Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ossian

2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ez naiz ni oso verdejo zalea, badiren arren lauzpabost upategi bikain mahats honekin modu ezin dotoreagoan lan egiten dutenak. Gaur upategi horietako bat ekarri dizuet hona, seguruenik bikainena eta nabarmenetakoa: Ossian.

Rueda sor-markak Espainiako hiru probintziatan babesten ditu ardoak, Gaztela eta Leongo Valladoliden, Avilan eta Segovian, hain zuzen ere. Mahasti zein upategi gehienak Valladoliden badaude ere, Ossian Segoviako lurretan dago kokatuta, Nievan, hain zuzen ere. Ossianen ardo konplexuak egiten dituzte, urte batzuetan ondo zahartzen direnak.

Baina Ossianek egiten dituen ardo guztiak ez dira Rueda sor-markapean ateratzen merkatura, kokapen geografikoari begiratuz hori pentsa daitekeen arren. Hasieratik izan zuten argi ez zutela inongo sor-markak ezartzen dituen arauen zurruntasunez jokatu nahi, malgu eta aske baizik: horregatik, batzuk sor-markapean merkaturatzen dituzte, eta beste batzuk, V.T. de Castilla y León kontraetiketarekin.

Javier Zaccagninik eta Ismael Gonzalok proiektua 2005ean abiatu zutenean, argi zituzten helburuak: verdejo mahatsez egindako ardorik bikainenak egitea eta Espainiako verdejorik onena egitea. Eta, nire ustez, lortu dute.

Gaur egun, Pago de Carraovejas upategiko jabekideak diren Ruiz Aragoneses familiaren esku dago Ossian upategia. Ossian proiektuak filoxera aurreko mahasti bikain bezain bakanetan du oinarria —ehun eta berrehun urte bitarteko mahastiak—. Nieva, Aldehuela, Aldeanueva del Codona eta Santiuste de San Juan Bautista herrietan daude sakabanatuta, Cordel de las Merinas moduan ezagutzen den parajean, garai batean abelbidea izan baitzen.

Inguru hauetako lurzoruak oso konplexuak dira, batzuk arbelezkoak, beste batzuk buztinezkoak eta errekarriz osatutakoak beste zenbait. Baina franko-hareatsuak dira erreferentzia nagusia, ezaugarri horrengatik filoxerak ezin izan baitzuen aurrera egin. Horregatik esan daiteke, inongo zalantzarik gabe, iberiar penintsulako filoxera-aurreko mahasti kontzentrazio ugariena inguru hauetan dagoela.

Quinta Luna, Ossian, Capitel, Verdling Trocken eta Verdling Dulce dira egun egiten dituzten ardoak. Quinta Luna ez da upelean ontzen; Verdlingak ere ez, baina bai Ossian eta Capitel. Ardo guztiak ekologikoak dira, eta zertifikazio ofiziala daramate.

Lehen hirurak ezagutzen ditut ondo, eta, hirurak bikainak badira ere, Capitel nabarmenduko nuke, daukan sakontasun eta dotoreziagatik. Azken urteetako uztaldietan, gainera, egurraren presentzia ez da hain nabarmena, eta fruta finago eta nabarmenago ageri da. Bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.