Albistea entzun

SASKI DA!

Zutik geratzen zen azken taldea

Kawhi Leonardek bigarren eraztuna du, lehena Torontorekin.
Kawhi Leonardek bigarren eraztuna du, lehena Torontorekin. LARRY W. SMITH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Danel Agirre -

2019ko ekainak 15

Greenetik Inglesera. Los Angeles Lakers edo Boston Celtics, gutxienez bietatik bat, 80. hamarkadako NBAko final guztietara iritsi zen, eta hiru bider elkarren aurka aritzea tokatu zitzaien, norgehiagoka gogoangarrietan. Hamar urte haietako kanporaketetan, apenas izan zen lesio aipagarririk. 1980an, Kareem Abdul-Jabbarrek kaleko arropak jantzita ikusi behar izan zuen lehia erabakigarria (Magic Johnson hasiberria zen, eta minutu asko pibot moduan eman ondoren 42 puntu eta hamabost erreboterekin amaitu zuen gau historikoaz ari gara). 1988an, Isiah Thomasek orkatila bihurritu zuen seigarrenean, Detroit Pistonsek lehenbizikoz eraztuna irabaz zezakeela zirudienean. Ez zuen kantxa utzi, eta, herrenka izan bazen ere, zazpigarrenean ere ez zuen hutsik egin, Lakers ozta-ozta gailendu bazen ere. Urtebete beranduago, Los Angelesek Byron Scott eta Johnson bera galdu zituen, zaintiratuekin, errebantxa bila zetorren Detroiten aurkakoa hasterako. Ustekabean, lesioen eraginez zeharo baldintzatuta geratu zen lehenbiziko finala izan zen; anomalia bat. 30 geroago, ohikoa bilakatu da min hartutakoen zerrenda begiratu behar izatea emaitzak hobeto ulertzeko. Saskibaloiaren eboluzioaren adierazgarri da: egun —prestakuntza eta sendagile hobeekin ere—, atleten gorputzek jasaten duten estresa askoz muturrekoagoa da. 1986 eta 2001 artean, A.C. Greenek 1.192 partida jokatu zituen jarraian, hutsik egin gabe. Gaurko erreskada luzeena Joe Inglesena da: 303 baino ez. John Stocktonek bere hemeretzi sasoi erregularretatik hamasei osorik burutu zituen, 82 lehietatik bat bera galdu gabe. Oraingo NBAn, Andre Iguodalak du markarik onena erresistentzia neurtzen duen sailkapen horretan: bost bider baino ez du osatu denboraldia bere sakramentu guztiekin. Utah Jazzeko antolatzaile mitikoak baino hamaika gutxiago.

Bizkorrago, hauskorrago. Garaiotako izarren lazerien zergatia ulertzeko, nahikoa da Youtubera egin eta asteotako finala atarian aipatu Lakers eta Celtics arteko edozeinekin alderatzea: azken horretan irudiak kamera geldoarekin grabatu dituztela dirudi. Haren aldean, egundoko abailan jokatzen da egungo NBA. Potentzia osoarekin doazen ehun kilotik gorako gorputzek norabide aldaketa etengabeak egin behar izaten dituzte, gero tupustean geratu eta segituan ziztu batean martxan ipini. Behin eta berriro, ia hiru orduz. Triki-traka hori pozoia da artikulazioentzat eta giharrentzat, eta denbora kontua baino ez da izaten atletek norberari egindako abusuen faktura ordaindu behar izatea. Patuak hala agintzen duen aldiro, kanporaketok bizirik irauteko ariketa bihurtzen dira, eta aurtengo NBA tente geratzen ziren azkenek irabazi dute. Kevin Durant, Klay Thompson, DeMarcus Cousins eta Andre Iguodala mugatik harago estutu eta lehenbiziko biak, garrantzitsuenak, galtzen amaitu du Golden State Warriorsek (nahiz eta Thompsonen azken lesioak aurrekoarekin zerikusi zuzenik izan ez). Kontratua berritzeke zuten biek, eta kostako zaie orain arteko mailara berriz iristea. Toronto Raptorsek ere aiene batean eman du finala; Kawhi Leonard apartari makina da bat keinu arraro antzeman zaizkio, baina onik bukatu du. Ez da amaren semerik zuzen interpretatuko dituenik finaleko MVP hieratikoaren imintzioak.

Estrategia bainoago, sena. Ezbeharrak ezbehar, Toronto eta Golden Staten kanporaketa goi mailakoa suertatu da, eta saskibaloi garaikidean funtsezkoak diren hainbat xehetasun aztertzeko lagin aparta da. Aurreko paragrafoan aipatu abiadurak eragin du, ezinbestean, entrenatzaileek lehia batean txerta dezaketen zama taktikoa arintzea. Bizkor jokatzea lehenesten denez, defentsaren erreakzioak zuzen irakurtzea eskatzen zaie jokalariei egun, arbelean marraztutako mila maniobra errepikatzea bainoago. Ongi exekutatzen denean, joko azkar hori oso zaila da gelditzen. Buruargitasunik gabe, NBAko talde kaskarrenen kondena den nahasmen aspergarria eragiten du. Toronton laguntzaile ari den Sergio Scariolok azalpen oso didaktikoak eman zituen ligan gertatu den iraultzari buruz, El Pais-i eman elkarrizketa batean. Intuiziozko saskibaloi supersoniko hau ulertzeko modurik onena Golden Staten blokeoak ipintzeko modua gertutik begiratzea da, Durant falta denean batez ere (ia geldiezina da hegalekoa, baina erasoak zertxobait trabatu ohi ditu). Sarri, inprobisatuak izaten dira blokeo horiek, zaintza arreta zeri ipintzen ari zaion detektatu, eta pareko bostekoak puntu ahula non duen identifikatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Betiseko jokalariak, hirugarren gola ospatzen. Martin Agirregabiria ageri da, burumakur. ©JOSE MANUEL VIDAL / EFE

Karta gaztelu bat balitz bezala

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek astindu handia hartu du Betisen zelaian, eta ezerezean gelditu zaio Mendilibarrekin lortzen ari zen hobekuntza. Atsedenaldira iristerako galdua zuen partida, atzean huts larriak egin ondoren
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Arima eta fedea falta zitzaizkigun, baina buelta eman diogu egoerari»

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bere onera itzuli zen ligako azken partidan, Cadizi irabazita, eta, kapitainaren esanetan, «batasuna» izan da krisia eteteko gakoa. «Bilera egin genuen jokalariok, eta begiak ireki genituen». Celtaren zelaian jokatuko du gaur (19:00, La Liga).
Realeko jokalariak atzoko entrenamenduan. ©REALA

Kopa irabazteko aukerari neurria hartzeko balio duen kanporaketa da

Jon Ander De la Hoz

Realak Atletico Madril hartuko du gaur Anoetan, final-zortzirenetan. Isak ez da osatu, eta Imanolek deialditik kanpo utzi du
Iñaki Urrutia eta Dan Necol palistak, besoak gora, larunbatean Kutxabank liga irabazi ostean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Elkarrekin garaiezinak dirudite

Iñaki Berastegi

Dan Necolek eta Iñaki Urrutiak hiru aldiz irabazi dute elkarrekin Kutxabank pala liga. Bi palisten iritziz, bikote «orekatua» osatzen dute, eta Bizkaia frontoia «aproposa» da haien jokoarentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.