erromatarren aurretiko kontua litzateke inguruan ardoarekin duten harremana.

Hori adierazten dute, besteak beste, zenbait indusketa lanetan aurkitutako hondakin arkeologikoek, non mahatsa lantzeko hainbat tresna aurkitu diren.Gaur egun, Toro jatorri izena hartzen duten lurrek vacceo izena hartzen zuten erromatarren aurretiko garaian; eta hainbat historialariren arabera, lurralde horietara joaten ziren kantabriar eta asturiar herriak elikagaien bila; ardoa omen zuten oinarrizkoenen artean.

Gero, Erdi Aroan, ere arrakasta handia izan zuten Toroko ardoek, eta nobleek zein erregeek edaten zituzten Toron eta inguruetan egindako ardoak. Gaur egun, hirurogeiren bat upategi daude Toroko Kontseilu arau emailearen zerrendan.

Toroko lurrak pobreak dira, besteak beste, hartxintxarrez eta buztinez osatuak. Klima kontinentala da, uda oso lehorrak eta oso beroak dira, eta horrek dakarrena zera da: ardo bereziki kontzentratuak eta boteretsuak, zenbaitetan gehiegizkoak ere bai.

Toroko ardoek boterea eta indarra erakutsi ohi badute ere, gaur egun kontsumitzaileak ardo atseginagoak, dotoreagoak eta edateko errazagoak nahi ditu, eta azken urteotan, Toron ere horrelakoak ezagutu ditugu.

Horretan ari dira, besteak beste, Antony Terryn frantziarra Titan del Bendito ardo bikainarekin; Mariano Garcia San Román ardoarekin; Vega Siciliakoak Pintia ardoarekin, eta beste hainbat.

Zerrenda horretan gaurko gure protagonista: Xavier Iturria. Bordelen jaio zen, eta Espainiara joan zen 1999. urtean, Toro inguruan lan egitera. Maurodos upategian egin zuen lan sei urtez; eta azken urteotan, Mauro, San Román, Vallejondo eta Antonio Moral ardoak egiten aritu da (horiek guztiek Mariano Garciarekin zerikusia dute); eta, nola ez, bere proiektu propioan egiten dituen Iturria eta Valdosan.

Horrez gainera, Lurton anaiekin eta Michel Rollandekin ere jardun du elkarlanean.

2009an sortu zuen Bodegas Iturria, hasiera batean, Villaesterren, artean ardoa egiteko upategi propioa ez zuenean, eta geroxeago San Roman de Hornijan (Valladolid) upategi berrian.

Bost bat hektarea ditu, Morales de Toron (Zamora), mahasti zaharrak guztiak, eta 700 metroko altueran kokatuta.

Iturria eta Valdosan dira Xavierrek egiten dituen ardoak, lehena batez ere, tinta de toro (tenpranilloa) eta garnatxa apur batez egindakoa. Fruta ugarikoaeta boteretsua, baina ez lakarra.

Valdosan ehuneko ehun tinta de toro mahatsez egina dago, Iturria baino dotoreagoa eta konplexuagoa da, fruta bikainarekin, baina freskoa, batez ere, Torobat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.