Danel Agirre.
SASKI DA!

Hiru entrenatzaile, hiru jokabide

2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kontrizioa. Baskoniaren joan den asteko susperraldiak abiapuntu ezohikoa izan zuen. CSKAren aurkako partidaren atarikoan, taldeak azaldutako gabezien arduraren puskarik handiena bere gain hartu zuen Velimir Perasovicek, autokritika zintzoa eginez. Minutuen kudeaketa traketsaren jakitun zela onartzeraino, eta zaleak horrenbeste ernegatu izan dituzten txandakatze murritz horiek zabaltzea hitzeman zuen. Agindutakoa benetan konplituko ote duen egiaztatzeko, hilabete batzuk beharko dira, baina Ilimane Diop berriz pisuzko rolarekin ikustea kantxan —ez nolanahiko emaitzarekin, gainera- aurrerabidea da. Eskura dituen piezak modu zentzuzkoagoan kudeatzea zergatik kostatu izan zaion horrenbeste galdetzean, (Miguel Gonzalezekin ausartzea geratzen zaio orain), bere adimenaren eta sentimenduen arteko talkaz hitz egin zuen Peras-ek. Toko Xengeliari atseden eman ezean, udaberrira porru eginda iritsiko den susmoa du berak ere. Jarraitzaileei dien begirunea dela eta, ordea, behar baino gehiago zukutzen du kapitaina, porrota saihetsezina denean ere irudia zaintze aldera. Egolatrez jositako gremioan, klubeko behargin kanonikoa da Peras. Prestigio pertsonala babesteko baliatu ohi diren mila mekanismoetatik, bat bera ere ez du bere errepertorioan. Zuzendaritzaren akatsak jendaurrean eztabaidatzeari ere uko egin ohi dionez, ez da harritzekoa Josean Kerejetak estimutan izatea.

Larderia. Baskoniaren presidenteari irribarreak egingo zion ihes, Joan Plaza Zeniteko entrenatzaileak asteburuan plazaratu oharraren berri izandakoan. Lau hizkuntzatan —espainiera, errusiera, ingelesa eta katalana, zehaztutako ordenan— eta bere logo propio ezin itsusiagoa zeraman dokumentuan, Euroligan azken putz den taldearen jardun kaskarra justifikatzen saiatu da Plaza. Steve Bannonen liburuxkatik ateratakoak diruditen aldarriak («ez laga engaina zaitzaten») eta argudio bitxiak tartekatu ditu. Zeniten azken hiru porroten aldeak, beste talde batzuek arerio berberen aurka izandakoak baino murritzagoak izan dira. Taldea dirudien bezain kaskar ari ez dela frogatzen du horrek, Plazaren munduan. Baina oharraren ekarpenik adierazgarriena ez dira egilearen argudioak, oharraren existentzia bera baizik. Bere burua zuritzeko sare sozialetan argitalpen bat zabaltzeko beharra sentitu izanak, eliteko saskibaloiko entrenatzaile baten egoa noraino puztu daitekeen erakusten digu.

Tentua. Badira profesionalak, beren estatusagatik eta mikrofonoa gobernatzeko gaitasunagatik, eztabaida publiko bat eragin dezaketenak. NBAn, Gregg Popovich da adibide paradigmatikoa. Pasa den astean, Spurseko jokalari bati hirugarren laurdenean adierazitako falta txatxu bat baliatuz, bi teknika jaso arte protestatu zuen, eta epaileek egoztea ragin zuen nahita. Komunikabideen arreta nahi zuen; izan ere, hierarkien logikari so, Becky Hammon laguntzaileari tokatzen zitzaion Popovichen lekua betetzea. NBAko sasoi erregularreko partida batean, lehenbizikoz emakume batek entrenatzaile nagusi moduan jardutear zela zirudien beraz, laurden eta erdirako izanda ere. Ez zen halakorik gertatu, ordea. Hutsarteak Tim Duncanek deitu, eta argibideak ere berak eskaini zizkien jokalariei. «Ez nago hemen historia egiteko», azaldu zien Popovichek kazetariei ondoren, epaileak zirikatzerako murtxikatuta zeraman erantzunean. Bere postua Hammoni lagako dionaren pertzepzio orokortua baretu nahi izan zuen. Tamainako urrats baten erantzukizuna egundoko fardela da, eta zama hori bien sorbaldetan ipintzea bidegabekeria. Saski Da! konplize da: dozena bat bider ekarri du zutabera Hammon azken urteetan, boluntarismoagatik gehienbat. Munduko kirol liga profesional handienek —NBA, NFL, Champions League...— emakumezko entrenatzaileak behar dituzte. Baina estreinakoak ez du zertan Becky Hammon izan(oharra: koherentzia ez da egilearen bertuteetako bat, eta Spursen aulkiaren ingurukoek tartea izango dute aurrerantzean ere espazio honetan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.