Danel Agirre.
SASKI DA!

Eskerrak txiki geratuko zaion

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Dilematik libratuko da.Saski Da!-ren ilobak Kristaps Porzingisen Letoniako selekzioko elastikoa erabili izan du entrenamenduetan orain arte. Taldekideekin finolatzeko perfektua zen: ardo kolore dotorekoa, eta are garrantzitsuagoa, eskuratzeko nahiko zaila. FBI Porzingis ikertzen ari dena zabaldu berri da, ordea, bortxaketa salaketa baten harira. Kasuak zabalik daramatzan hilabeteetan, New York Knicksetik Dallas Mavericksera egin zuen pibotak, jokalari truke batean. Bere frankizia berriaren jabea, AEBetako lehendakaritzara aurkeztearen ideiarekin jostatu izan den Mark Cuban, jakitun zen fitxaketa berriaren egoera prozesalaz, baina gutxi axola izan zitzaion. Bereziki asaldagarria da 2017an jakin zelako hogei urtez sexu jazarpena pairatu izan zutela Dallas Maverickseko emakumezko beharginek. Hamar milioi euro ordaindu zizkien Cubanek dozenatik gora biktimari, zuzendaritzako beste kide baten abusuez lehenago ez konturatzeagatik ustez damututa. NBAn, sexu barrabaskeriak ez dira eragozpena izan ohi kirol ibilbidearekin jarraitu, eta behin erretiroa hartuta mitoen panteoian tokitxoa egiteko. Kobe Bryantek emakume bat bortxatu izana onartu zuen, eta dirutza ordainduta isilarazi. Inor gutxik aurpegiratu zion bere azken sasoian, ligako kantxa bakoitzean (Boston Celticsenean ere bai, pentsa) omenaldi bana jaso zuenean. Saski Da!-ren ilobari Porzingisen elastikoa janzten jarraitu ala ez erabakitzea tokatzen zaio orain. Finean, Woody Allenen edo Kevin Spaceyren pelikulez gozatzeko barrenik geratzen ote zaion deliberatu behar duenaren antzeko zalantza da. Eskerrak iloba bizkor hazten ari den: zorte apur batekin, kabitu ere ez zaio egingo elastikoa laster, eta dilema morala ebaztetik libratuko da.

Faborea zor digute. Golden State Warriorsek denboraldi osoa darama epaileei tenperatura hartzen, modu zinez nekagarrian. Joan den asteko Minnesotaren aurkako azken jokaldietan oker hartutako bi erabakiren harira, probokazioetan jausi ziren beste behin Curry, Durant eta enparauak. Igandean, Gregg Popovichek bere kanporatzea probokatu zuen, erupzio barregarri samar bat antzeztuta. Antzeko ikuskizuna eskaini zuen Denverreko Nikola Jokicek ere. Kanporaketak bertan dira, eta kobratzeko zorrak dituztelako susmoa igorri nahi dute sailkatutako guztiek. Kanporaketetako epaileen lanaren inguruko zaratak jasanezina bihurtzearen traza osoa du aurten, eta berritasuna, zoritxarreko berritasuna da hau tradizioz epaileak egoki babesten asmatu izan duen NBAn.

Arrisku gutxiko frogak. Hasiberriei edo konfiantzarik gabe dabiltzanei jokatzeko denbora emateko, entrenatzaileek hasierako bostekoan txertatu ohi dituzte sarri. Zenbat eta gehiago itxaron, gero eta zailagoa suertatu ohi da orduan fidagarritasun osokoa ez den jokalaria aulkitik altxaraztea, batik bat markagailuan estualdirik emanez gero. Estudiantesen aurkakoari Miguel Gonzalez eskolta moduan ipinita ekin zion Velimir Perasovicek, eta 27 minutuz kantxan mantendu. Etorkizunean kupo postua betetzeko baleko pieza ote den asmatzeko tarte handiagoa beharko da. Igandeko entseguak bestelako ondorio bat laga zuen: itzela bilakatu da ACB ligako lehen hiruren eta azken sailkatuen arteko aldea, eta Baskoniak partida batzuk entrenamendu moduan balia ditzake ia. Bereziki —asteotako Estudiantesen moduan— aurkaria porru eginda badator Buesara.

Saskibaloi mota bat hil da. Sasoi honetan, ACB ligan, Obradoiro, Murtzia, Breogan eta Gipuzkoa Basket bakarrik ez dira iristen 80 puntuko batezbestekora. Duela hiru denboraldi, hamar izan ziren aipatu langa pasatu gabe geratu zirenak. Euroligan, Buducnost ari da zekenena izaten: 74,6 puntu saskiratu ditu orain arte norgehiagoka bakoitzeko. 2015-2016ko sasoian, lau taldek ez zuten lortu gauero 70 puntu. Urte gutxitan, jabetza kopuruak izugarri egin du gora, eta pazientzia exijitzen duen saskipeko jokoa ia desagertu. Ez da geratzen entrenatzailerik, ez Europan eta are gutxiago NBAn saskibaloi geldo eta zurrunaren aldeko apustua egiten duenik garaipen gehiago eskuratzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.