GAKOAK

2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Eutanasiaren eta suizidio lagunduaren gaia hizpide hartzean, usu hainbat kontzeptu nahasten dira. Horra, labur-laburrean, argigarri izan daitezkeen hainbat definizio:

Hilurren dagoen gaixoa. Definitzeko orduan duda handiena eragiten duten kontzeptuetako bat da; bioetikaren alorrean itaun ugari eragiten ditu. Hainbat adituren arabera, gehienetan hartzen den definizioa da sei hilabeteko bizitza pronostikoa duen paziente bat dela hilurreneko gaixoa.

Eutanasia. Prozedura mediko bat da, non sendagile batek paziente baten eskariari erantzuten dion droga bat jarriz; substantzia horrek heriotza zuzena eragiten dio. Toki gutxitan dago legez araututa, eta araudi oso zorrotzek zedarritzen dute, beti, egiteko era.

Suizidio lagundua. Eutanasiatik oso gertu dagoen praktika bat da. Ezberdintasunik handiena da eutanasian medikuak berak jartzen duela heriotza eragiten duen substantzia —normalean, injekzio baten bidez—, eta suizidioan errezeta baten bidez jartzen duela pazienteren eskuetan. Hartara, eutanasian agente aktiboa medikua da; suizidio lagunduaren kasuan, pazientea. Praktika hau ere toki gutxitan dago onartuta, eta, eutanasiaren kasuan bezalaxe, baldintza zorrotzak bete behar dira egin ahal izateko.

Hilurreneko sedazioa. Hilurren dagoen pertsona bati konortea galaraztean datza hilurreneko sedazioa. Era horretan lortzen da, botiken bidez, heriotzara hurbildu ahala agertzen diren asaldura uneak eta eldarnioak baretzea. Minik ere ez dute sentitzen. Beti pazientearen edo haren senitartekoen onespenarekin egiten dira halako sedazioak, eta hiltzeko unea oso hurbil dagoenean. Legezko praktika da, eta usu erabiltzen da.

Zaintza aringarriak. Gaixotasun batek sendabiderik ez duenean egiten da zaintza aringarrietarako hautua. Sintomak tratatzen dira: oinazea, eldarnioak, larrimina... Gero eta argiago ikusten da zaintza horien garrantzia, ez pazienteari begira bakarrik: haren gertukoek ere usu behar izaten dute laguntza prozesuan. Sedazioa eta analgesia daude, besteak beste, pazientea tratatzeko erabiltzen dituzten baliabideen artean. Zaintza horiek zabaldu eta hobetzeko eskakizun ugari daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.