Lehen Mailako futbolariek ez dute baztertu grebara jotzea

Ligaren profesionalizazioa «blokeatuta» dagoela salatu dute. AFE sindikatuaren eta Kluben Elkartearen babesa dute jokalariek

Eibarreko eta Alaveseko jokalariak lehian, igandeko derbian. J. FONTANEDA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Ez genuke horretaraino iritsi nahi, baina nekatuta gaude zain egoteaz. Hiru hilabete daramatzagu egoera honetan. Behin eta berriz esaten digute egingo dutela, baina ez da hala». Espainiako Lehen Mailako futbolariek ez dute baztertzen grebara jotzea, liga profesionalizatzeko prozesuak «blokeatuta» segitzen badu. Hala iragarri zuten atzo. «Ez ditugu errudunak topatu nahi, baizik eta konponbideak nahi ditugu. Izan ere, egoeraren biktima bakarrak gu gara».

AFE futbolarien sindikatuen egoitzan egindako bilera eta gero eman zuten beren asmoen berri, atzo. Iragan astean futbolariek komunikatu bat atera zuten egoera salatuz; asteburuan, berriz, 30 segundoko etena egin zuten partida guztietan. Hurrengo urratsa litzateke greba egitea.

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ekainean onartu zuen ligaren profesionalizazioa. Egun, hiruk dute izendapen hori: gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailak, eta ACB ligak. Behin lan hitzarmena onartu eta gero, hurrengo urratsa zen. Hala, profesionalizazio prozesuak hasita beharzuen: estatutuak idatziz eta presidente bat eta presidenteorde bat izendatuz. Beste hainbat gai korapilatsu ere zehaztu behar ziren: besteak beste, telebista eskubideen kudeaketa. Hori da traba nagusietako bat. Izan ere, akordio falta horren ondorioz, partida gutxi batzuk baino ez dituzte ematen telebistaren edo klubetako Youtubeko kanalen bidez. Kirol Kontseiluak kudeaketa plataforma independente baten bidez egitea nahi du. Horrekin batera, erabakitzeko dago klubek zenbat diru jarri behar duten liga horretan sartzeko, eta klub txikienek zenbateko laguntzak jasoko lituzketen.

Liga profesionala izatea beste urrats bat litzateke, eta indartu egingo lituzke lan hitzarmenean jasotzen diren eskubideak. Gainera, txapelketari berari beste estatus bat emango litzaioke.

AFE sindikatuaren babesa ez ezik, Kluben Elkartearen babesa ere badute futbolariek. Elkarte horretako kide diren kluben artean akordioa izan zen estatutuen inguruan. Hortik kanpo daude Athletic, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril: «Prest gaude haien planteamenduak ere testuan sartzeko, horrek egoera desblokeatzeko balio badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.