Danel Agirre.
SASKI DA!

Balkaniko, bolkaniko

2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Zeljko, Pedrerol. Jugoslavia zeneko Euroligako entrenatzaileek shock kolektibo bitxia nozitu dute joan den astean. Zeljko Obradovici argi guztiak itzaldu, eta Moskun CSKAren aurka galtzen ari ziren partidan bere jokalariak iraindu zituen, kamerak so zituela. Svetislav Pesicek Espainiako komunikabide txatxuenen doilorkeria errepertorio osoa jasan behar izan zuen berriz, baimenik gabe grabatutako purrustadak barne (eskerrak Josep Pedrerolek Real Madrilen aurkako liskarren morboaren usainean baino ipintzen ez duen bere arreta saskibaloian). Gasteizen, Velimir Perasovici taldea guztiz deskonposatu zitzaion 48 orduren bueltan: sasoi hasieratik arazo mordoxka antzematen zitzaion Baskoniari, eta bat-batean modu deigarrian amore eman du orain. Kroaziarrak bihar eta ostiralean ditu azken bi abaguneak azaroko madarikazioa bete ez eta lanpostua salbatzeko.

Ekosistema arriskuan. Obradovic, Pesic eta Perasovicen atakak aztertzean, eragile amankomun bat nabari da: jokalariekin behar den moduan komunikatzeko azkenaldian duten ustezko zailtasuna. Eremu irristakorra da. Izan ere, hiruren jardun publikoa soilik ezagututa, zaleok aldagelako informazio apur bat falta dugu haien taldeek igortzen dituzten zantzuak modu zintzoan interpretatzeko. Hala eta guztiz ere, teoria ez da berria Europako saskibaloian: entrenatzaile balkandar ezagunenek testuinguru zehatz batean bakarrik lortu ohi dute arrakasta, ekosistema hori eratzea gero eta zailagoa suertatzen delarik. Egun, ez da erraza txintik esan gabe gobernantza autoritarioa onartu eta gau eta egun azken izerdi tanta zukutu arte lan egingo duten goi-mailako zortzi edo bederatzi soldadu esaneko juntatzea. Gaurko jokalaria duela hogei urtekoa baino berekoiagoa da; ez du lehengoen larru lodirik. Azken perpaus horrek bigarren irakurketa bat ere onartzen du: dagoeneko tratu gizagaberik ez du hain erraz onartzen, zorionez, eta lantaldearen harmonia zaintzen ez duten lider histerikoek etorkizun gutxi dute kirol honetan.

Stockholmgo ezkontzak. Obradovicenaren moduko erupzio bat imajinaezina litzateke NBAn. Irudi publikoa —zuzentasun politikoa— milimetrora zaintzen du ligak, eta frankizia gehienetan izarrek entrenatzaileak baino askoz posizio blindatuagoa dute (LeBron Jamesek ez ohi dio inori baimenik eskatu aldaketa eskatu eta pistara irteteko). Fenerbahcen ari den mitoaren errespetu falta justifikatzen dutenek pisuzko argudio bat balia dezakete: urteetan zehar, jokalari asko ia semetzat adoptatu ditu Euroliga bederatzi bider irabazitako serbiarrak, eta batzuek beren ezkontzetara ere gonbidatu izan dute. Harreman horrek zenbat duen Stockholmgo sindrometik, protagonistek soilik zehaztu ahal dute. Hori bai, probatu eta zeharo konbentzitzen ez duten jokalariak traste zaharrak balira bezala zokoratzen ditu Obradovicek. Entrenatzaile balkandarrak beti egiten du berdin: pieza berriak taldean egokitzeko pazientzia gutxi azaldu ohi dute, eta akatsen tolerantzia baxua oso; marjinazio erabatekoa usu gertatzen da.

Kanalak hautsita. Ez da erraza asmatzea nolatan sartu ote zitzaion kontrako eztarritik Ilimane Diop Peras-i. Defentsan, eliteko estatistika aurreratuak ditu Diopek, minutuak kendu izan dizkioten hainbatek baino hobeak. Luca Vildozari egoerak gainezka egin dio (Argentinan psikologo batek lagundu ohi zion, Pato Garinok ere baliatu izan du akuilu hori). Shavon Shieldsek eskatzen zaiona ulertzen ote duen ez dago argi. Azken partidetako hutsarteak garrasika eman ditu Baskoniako entrenatzaileak, baina, metro erdi eskasera eserita badaude ere, hartzaileei ez zaizkie mezuak iritsi. Zarata iragazi eta komunikazio kanalak konpontzea ez da ezinezkoa. Baina jokalarien aurrean akatsen bere kuota onartzea eskatuko lioke Peras-i, eta ez dirudi bere estiloa. Igandera arteko kasketaldiak zuzentzen hasi ezean, Baskoniaren aulkiak apopilo berria izango du datorren asterako. Eta Josean Kerejetari behingoz tokatuko zaio balkandarra ez den norbaiti aukera —benetakoa, mesfidantzarik gabekoa— ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.