Danel Agirre.
SASKI DA!

Porlanezko aurpegia behar da

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Haizearen kontra. Azken urteetako lanen azken txanpa gauzatu, eta zaharberrituta hartuko du Mendizorrotzak ostegunetik aurrera Espainiako Kopa. Saskibaloi usaina dario eraikinari, eta txapelketa atsegina izango da, ziur. Errezelo bat uxatu ezinezkoa da, ordea: lehiaketa honek Buesa Arenan behar luke; batetik, Ohorezko Mailako zortzi talde onenei hiriko azpiegitura luxuzkoenena ez eskaintzea trakeskeria delako; eta, bestetik,aldeko haizeari —estatubatuarrek momentum deitzen diote horri— nahikoa probetxurik aterako ez zaiolako. Azken asteetan San Mamesen eta Anoetan antzeman ahal izan da: badago emakumeen partiden inguruan festa handiak ospatzeko irrika puru bat. Kopak, anfitrioi bakarra ez, hiru izango ditu, eta derbi bat ostiraleko ordutegirik aproposenean. Gasteizerainoko txangoa askoz arinagoa litzateke hainbat zalerentzat Buesa Arenan aritzearen pizgarriarekin. Baita —bereziki— Araski, IDK edo Gernika ikusten sekula izan ez direnentzat ere. Handira jokatzeko abagune egokia zirudienean, txikira egin du hiriak. Xehetasunetan antzematen da: finala igande eguerdiz izango da, itxura guztien arabera, Baskonia-Unicaja lehiari konkurrentziarik ez egiteko. Baina argi: erretolika hau guztia emakumeen saskibaloiari emandako sasoiko lehen paragrafoan idatzi du Saski Da!-k. Porlanezko aurpegia behar da.

Ezustekoentzat egokiagoa. Sei partidatik zortzira pasatuko da Kopa, eta ligako lehen bi sailkatuek final-laurdenetan ekin beharko diote txapelketari, estreinakoz. Azken urteetan erabili den formatuak bi faboritoak sobera babesten zituen, finalerdietan hasi, eta nekatuago zegoen aurkari bat izaten zutelako parean. Litekeena da aurten ere finala Gironak eta Perfumerias Avenidak jokatzea, baina segada baterako osagai aproposagoak daude. Hori lortzeko Hautagai zentzuzkoena Gernika da, duela hilabeteko txakalaldia gainditu badu, behintzat. Courtney Williams eskolta fitxatu berri du, baina apenas egingo duen lansaio parea ostirala baino lehen.

Informazioa falta zaigu.Saski Da!-k curriculum bat igorri behar izan zuen azkenekoan, ahalik eta laburrenak idaztea zen moda, enplegu-emaileak ez gogaitzearren. Bolada hark, ordea, gainditua behar du, ziur: Gipuzkoa Basketek Nacho Nuñez presidente gisa aurkeztu, eta nobela motz baten luzera duen biografia atxiki zion iragarpenaren oharrari. Goi mailako kirolaren hainbat arlotan aritutakoa da Nuñez. Ikuspegi ezberdin guztiak beharko ditu, sail guztietan behar duelako reset-a GBCk. Lehen erabakiekin Nekane Arzallusen norabidea zuzendu du. Bi fitxaketa berrirekin (Matic Rebec eta Nick Zeisloft), zortzi giltzarraporekin itxita zegoen altxortegia zabaldu, eta salbamenduaren azken esfortzua egitea erabaki du Nuñezek. GBCren egutegi beldurgarriari so, mugimendu hutsala dirudi, baina urte sasoi honetan jokalari oso merkez leporaino egon ohi da merkatua, eta iritsi berrien kontratuak modu onean negoziatu ahalko zituen, behintzat, klubak. LEBera jaitsiz gero ere hauspoari eragiten jarraituko duela hitzeman du Nuñezek, zuzendari hasiberriaren errepertorio klasikoarekin: plan estrategikoak, kanpaina bereziak eta beste. Ezin eszeptikoagoa den publikoa berriz irabaztea du xede. Zailtasun gehigarri batekin: Gipuzkoa Basket zenbat eta gehiago ezagutu, are eta iritzi kaskarragoa izan ohi du zaleak. Gehiegi alaitu baino lehen, zuzendaritza berriak German Cea kudeatzailearentzat gordetako rola ezagutu gura du, esaterako.

Gertakari (ia) ulertezina. Nazioarteko saskibaloi federazioak (FIBA) bazterretako ligak eta Euroliga ernegatzeko antolatu ditu asteburukoak bezalako selekzioen jardunaldi amorragarriak. Geratu ez den txapelketetako bat, ordea, Espainiako saskibaloi federazioak —FIBAren menpekoa, beraz— antolatzen duen LEB liga izan da. Hainbat taldek pieza garrantzitsuen faltan jokatu dute asteburuko jardunaldia. Burugabekeria LEBen klubek soldata gehienak hilabeteka ordaintzen dituztelako gertatu da, ezer bainoago. Liga geratzeak —hiru bider gertatu da— aste batzuk luzatzea zekarren, eta soldatak puztuz joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.